mikel elorza

Albora egin

2026ko azaroaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hamar bat egun espainol-euskaldunok egin genuena, erlojua ordubete atzeratzea, horixe proposatu zidan lagun batek egunero egitea. Egitasmo bati heltzeko astia falta nuela esan eta halaxe bota zidan, atzeratzeko ordubete erlojua. Eguna luzatutako ordua gero gauari kendu beharko niokeen, horraino ez ginen iritsi, baina irribarrea atera zidan burutazioak. Ez oso luze: irribarrea lurmendu zidan okurrentziaren tripetara joateko nire joerak.

Denbora dudanez faltan, denbora irabaztea zen erremedioa.

Eta otu zitzaidan, gogoetaren hariari tiraka, kontrakarrean eraikitzen ditugula kontzeptuak. Tarteka bada ere, denbora galtzea, galdu ahal izatea, bilatu beharko genukeela, segundoen konkista estresantean ito ordez. Saiatu beharko genuke batzuetan aldrebes pentsatzen: iparra galtzeak kezkatzen gaitu, ohartzeke hegoak galtzea dela tristeena. Gure espirituaren orratza ipar hotz zurrunari noratuta bizi gara, hotz, oso hotz. Eta beroan ere baldar moldatzen gara, kontzeptuak konfunditzeraino: gerrak irabazten egoskortuta, adibidez, bakea irabazten ahalegindu gabe.

Gatozen, baina, denborara. Denbora da gauza hori zuk sumatu ere egin gabe begien aurrean ihes egiten dizuna zu denbora irabazten ahalegintzen ari zaren bitartean. Denbora irabazi, ez galdu! Inperatibo kategorikoa dirudi, jainko baten mandamentua, fede zorrotzenaz barneratu duguna egin beharreko guztiak egiteko astirik ez daukagula jakitun, baina egin behar ditugulako ustean. Askotan, irudi luke gu geu garela orduari aurreratu nahi gatzaizkionak, denbora baino azkarrago joan nahi dugula. Eta hori ezin litekeen gauza da, Einstein asko haserretu behar bazaigu ere.

Bizitzeko lan egin beharrean lan egiteko bizi gara, eta hori gutxi ez eta lanetik kanpoko denbora ere zereginekin betetzea bihurtu dugu katixima berria

Aspermenaren apologia ez dut eginen –edo bai?–, ni ere ezinbestean Jardunean ekipokoa bainauzu, irabazleen taldekoa, Egonean-eko galtzaile nagiei aise nagusitzen zaien horretakoa. Garaile bai, baina, zer irabazten dugu? Denbora ez, behintzat. Seguruago antsietate atakeak eta estres kroniko bat. 

Eta hori ohartzen garela (ia denak) paradisua beste aiekan dagoela. Paradisua, baita Adam eta Ebarena, erlojurik gabeko lorategi bat zela, funtsean. Ordularirik gabe egotea lortzen dugun une horiek loriatzen ditugu, eta hain da hala, minutuak asko pasatuta ere ziztuan joaten zaigula denbora. Laburrak egiten zaizkigu denboraren menpe ez gauden uneak, baina zein plazerezko. Denborari erreparatu gabe gaudenean joaten da denbora azkarren: ez al da hori denboraren erlatibitatearena, Albert maitea?

Baina halako tarteak ez dira asko. Gehienetan lanean ari gara, lana bai baita gure bizimoduaren ardatz nagusia, rh negatiboak bainoago ezaugarritzen gaituena; langile hitzak karga positiboa du eta alfer hitzak negatiboa. Bizitzeko lan egin beharrean lan egiteko bizi gara, eta hori gutxi ez eta lanetik kanpoko denbora ere zereginekin betetzea bihurtu dugu katixima berria. Aisialdia, niri gero eta izu handiagoa eragiten didan hitza da. Garai batean aisialdiaren sinonimoa izan zitekeen «denbora librea», gaur egun «denbora okupatua» deitzea zuzenagoa da. Hizkuntz ikasle eternoak ematen dugu, etengabe hutsuneak betetzen.  

Etxeak masiboki okupatu beharrean, esate batera, bizimodua da okupatzen duguna, gaixotu arte: BOS, orkestra sinfoniko bat izateaz gain, bizimodu okupatuaren sindromea ere bada. Eta hori jotakoak asko gara, denboraren okupa profesionalak.

Hurrengo ekinokzioan berriro mahaigaineratuko zaigu galdera: ordua atzeratu edo aurreratu? Delirium tremensa gogorra izango bada ere, nik hautatu dut erantzuna: albora egin.

Gaiak
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA