Umetan ekarri zuten Senen Arzuaga Durangotik Oñatiko Urruxola auzoko abade etxera, ama alargundu zitzaionean. Jovita Lasagabaster, berriz, leinztarra zen, Aretxabaletako Aozaratza auzokoa. Oñatin ezkondu eta familia sortu zuten, azpimarratzea merezi duen familia, aste hauetan bertan urrats berri bezain hunkigarriak egingo dituena, aurrerago ikusiko dugun moduan.
Arzuaga Lasagabaster anai-arrebetan Jabier (Oñati, 1928-Atlanta, 2017) izango da seguruenez ezagunena gure artean, neurri handi batean Angel Gonzalez Katarain eta enparauek plazaratutako historiaren ondorioz, protagonista berak idatzia bai, baina gordea zeukana. Kuban, frantziskotarren kidea zen Arzuaga bertako iraultzak irabazi zuenean, lehen meza eman eta handik gutxira Arantzazura bidalia. Pozez hartu zuten garaipenaren berria (komentuan iraultzaile batzuk ere ezkutatu izan zituzten, diktaduratik ihesi), baina laster etorri zitzaion desengainua. Bost bat hilabetez ia hirurogei fusilamenduren testigu izatea tokatu zitzaion, bere parrokiaren barrutian baitzegoen La Cabaña kartzela. Gauerdian izeneko liburu gogorrean (2010) Che Guevara eta Fidel Castrorekin izandako bilerak kontatzen ditu, hainbat bizitza salbatzeko bere ahaleginak, hiltzear zeuden gizonen eta hauen senideen gogoetak eta abar luzea, Oñatitik bueltan berriz Kuban sartzen utzi ez zioten arte. Beranduago, zeharka bada ere, Miel Anjel Elustondok ere ekarri zituen Arzuaga eta beste frantziskotar euskaldun asko Erlea aldizkarira, Martin Odriozola Anoetako zesta puntistaren Kubako ibilerak kontatu zituenean.
Jabier baino zaharragoa zen Migel Anjel Arzuaga (1925-1960). Gazte hil izanak eten zuen bere arte-ibilbidea, sarri saritua izan zena eta ordura arte adituek asko goraipatu zutena. Esaterako, Oñatiko paisaia-margolaria deitu zion Flores Kaperotxipi handiak bere aipamenetako batean. Zorionez, duela urte batzuk Migel Anjelen lana katalogatu zuen familiak eta hala dago jasoa 2010eko liburu batean. Bide batez, Jabierrek idatzi zuen liburuko hitzaurre ederra, ordurako fraide izateari utzia zion anaiak.
Iruditzen zaigu zertzelada hauek nahikoa direla herriz herri egon diren eta oraindik dauden familia ezezagun askoren historia zirraragarriak gogoratu eta haien memoria aldarrikatzeko
Jose Mari anaia (1932-1967) ere goiz zendu zen, beste istripu baten erruz. Musika zen beste Arzuaga honen pasioa eta arrakasta handiak izan zituen, batez ere Irrintzi izeneko otxote ospetsuarekin. Hiru disko txiki ere grabatu zituen zortzikoteak. Konpositore lanak ere egin zituen. Hona iritsi nahi genuen. Kontua da, Jon Mestre Arzuaga, 19 urteko piano jole gaztea Oñatira joango dela igandean (gaur bertan Erroman dago Manuel de Fallaren omenezko kontzertu batean) eta Oñati abesbatzarekin batera kontzertua emango duela aitonaren lau pieza koru eta pianorako berak moldatu ondoren, hasieran ahots bakarrerako sortuak baitziren. Bihotz baten ordean abestia da horietan ezagunena, agian ezagun bakarra, Lesakako Ordoki anai-arrebek ederki abesten zutena. Ezagutu ez zuen aitona hil zenetik ia sei hamarkada igaro direnean gertatuko da hori. Zoragarria da historia, ez herrikoentzat bakarrik.
Eta hori guztia prestatu eta gertatzen den bitartean, ehun urtera bidean doan Asun Arzuaga Lasagabaster arreba geldiezinak beste antzezlan bat idatzi du, Ospitaleko gorabeherak! izenekoa, eta dagoeneko prest dago Ikusi Makusi taldea Hegoaldeko hauteskundeen bezperan antzezteko; ez da plan txarra gogoeta egun baterako. Barkatuko ahal didate arzuagatarren artean aipatu ez ditudan guztiek, baina iruditzen zaigu zertzelada hauek nahikoa direla herriz herri egon diren eta oraindik dauden familia ezezagun askoren historia zirraragarriak gogoratu eta haien memoria aldarrikatzeko.