Nahia gelatik ateratzen da bere zigarreta erretzera. Borta ideki ondoren ondokoari komentatzen dio eginen duena. «Ene adikzioen betetzera noa». Bildutako zigarreta eskuan, errudun. Berehala arrapostua botatzen dio ondokoak: «Erresistentzia egitera zoaz». Eta badoa. Tabakoa zurrupaka irenstera. Neguko palto kearen usainaz kutsatzera. Birikak kutsatzera. Larrua kutsatzera. Ikuskizunera berant heldu den jendearen azken aire hartzeak kutsatzera. Kanpoko airea kutsatzera. Mundua eta Gizaki osoa kutsatzera. Ustezko plazer ttiki baten truke. Adikzioaren menpe.
Nabari zaio azken urteotan zigarretarik gabeko eremuak biderkatu direla. Adin kontu, belaunaldi kontu edo moda kontu. Denak batera seguru. Mundu berriari erresistentzia egitea ote da daukan erretzeko joera? Baliteke, Txikizio hau dena Anariren bideoklip berrian bezala, bere burua publikoki erretzen erakustea probokazioa izatea. Lau, teilatu gainean antzerkian, Urzaiz elkarteko taldearen eskutik, amak erretzen duela aitortzean sinesgaitza dirudi. Deigarria baldin bada, arauetatik harago den jarrera bat bezala dela pentsatzen ahal da.
Agian, osasun publikoaren izenean zigarretazale guttiagok inguratzen dute. Arrunt punka litzateke XXI. mendean oraindik zigarretak erretzea. Kokaina xurruflatzea normalizatu den mende hasiera horretan. Prezioaren aldetik, bat bestea baino karioagoa da. Kokaina adikzio popularra izan daiteke? Segur aski. Tabakoak galdu du bere prestigioa, jende klase ezberdinek ber produktua kontsumitzen zutelarik. Barne aseptizatuetan doaike keari gaina hartu dio usainik uzten ez duen produktuak: sumaezina da.
Kulturaren parte bada adikzioa. Baina nork diseinatzen ditu gure adikzioak? Film, antzerki, musika bideoklip, publizitate, liburu… Azken hamarkadan agerikoa da zigarretaren desagertzea plaza publikoan, jatetxe eta ostatuetatik landa. Alde batetik estatuen debekuen ondorioz; bestalde, tabako lobby-en ttipitzetik. Hori, beste lobby batzuen probetxuko. Diotenez, LGBTIQ+ komunitateak zigarreta gehiago erretzeko joera luke. Hain zuzen, tabako industriak jomuga berritzat daukan komunitate horri begira dago. Hor ere minorizatuak diren identitateen zentzura doa.
Bada ere publiko gaztea seduzitzeko kanpaina argia Puf zigarreta joankorren salmentaren bitartez. Gustu ezberdinak, elektronikoak eta tabakorik gabekoak. Pestetan erabiltzeko idealak. Gazteen adikzioa eraikitzeko eginak: erretzeko mugimendua, ahoan airea sartzeko sentsazioa, birikak betetzeko ohitura eta kea botatzeko gaitasuna. Errondak sortzen ahal badira matraila deslotuz, hobe. Haurren gisara, saboizko burbuilen antzekoa.
Zigarreta erre ondotik, xantzaz, paretaren kontra lotua zen hautsontzian bota ahal izan zuen mutur hura Nahiak. Ikusgarria eta gero, tabako paketearen barruan xerkatuko du filtro bat. Ezin atzemanez ibiliko da. Zakuan eta paltoaren sakeletan bila eta bila, baina deus ere ez aurkituz. Bitartean, gibelean zuen mutikoa jende guzien erdian ariko da zigarro elektronikoari zupa eta zupa. Marrubi-martxuka nahasketa usain artifizial bat hedatuz gelan. Nahiak, aldiz, ez du nehor atzemanen filtro bat emango dionik.