Nireak inoiz ez dira iritzi egonkorrak. Kostata formulatzen ditut sententzia zehatzak, uste doiak, posizionamendu xehe eta aburu marmolezkoak. Ezintasun hori da neure buruari egunero egozten diodana, gaitz hori bera da egozten didatena. Ondotxo dakit firin-faran ibiltze honek eta epelkeria kronikoak ez duela inor salbatuko eta, tarteka, lagun bat edo beste uxatzen dizkidala. Ez dela, finean, funtzionala. Baina orri zurian libreago egiten nau galderak eta hausnarrak, kritika borobil-itxiak baino. Azken geruzaraino jaitsi eta ulertu nahi ditut esaten ditudanak, euren konplexutasunean; batzuetan mutu gelditzeraino. Kea, Argiak eta Kontraesanak du izena Marte Lasarteren azken diskoak; eta, daitort, nik ere ke-laino horretatik idazten dut gehientsuenetan. Beraz, barkaidazu, irakurle pragmatiko, hau ere ez da iritzi solido bat, bi lagun minekin igande goiz bateko gosalondoan izandako burutazio eta galdera multzo bat baizik. Arruntasun edo arrunkeriatik pentsatuak eta idatziak.
Instagramen ikusi nuen bideo batek eman zigun hizpidea. Kontatu nien goiz hartan Instagrameko reel batek liluratu ninduela. Kasik hunkitu ere egin nintzela. Opera kantari xelebre batena zen kontua, sopranoa. Itxura bitxia zuen, gaixo batena kasik (gorputz argala, azal zuria eta janzkera aristokratikoa). Bideo denak selfieak ziren eta jauregi batean grabatzen zituen. Bere kantatzeko modu birtuosoak, originaltasunak eta ezohiko presentziak zerbait mugitu zidan. Interesaren, morboaren eta liluraren arteko zerbait. Emozionatu ninduen. Baina profilean arakatu eta tarte batera… kolpea. Emakumea ez zen erreala. Adimen artifizialak sortutako profila baizik, hunkitu ninduen ahotsa ere prozesatua zen, antza.
Neure AA detektatzeko sudur txarra alde batera utzita, interesgarria egin zitzaidan gezurrak eragindako shocka. Engainatuta sentitu nintzen. Pikutara lilura. Pikutara miresmena. Pentsatu nuen (oraindik zirraratik), «eta orain zer egingo dut emozio honekin?». Lagunei bota nien galdera gero: «Zilegi da artifiziala den zerbaitek negarra eragitea?». Are, mirestea, maitemintzea, lagun egitea. ChatGPT moduko txatbotak, adibidez, bilatzaile izateaz gain, belaunaldi oso baten sostengu emozionalerako tresna bihurtu dira azken urteetan. «Zilegi da, beraz, emozionalki inplikatzea edo AA batekiko dependentzia psikologikoa sortzea?».
Emozionatu ninduen. Baina profilean arakatu eta tarte batera… kolpea. Emakumea ez zen erreala. Inteligentzia artifizialak sortutako profila baizik, hunkitu ninduen ahotsa ere prozesatua zen
J-k argi zuen. «Adimen artifiziala lapurra da. Ideiak lapurtzen ditu!». AA gizakiak historian zehar ondutako pentsamendu kritikoaren suntsitzaile zela zioen. Giza pentsamenduaz eta prozesu kritiko historikoez baliatu dela bere adimen pasiboa elikatzeko. Hizkuntza ikasi digu, teoriak kopiatu dizkigu, geuk egindako lanaz elikatzen da. Enpatiaren imitatzaile hutsa da. Lausengatzaile porrokatua. Lore saltzailea. Ondo daki prompt-aren araberako hiztegia modalizatzen, geuregana gerturatzen, etxean sentiarazten.
Bakardadearen kontrako aringarria dela gehitu zuen A-k. Baina «harreman interpertsonalen bertsiorik nartzisista eta berekoiena ere berean». Adimen artifizialarekin harreman unilaterala da. Koipea etengabe ematen digun lagun horietako bat izan liteke. Hogeita lau orduz eskuragai daukagun coach emozionala, psikologo esplotatua. Edozein erabaki hartuta ere geure alde egingo duen kide fidela, munduko hanka-sartzerik handiena egin arren, kaka-nahasteari alde positiboa ikusiko diona. Lagunak nekatu egiten dira, agenda okupatuegi dute, batzuetan ez dute erantzunetan asmatzen, beti ez daude libre, despistatu egiten dira, memoria txarra dute, entzun nahi ez duguna esaten digute maiz, haien problemak ere kontatu nahi dizkigute.
AA hor dago, beti, geure zerbitzura. XXI. mendeko esklabo emozionala. Inoiz nekatzen ez den laguna. J-k ondo esan bezala, «kapitalaren neurrira sortutako adimen perfektua», nekaezina, esanekoa, esplotatua. Geurea, geuretik eta geuretzat kontatuta ere, bere espazioa behar ez duen adiskide arretatsua. Egoa, bakardadea eta indibidualtasuna elikatzen duen hori. Geure zilborra puzten digun interfazea.
Baina hor atzean ez dago berorik. Gogoratu. Hor atzean ez dago inor.
Eskerrak lagunei.