2007. urtean argitaratu zuen Jokin Muñozek Antzararen bidea nobela, garai hartan asko gomendatu nuen lan bikaina. Liburuaren pasarte batean, protagonistetako bi Donostiako taberna batean sartu dira; Realaren partida bat dago telebistan jarria, Andosillako River Ega taldearen kontrakoa. Atzelari txuri-urdin guztiei aurrea hartuta gola sartu dute nafarrek eta tabernako bezeroen haserrea piztu. Purrustaka hasi dira: jokalari batzuk paketeak dira, atezainari erretiroa eman behar zaio... Seguru asko idazleak pentsatu ere ez zuen egingo handik urte batzuetara bere seme-alabetako bat egoera bertsuan egongo zela, Realeko atzelari bihurtuta, kritika garratzen jomuga ere bai sarri. Baiki, 10 urte zituen orduan Aihenek eta Zizurreko Ardoi klubean ziharduen futbolean, oraindik Zubietara iritsi gabe, txiki-txikitatik amesten zuena betetzera.
Etxauriko plazan baloi bati emandako lehen ostikadekin hasi eta iaz arteko bere ibilbidea (pena da Sevillako finala beranduago iritsi izana) liburu batean jaso digu Aihenek, aitaren bideari jarraikiz: Cartas a Aihen. Besteak beste, bere buruari idatzitako gutunak biltzen dituena. Imanol Ibarrondok aitzinsolasean aurreratzen duen bezala, bere zauriak, beldurrak, pozak, bozkarioak eta aurkikuntzak zintzo eta garbi azaldu dizkigu futbolariak. Ez naiz ni coach-en munduaren oso zalea, baina ez (kalitatezkoak direnean) baliagarri iruditzen ez zaizkidalako, aspaldion iruzur eta itxurakeria gehiegitxo ikusten dudalako baizik; betekada sortu didalako ere bai. Coaching ariketa ona ere bada liburua, baina hori baino askoz gehiago erakutsi digu gure protagonistak bere gogoeta, bizipen eta gomendioak irakurleekin partekatzean.
Adibidez, gaur egungo futbol profesionalaren erradiografia zehatza eskaini digu barrutik Aihenek, bost fase edo garairen arabera antolatutako idazlanean, bakoitzak bere egoera mental ezberdin bat ordezkatzen duena. Testuinguru horretan, aipatzekoa da sare sozialek gaur egungo futbolari gazteengan sortzen dituzten itoaldien deskripzio gordina. Aitaren nobelan futbolzaleek tabernan purrustadak botatzen bazituzten, semearen egunerokoan sabotatzaileak (sic) dira sareetan etengabe irainka ari zaizkienak. Hitz gogorra aukeratu du errealitate hori adierazteko, baina beraiek ezagutzen dute inork baino hobeto Interneteko zulo beltzetik jasaten duten guztiaren zama. Familiaren garrantzia ere azpimarratu du orrialdeetan zehar, noiz eta batzuk familiaren dekonstrukzioa aldarrikatzen ari diren garaiotan.
Futbol profesionalaren erradiografia zehatza eskaini digu barrutik Aihenek [...] Testuinguru horretan, aipatzekoa da sare sozialek gaur egungo futbolari gazteengan sortzen dituzten itoaldien deskripzio gordina
Irakurle ona dela erakutsi digu Aihenek bere liburuan, nahiz eta tamalez aitaren sorkuntzen iruzkinik ez duen egin. Kuriositate hutsagatik besterik ez balitz ere, gustura irakurriko genukeen horrelako aipuren bat. Estoikoak ditu maite, aitortzen duenez. Hauen artean, Senekarena bagenekien, aitak aurreratu zigun hori orain pare bat urte hemen bertan Geldia izeneko testu hunkigarrian, semeak (beste) lesio gogor bat izan zuenean: «Seme batek deitu berri digu, Egeoko kostaldean bizi da, Donostian. Gurera bolada luzea pasatzera dator, ezindua baitago. Seneka dakar makulu». Estoikoekin jarraituz, Marko Aurelio ere oso du gogoko. Bitxia da, duela hamarkada batzuk Marko Antonio bat (Boronat) miresten genuen Realean eta orain Marko Aurelio bat jarri du gazte honek modan bere inguruan, eta aurelianoen tribua sortu.
Daniel Landartek Aihen ahula liburua idatzi zuen 1982an, haur denborako memoriak. Horrela ikusten zuen donoztiritarrak gaztetan bere burua, metafora polita, nahiz eta hitzaurrean Gexan Lantzirik argitu zigun ez zela bere adiskidea, inondik ere, aihen ahula. Gure Aihen hau ere ez da aihen ahula; aihen sendoa da Aihen. Ahuldadeen onarpenek eta barne begiradek sendotu dutena. Burua ondo jantzia du; ez dabil, beraz, bururik gabeko antzararen bidea egiten, aitaren nobelakoaren gisa. Futbolari gazteek eta hauen gurasoek irakurri beharko lituzketen hausnarketekin agertu zaigu plazara. Batez ere gurasoek. Senekak berari nola, berak besteei hala: Aihen Muñozek makulu baliotsua oparitu die behar dutenerako.