Benetan da interesgarria egunkari hau igandeko Iparraldeko hauteskundeen kariaz ematen ari den informazioa. Madrilgo Collado Villalva herrian larunbatean zer gertatu zen honezkero mila lekutan entzun eta ikusi du Hegoaldeko jendeak, baina nekez jakingo du Miarritzeko auzapez izateko lehian jazotzen ari dena. Interes handirik ere ez du jarriko, hori ere onartu beharko dugu. Sarri esan dugu bekaizkeria puntu batekin ikusten dugula batzuok Iparraldeko hauteskunde sistema. Gabeziak gabezia. Alde batetik bi itzulikoa delako, lehenengotik bigarrenera bitartean aliantza berriak josten ahalbideratzen duena. Bestetik, hautagaitzak osatzeko orduan alderdiek Hegoaldean baino pisu txikiagoa dutelako, herritarren zerrenda zabalak osatzeko kultura errotuago dagoelako. Horietako asko alderdien babesarekin, jakina, baina irekiagoak. Iparraldeko adiskideren batek esan izan dit idealizatuegia dudala hori guztia, baina hala ere nik hura nahiago. Bitxia da ikustea, adibidez, hainbat tokitan nola sortzen diren zerrenda berriak sei urte lehenago elkarrekin joan ziren hautagaien artetik, baina orain elkarren kontra lehian.
Santurtzira ekarri nau gogoeta honek. Izan ere, pasa den ostegunean aukeratu zuten alkate berria, jelkidea, nahiz eta EH Bilduk aurkeztutako alkategaiak —Elkarrekin koalizioaren babesarekin— boto gehiago jaso zituen osoko bilkuran. Horrelakoa da hauteskunde legea. PSEk emandako boto zuriak salbatu zuen auzapez berria. Sozialistek bi helburu bete zituzten horrela: EAJrekin zuten haserrea —eta bere bakardadea— agerian utzi baina, aldi berean, Eneko Anduezak agindutakoa bete: ez zutela legealdi hasieran bi alderdietako buruzagiek sinatutako akordio orokorra Santurtzin apurtuko. Bestela ere badituzte hamaika arazo euren artean, orain beste su bat pizten hasteko.
Zalantza bat sortu zitzaidan osoko bilkura hura Euskal Telebistako Egun On Euskadi programatik jarraitzen ari ginela, eta hala bota nuen zuzenean: zinegotzi sozialista haiek benetan askatasuna izan balute beste era batera jokatzeko, eta ez goikoen (ustezko) inposizioa, ez al zen orain alkatea ezker abertzalekoa izango? Ez daukat jakiterik baina badut susmoa horrela izango zela. Sakonean, lau urtetik lau urtera —eta Santurtzikoa bezalako krisietan— behin eta berriro izaten dugun eztabaidagaia da hori. Zergatik ez duten tokian tokiko zinegotziek askatasun handiagoa horrelako erabakiak hartzeko. Horrelako erabakiak eta beste era batekoak.
Alderdiek jartzen duten galbahea malgutu egin beharko litzateke, bere herrietako ordezkariek libreago joka dezaten
Egoera idiliko batean denok —edo gehienok— emango genioke baiezko borobila horrelako proposamen bati, nahiz eta bere arriskuak ere badituen. Baina, horrekin batera, ahaztu ezin dugun beste errealitate gordin baten aurrean ere bagaude. Izan ere, kontua hobetuz joan den arren, beste askatasun falta nabarmen bat ere izan da gurean, oraindik ere noizean behin agertzen dena. Hamarkada luzez guztiok ezagutu ditugu alkate eta zinegotziak izututa, ideologikoki erabat kontra zeuden arren mozio baten alde botoa ematen, lantokian, kuadrillan, kalean, txikiteoan lasai jarraitu nahi zutelako. Edota azken orduko gaixotasun bat asmatzen osoko bilkura egingo zen aretoan iragarria zegoen presio ikaragarria pairatzeko indarrik ez zutelako. Horrela hartu dira hainbat eta hainbat erabaki gure udaletan; eta onartu hainbat eta hainbat mozio.
Baiki, askatasun handiagoa beharko lukete herriaren alde lan egiteko udaletara sartu diren emakume eta gizonek. Alderdiek jartzen duten galbahea malgutu egin beharko litzateke, bere herrietako ordezkariek libreago joka dezaten. Baina onar dezagun beste errealitate hura ere, beste askatasun falta nabaria, sekulako kaltea egiten duena. Alderdi batzuetako ordezkariek beste batzuek baino gehiago sufritu dutena. Bi kontu horiek hobetuta agian errazagoa izango litzateke hauteskundeetako zerrendak osatzea. Gero eta lan zailagoa, bide batez esana.