Inaki Galdos

Artekariak

2026ko irailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gauza ezaguna da euskal pilotak apustuaren munduarekin lotura izan duela hastapenetatik, elkarrekin izan duten harremana banaezina izan dela sarri(egi) eta horrek sekulako arazoak ekarri zizkiola gure kirolari, gure kirolaren garbitasunari: xextrak, epaiketak, borrokak, kexuak eta beste hainbat gertakari triste sarri(egi) gertatu dira historian zehar, besteak beste pilotari, enpresari eta artekari askoren jokaerak susmopean jarri dituztenak. Horrek guztiak, jakina, kalte handia eragin dio pilotaren sinesgarritasunari sarri(egi). Irtenbide zaileko sorgin-gurpil batean mugitu izan da historian zehar gure kirol hau. Apustuak erdigunean jartzeak zituen arriskuez jabetuta, baina apusturik gabe etorkizun latza zegoelako kezkatuta, izututa.

Azken mendeetan zehar asko izan dira pilota/apustuak bikotea hizpide hartuta gertaera eta pasadizoak kontatu dizkiguten historialari eta kazetariak. Manuel Larramendirekin hasi eta Jose Antonio Azpiazurekin buka, Antonio Peña y Goñi, Juan Irigoyen, Luis Bombin, Rodolfo Bozas-Urrutia, Miguel Pelay Orozco eta beste asko eta asko ditugu gure apalak liburu ederrez bete dizkigutenak, barka biezadate aipatu ez ditudanak. Berrikiago, Juan Ignazio Zulaika adituak ere behin baino gehiagotan lotu du mundu zabaleko hainbat lurraldetan izan den zesta-puntaren gainbehera apustuen galerarekin (ez horrekin soilik, jakina). Herrialde batzuetan apustuzaleek frontoietatik at beste aukera batzuk aurkitu zituztelako; beste batzuetan apustuak debekatu zituztelako.

Gurean ere izan ziren pilotalekuetan apustuak debekatzeko ahaleginak. Ezagunena, Bilboko zinegotzi sozialista Facundo Perezaguak 1897an eginikoa. Ez zen aurrera atera, besteak beste —edo batez ere— udaleko zinegotzien artean Abando, Euskalduna eta beste pilotaleku batzuetako akziodunak ere bazeudelako. Baina oso bizia izan zen garai hartan eztabaida pilotaren munduan. Tongoak, iruzurrak eta enpresarien diru-gosea denen ahotan zeuden orduan. Madrilen ere, euskal pilotaren hiriburu nagusietakoa orduan, egon zen apustuak desagertzearen aldeko aldarrikapenik, adibidez Daniel Rodriguez, Leinad, kronistarenak. Apustuen desagerpenak abantailak besterik ez zituzkeen ekarriko bere ustez. Baina bai han eta bai hemen, erantzuna beti izaten zen berdina: apusturik gabe izugarria izango da pilotaren galera. Bide batez, adituek diotenez artekariak Bilboko pilotalekuetan hasi ziren modu ofizialean lanean.

Baina pilotalekuko apustuak aspaldi utzi zion zorionez kirol (negozio) honetako erdigune izateari. Aspaldi utzi zion garai bateko gatazka iturri izateari. Itzaltzen ari den mundu bat bada, itzali dadila modu naturalean

Horrela iritsi gara XXI. mendeko bigarren laurdenera. Gaur egun, oker ez banago, Galarretan ditugu bakarrik artekariak pilotalekuetan, eta denok dakigu nolakoa den erremontearen egoera. Eskuzko partidetan posturarik ez, momiorik ez, teniseko pilotetan papertxorik ez hegal egiten. Monopolioaren eta artekarien arteko talka konponezina omen da. Baina ez oparotasuna kudeatzeko, ia-ia ogi-apurrak baitira gaur egungoak garai bateko apustuen sosekin alderatuta. Sarri txalotu ditugu pilota enpresek azken hamarkadetan egin dituzten zenbait urrats gure kirola modernizatzeko. Baina beste zenbait kontutan setati dabil egungo monopolioa, hobeto zaindu beharko lituzkeen pilotaren munduko eragile asko gutxiesten. Jakina, ez da artekariena arazorik larriena giro ozpindu honetan, baina hori ere bada.

Ez da hau jokoaren aldeko aldarrikapena, jokatu nahi duenak badakielako bestela ere non jokatu. Baina pilotalekuko apustuak aspaldi utzi zion zorionez kirol (negozio) honetako erdigune izateari. Aspaldi utzi zion garai bateko gatazka iturri izateari. Itzaltzen ari den mundu bat bada, itzali dadila modu naturalean. Ezer baino gehiago ondare kultural, estetiko eta antropologikoa da mundu hori gaur egun. Artekari, ohiko apustuzale eta (noizean behin) gazte kurioso gutxi batzuen arteko jokoa (eta jolasa), pilotalekuan giro polita sortzen duena, dirurik jokatzen ez duen pilotazaleak ere atsegin duena. Horregatik nahi ditugu artekariak bueltan pilotalekuetan. Baina, egoera ikusita, oso azpitik joka dezake itzuliko direla jokatu nahi duenak. Ez da seinale ona.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA