Maddi Aiestaran

Baloiaz harago begia

2026ko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Futbolean jokatzea beste desiorik ez nuen bizitzako momentu batean, urruti antzeko futbol-kanpaleku batzuetan izan nintzen. Fantasia bat niretzat, bizitzako momentu hartan: goizean, entrenamendua, eta arratsaldean, entrenamendua. Lo egin, eta berriz berdina; horrela igaro genuen astebete, kokatzen jakingo ez nukeen futbol-zelaiz jositako lur zati hartan.

Diren abilidade denak eskuratu dituenaren konfiantzarekin bueltatu nintzen etxera. Asko-asko-asko ikasi genuen sentsazioarekin eta inongo entrenatzaile eta prestatzaile onenak ezagutu genituela sinetsita. Spoiler, ez zen hainbesterako. Kontua da entrenamendu haietako batean entzundako zera batekin akordatu izan naizela gerora ere batzuetan. Futbol-zelai batetik beste futbol-zelai batera bidean zegoen kaseta batean, esplikazio teorikoa eman behar zigun prestatzaile batek. Han sartu ginen motibazioak belarrietatik gainezka egiten zigun hogei tipa gazte, eta aulki eroso xamar batzuetan jarri ginen pantailara begira. Sei minutuko bideo bat zihoan hastera. Eta zera egin behar genuen: 11 zenbakiak begirada noranzkoz zenbat alditan aldatzen zuen zenbatu; literalki zenbatu, bat, bi, hiru, lau... Pixka bat estresagarria izan zen ariketa, baina denok ulertu genuen moraleja: «Inportantea da denbora guztian jokoaren inguruko ertz guztietara adi egotea eta etengabe jartzea baloiaz harago begia». Burua geldi mantendu ezinda pasatu genuen entrenamenduaren bigarren partea: begirada ertz batera, beste batera eta beste batera eramanez propio, gertatzen zen ezer ez galtzeko, den-denaz konturatzeko eta dena delakoari azkar erantzuteko. Prestatzailea futbol-zelaiko jokoaz ari zen; ari zitekeen futbol-zelaiaren ingurukoaz ere.

Gustura esango nioke baloiari segika itsututa dabilen edonori behin entrenatzaile hark guri esandako gauza bera: inportantea dela denbora guztian jokoaren inguruko ertz guztietara adi egotea eta etengabe jartzea baloiaz harago begia

Baloiaren atzetik dabiltza begiak han eta hemen eta hemen eta han. Besteri arretarik jarri gabe, baloi berberaren atzetik beti. Eta azken egunotan, motibazioak belarrietatik gainezka egiten die askori eta askori: Espainiako Errege Kopako finala jokatuko du Realak bihar. Balkoiak GUazen Reala-z jantzi dira. Eskaparateetan alde batetik bestera kolokatu dituzte bufandak, panpinak, kamisetak. Denden izkinetan salgai jarri dituzte Realeko pultserak eta biserak. Ardiei ilea tindatu die baten batek. Bizikletaz abiatu da besteren bat Donostiatik La Cartujara. Pegatinak, pankartak, pintadak daude kaleetan, biharko datarekin. Herri eta auzoetako futbol, pala, pilota txapelketetako partidak egunez aldatu dituzte. Asanblada batean erabaki da gaztetxeko musika etengo dutela partidua hasi baino minutu batzuk lehenago. Sevillako hotelak, apartamentuak, ostatuak, jatetxeak, kaleak gainezka daude. Pantaila erraldoiek hartu dituzte Gipuzkoako plazarik handienak. Gelditu egin da dena. Sevillan dago baloia eta hara begiratu beharra dago; pixka bat estresagarria da, baina hori da ulertu behar dena.

Futbol-zelaiz jositako lur zati honetan, futbolean jolastea ez ezik, interesatzen da baloiaren erritmoan korrika dabiltzan tipo jainkotuetatik apartatu gabe mantentzea fokua etengabe; interesatzen da baloira botatzea begiak eta ez jartzea arretarik besteri, Trumpek eta Netanyahuk beren jokoan segitzen duten bitartean. Hala interesatzen da, erreproduzitzen duelako maskulinitatearen eredu bat, eta erreproduzitzen dituelako diskurtso eta jokabide erreakzionarioak: misoginoak, arrazistak, transfoboak, homofoboak, kapitalistak, klasistak. Nago kezkatzeko momentu batera aspaldi heldu ginela; eta spoiler, honezkero arrisku handiko kirola bihurtu da.

Begi guztiak La Cartujan jarrita dauden egunotan, sei minutuko bideo hari gustura egingo nioke berriz klik. Eta gustura esango nioke baloiari segika itsututa dabilen edonori behin entrenatzaile hark guri esandako gauza bera: inportantea dela denbora guztian jokoaren inguruko ertz guztietara adi egotea eta etengabe jartzea baloiaz harago begia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA