Juan Kruz Lakasta
ARKUPEAN

Badoaz

2017ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Gazteok, nik zuek sinetsiko ez zenituzketen gauzak ikusi ditut: Andoni Ortuzar Sabin Etxearen aitzinean Star Trek telesaileko pertsonaien moduan mozorroturik, Juan Jose Spok Ibarretxe lehendakariaren ondoan; Patxi Lopez lehendakaria New Yorkeko tren batean, ETAk behin betiko su-etena iragartzen zuen bitartean; eta abertzaleak versus konstituzionalistak ardatza indarrean, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hauteskunde edota inkesta aztertzeko tenorean. Antza, oroitzapen horiek guztiak denboraren poderioz galtzen ari dira, malkoak euripean nola.

Berriki, EITBk euskalautonomiaerkidegotarren boto asmoari buruzko inkesta plazaratu du: Sandiak azpimarratu du EAJren eta PSEren artean gehiengo osora iritsiko liratekeela; Berendiak, EAJk eta EH Bilduk erdietsiko luketela igoerarik handiena. Baina inork gutxik nabarmendu du alderdi abertzaleek botoen %63,1 patrikaratuko lituzketela, edota erabakitzeko eskubidearen aldekoak bozen %74,4ra iritsiko liratekeela.

Demoskopikoki zeinen hurbil dagoen Katalunia. Politikoki, zeinen urrun.

Esan gabe doa PPk eta PSEk galduriko boto hainbat EAJren poltsara joan direla, eta egoera hegemonikoan goxo, jelkideek ez dutela abentura sediziosoetarako batere gogorik. Aitzitik, ez dut uste hori faktore bakarra denik.

CUPeko David Fernandezek eta Catalunya en Comu-ko Xabier Domenechek musuak bidali dizkiote elkarri Twitterren, Jordien espetxeratzearen aurkako mobilizazioen karietara. Carlos Puigdemont presidenteak publikoki txalotu zuen Ada Colau alkatea, Ā«erakundea arriskuan jarri gabeĀ» erreferendumaren alde eginen zuela iragarri zuelarik.

Euskal Erdian nekez halako keinurik. Euskal Erdian, bidelagun beharko genukeen aurkari politikoari egurra beti huts egiten duenean, eta, hainbatetan, baita asmatzen duenean ere.

Kataluniarrak gero eta gehiago miresten ditut, baina ez nituzke mitifikatu nahi: epe motzeko hauteskunde interesek itsuturik PPk Estatuta kimatu izan ez balu, ez leudeke dauden lekuan; M15ak, murrizketek eta ustelkeriak osaturiko ekaitz perfektuak CiU botere galeraren amildegiaren ertzera bultzatu izan ez balu, ere ez.

Bi baldintza horiek ezinbestekoak izan dira, baina ez aski. Ezinbesteko beste baldintza batzuk eraiki egin dituzte, behetik gora eraiki ere. Herrietan, auzoetan, talde txikietan, urteak eman dituzte ezberdinen arteko harreman sare konplikatuak ehuntzen, demokrazia zuzenean sakontzen, komunitatea(k) sortzen eta ahalduntzen. Sekulako altxorra printzerriko gizartearentzat, ez Errepublika berria sortzeko soilik.

Gogoan dut ETAk behin betiko su etena iragarri zuelarik, Mikel Aramendi handiak Euskadi Irratian esandakoetako bat: espero zuen, alde guztietako indarkeria desagertzeaz gain, aurrerantzean euskal gizarteak ez zigortzea horren gogor disenso politikoa. Zenbat bide egiteko, oraindik.

Badirudi gaur Katalunian E eguna dutela, eta O ordua. Independentzia aldarrikatuko dute... Ala ez. Lerrook idazten ari naizelarik, albisteak arrapaladan datoz: Puigdemont ez doa Senatura, Omniumek independentziaren aldeko elkarretaratzea ostiralera atzeratu du, PPk dio edonola ere 155a aplikatuko duela...

Halako batean, begirada ordenagailuko pantailatik esku-telefonoarenera pasatu dut, kanpai hotsak erakarrita. Mezua intsumiso preso ohion taldean. Kataluniako lagun batena da. Espetxera sartuko direnentzako dekalogoa prestatzen ari dira, eta hori osatzeko laguntza nahi dute. Lagunak dio ehunka lagun prestatzen ari direla espetxean sartzeko. Ehunka. Badoaz, mundua txunditu duen desobedientzia zibil ez bortitzaren bidetik. Eta gu ez goaz. Oraingoz...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.