Haira Aizpurua

Bankete euskalduna

2026ko azaroaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sukaldean elkartu eta oihal xuriz jantzitako mahai borobilera bideratu dira, bakoitza bere erritmoan, dudakor. Batek baino gehiagok noren ondoan eseri nahiko lukeen pentsatu du hara bidean. Eta, batez ere, noren ondoan eseri nahiko ez lukeen. «Ene betiko lekua libre utzi enetako, otoi», eskatu du kozinatik. Apairu bukaeretan usu aipatzen dute hurrengoan beste norbaitek sukaldatu beharko lukeela, baina gaur ere kozinatik hurbilen dagoen kadiran eseriko da.

Lorez apaindutako plateretan etiketa ikusezin batzuk daude. Pertsona bakoitzaren izena idatzia duten etiketa ikusezinak, denen onerako aspaldi esleitu zirenak. Betiko lekuan eseri dira betikoak. Xingar gizenak, zainzuri freskoak eta pate-tartinak ahoratzen hasi dira. Kruxk, kruxk.

Mahai inguruan elkartzen diren aldiro, melodia bat sortu ohi da. Kristalezko basoek, zilarrezko furtxetek eta hortzen mastikatzeak apaintzen duten melodia bat. Badakite nork emanen duen lehen nota, noren jestuen beha egon behar diren, haien eriak jostetan hasi daitezen. Melodia horretan, ez dute ahots guztiek leku bera hartzen. Beti berak isilarazten ditu batzuk, beti berak aukeratzen du ze isiltasun den beharrezkoa eta zein isiltasun den trabagarria. Denek dituzte aipatu nahiko lituzketen gaiak, barnak astintzen dizkieten gaiak, garaiari dagokion nahaste bat. Alta, badakite melodiaren baitan zenbat desafina dezaketen, ahoa janariz beharrean haien gogoetez beteko balute. Badakite, beraz, zer galdera egin. Badakite zer galderari zer ez zaien erantzun behar. Denek dakite mahai erdiko farçe-a bezain fartsazkoa dela bazkariro sortzen den melodia hori.

Ba al da pentsatzen dugunaz hitz egiteko gure hurbilekoek osatutako mahai-inguru bat baino leku indartsuagorik?

Indignazioa lehen urrats bat da; haren politizazioa, inguratzen gaituen gizartearen aldaketarako hasiera bat delako. Indignazioa mastikatu, entzimek degrada dezaten utzi, eta ea ze hitz ateratzen duzun arno xuriz estalitako mingainetik

Hori da, hain zuzen ere, Le Canon Français-en estrategia, diskurtso faxistak eta frantses izatearen balioak zabaltzeko: jatekoa eta edatekoa zerbitzatu ondotik, ideia erreakzionarioak irentsaraztea. Azaroaren 28an bankete euskaldun baten egitera jinen dira Miarritzera. Bi gizon zuri burges dira orkestraburu, eta, bertako kontserbekin egindako apairu bat dela saltzen duten arren, ondotik eman diskurtsoek ideia kontserbadoreen zaporea dute. Herria dardarrean hasi zen berria entzun bezain laster, eta hala segitzeko asmoa du. Miarritzeko alkatearen kontrara, Herriak ez du halako proposamenik onartuko.

Gure inguruan baditugu guk ere gure banketeak. Urtebetetzeak, besta erlijiosoak edo igande eguerdietako bazkari (erlijioso?) saihetsezinak. Guk ere besteen erranak eta gure hitzak, hortzak eta mingainak irentsi behar izaten ditugu.

Geure burua hori egiteko prest ikusiz gero, eta arriskuan emanen ez gaituen heinean, mintza gaitezen «sutan diren hiriez edo gau bateko asilo-eskaerez» (Ibil Bedi, Kotoizkoa), inguruan sortzen zaizkigun banketeetan. Posible direlako elkar mespretxatuko ez dugun elkarrizketak, ideien trukaketak. Berdin pentsatzen ez badugu ere, garrantzia du elkarrekin hitz egiteak. Indignazioa lehen urrats bat da; haren politizazioa, inguratzen gaituen gizartearen aldaketarako hasiera bat delako. Indignazioa mastikatu, entzimek degrada dezaten utzi, eta ea ze hitz ateratzen duzun arno xuriz estalitako mingainetik.

Melodia mindua mahaiburukoaren miran mamitzen eta mamitzen ari zela, nehoiz entzun gabeko zarata distortsionatu bat inguratu zaie belarrietara: «Ez naiz ados erran berri duzunarekin, ez dut uste hala denik…». Belarriak erne, oilaskoa mozteari utzi dio amatxik, eta farçe hondarrak ahoratu ditu irriño batez.
 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA