Raul Celada eta Katherine Ruth Tisalema izan dira helmugako lerroa igarotzen lehenak Behobia-Donostia lasterketaren 60. aldian. Lehia estuagoa izan dute gizonezkoek; lehen emakumezkoa, ordea, bakar-bakarrik iritsi da helmugara.
Celadak 01:01:28ko denbora egin du, eta atzetik heldu zaizkio Diego Mentrida, hamabost segundo geroago, eta Iraitz Arrospide, hemezortzi segundo geroago. Arrospide izan da euskal korrikalarien artean azkarrena. Aitortu du asko sufritu duela, baina harro dagoela egindakoarekin: «Urteko lasterketa bereziena da hau, nahiz eta helburu nagusia ez izan». Txakib Latxgar zen lasterketa irabazteko faboritoa, baina ez du nahi bezain saio ona egin, eta seigarren egin du.
Tisalemak, berriz, 01:09:34ko denbora egin du. Azaldu du «uste baino hobeto» egin duela korrika, ibilbidearen ezaugarriengatik: «Gehiago gustatzen zaizkit maldan gorako lasterketak, aldapan beherakoak edo lauak baino». Hurrengo urtean berriro aritzea espero du. Bigarren Noshin Mandoi Kimuge heldu da, ia minutu erdi geroago, 01:09:59ko denbora eginda. Hirugarren emakumea Maria Varo Zubiri izan da: 01:10:43ko denbora egin du. Maite Arraiza Aramendia izan da Euskal Herriko lehen korrikalaria.
Korrika bakarrik ez, esku bizikletan, patinetan eta gurpil aulkietan ere jende asko aritu da. Esku bizikletan aritu direnen artean Ivan Manuel Montero izan da azkarrena; Aitor Vacasek egin du denbora onena patinatzaileen artean, eta Alex Garcia izan da onena gurpil aulkian aritu direnen artean.
Hori bai, gaur Behobiatik Donostiarako bidean ez dira soilik lasterkariak aritu: jende mordoa izan da animatzen. Txaloka berotu behar izan dituzte gorputzak, hotz egin baitu Oiartzualde inguruan. Txaloka aritu dira, baina baita lasterkariei ura ematen, girotzeko musika jartzen eta baita aplikaziotik korrikalari ezagunei jarraitzen ere. Behobiatik hasi eta Donostiaraino, ibilbideko tarte guztietan bermatu dituzte txaloak, eta ez dute korrikalaririk utzi animatu gabe.
Inoiz baino emakume gehiago
Lasterketa guztian zehar egon diren animatzaileak jabetuko ziren inoiz baino emakumezko gehiago aritu direla aurten Behobia-Donostia herri lasterketan: korrikalari guztien %33,86 —28.000 korrikalarik hartu dute parte—. Hain zuzen, Fortuna kirol elkartearen helburuetako bat zen gizonezko eta emakumezko parte hartzaileen kopuru bera lortzea 60. urteurrena bete dutenerako. Lortu ez badute ere, inoiz baino gertuago ibili dira.
Ikusi gehiago
Ibilbidea iazko bera izan da, hau da, 20,196 kilometroko luzera izan du, abiadura handiko trenaren lanek eraginda. 09:30ean abiatu dira esku bizikletan aritu direnak —65 aritu dira—; bost minutu geroago, 09:35ean, patinatzaileak irten dira —153 aritu dira—, eta 09:55etik aurrera, oinezkoak. Azken lasterkariak 11:35ean abiatu dira.