Belaunaldi bakoitzak bere marka, memoria eta hutsune konpartituak dauzka. 90eko hamarkadan jaiotako belaunaldikooi ere hala gertatu zaigu. Geure helduek utzitako munduan hazi ginen. Onerako. Txarrerako.
Eszena sozialaz haratago, pantailen agerraldi basatiak badu ikustekoa egun nor garen ulertzeko. Geure nerabezaroek boom digitalarekin batera egin zuten eztanda. Ez da hutsala: aro analogikoaren eta digitalaren arteko zubian egin ginen adoleszente. Kultura konektatuan sukalderaino sartu ginen oraindik aljebra zer zen ere ez genekienean. Zeharo markatuta geratu zaigu hori, nolabait, geure historia partekatuan, izaera kolektiboan.
2000. urtean sortu zen MSN Messenger. Ipurdidun ordenagailuko pantailetatik lehenengo emoji animatuak bidali genizkion elkarri, lehenengo bideo-deiak egin genituen oraindik peluxeak zeuden logela haietatik. Gurasoek mesfidati eta beldurrez bizi zuten Interneten eta gure arteko harreman axolagabe-ezezaguna. Pantailak etxean hartzen hasi ziren espazioa eta denbora neurtu eta kontrolatu nahian (baina ezinik) ibiltzen ziren. Akordatzen? Berria zen denontzat. Guk, baina, barrutik bizi nahi genuen nobedadea.
2006 aldera Tuenti sare sozialak jan gintuen. Nerabe ginela Tuentin profil bat egiten ikasi genuen, geure autorretratua eta irudia manipulatzen genuen efektuekin (modan zeuden HDR, sepia, zuri-beltza…). Geure burua argazkietan errepresentatzea zer zen ulertu genuen, eta txat bidez hasi ginen jendea ezagutzen. Populartasuna Tuentiko lagun kopuruak markatzen zuen. Batzuek, tarteka, ligatu ere egiten zuten. Mezu pribatuak, iruzkinak, hondartza pareko fotoxexionak… horrek denak ematen zigun estatusa, horrek egiten gintuen Nor.
2009an Whatsapp eta smartphoneen erabilera masiboa heldu zen. Gu artean DBHn geunden oraindik. Gogoratzen, adinkide, geure Nokia potoloetan bidaltzen genituen SMS konprimatuez? «zln zauz? gro 17:00 plzn?» «ndo!». Ezin zen 160 karaktereko muga pasatu bikoitza edo hirukoitza ordaindu nahi ez bagenuen. Saldoak agintzen zuen. Letra bakoitza preziatua zen. Baina guatxapak ez zuen mugarik eta erruz hasi ginen mezuak bidaltzen. Etengabeko kontaktuaren plazera sentitu genuen lehenengoz. Lagunak eta maitaleak beti hor. 24 orduz online. Aldibereko presentzia-absentzia hori. Sentsazio hori berria zen.
Oraintsu sartu zaigu azken elefantea: adimen artifiziala. Alfa belaunaldiaren historia konpartituan ere traza utziko duena. Ezezaguna zaigun eta helduok domatu nahian gabiltzan piztia hori
2010 inguruan sartu zen Instagram mastodontea. Horrela lehertu zen bideo laburren garaia. Scroll amaigabearena. Lotsagabe makurtu genituen buruak trenetan, autobusetan eta klasean bertan. Gu hasi ginen mundu fisikoarekiko interesa galtzen, irudien abiadurak estasiatuta. Begiak argiei begira, beti estimulazio gosez.
2017an Tiktok. Honek gu ez gaitu hain betean harrapatu. Baina isatsa sentitzen dugu, sentitzen dugu algoritmoaren ufada hori.
Ez da erraza norbera definitzea baina geure belaunaldiaren barrenak ulertu nahi dituenak entzun dezala Merina Grisen kantaren bat. Ala? Hor noraezean, 90eko uzta:
«Esnatu gaitu espaloi bustien usainak/ Gure ahotan txikleen lehen segunduak/ Ametsen suak erretzen dizkigu erraiak/ Zer gera pantailak itzalita?/ Nostalgian galdutako arimak/ (E)ta trena hartzen ez dugunean/ Orduan, aske izango gara»
Oraintsu sartu zaigu azken elefantea: adimen artifiziala. Alfa belaunaldiaren historia konpartituan ere traza utziko duena. Ezezaguna zaigun eta helduok domatu nahian gabiltzan piztia hori. Garai hau denona da, noski. Garai honek denok zeharkatzen gaitu. Baina zer da nerabezaroa ezpada irrika beldurraren gainetik jartzea? Jakin-mina arriskuaren gainetik? Bizigura neurriaren gainetik? Akaso haiek ere, noizbait, atzera begiratuko dute eta ulertuko dute Nor diren eta zergatik…