Xabier Gantzarain Etxaniz.

Begia izan

2026ko urriaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nahi bai, begia izan, gauzak argi ikusi, behar duenari bidea erakutsi, munduaren gainetik hegaldatu eta kondorrak bezala begiratu beherantz Andetako alturetatik, edo hontzak bezala bederen, baina Prometeo damnatuaren katea egunero gibela jaten zion arranoa ere bazen, ezta? Eta ni katebegia baldin banaiz, zerena naizen ez jakin arren, katea naiz, ala? 

Nola hausten da katea, katea norbera denean?

Eta hala ere saiatu katea ez izaten, saiatu egunero ez izaten katea inorentzat, ez izaten katea zeuretzat. Ez izan beldurrik askatasunari. Ez izan beldurrik bizitzari. 

Ikasi beharrezkoa ez duzun guztia albo batera uzten, ikasi momentua bizitzen, inoiz ez da berandu, ikasi ondoan dituzunak merezi duten bezala zaintzen, ikasi hanka ez sartzen (hainbeste), eta sartuta ere lehenbailehen ateratzen, gotortu eta takartu beharrean. Ikasi gauza onetan jartzen arreta. Eta egin orain, azkenak dira, baten batek esan du zaila izango dela gizateriak beste ehun urte irautea. 

Garai ilunak bizi ditugula diote. Ezin uka ez direnik; izan da garai argirik denontzat inoiz? Mehr Licht! Beharbada geuk izan behar dugu argi-begi, eguzki-begi, aberri eta abegi.

Esan nion lagunari: manifestu bat idatzi beharko genuke, bizitzaren alde. 

Uztailean izan zen hori. Orain hozten hasi du, lehenago iluntzen du, argitasun handirik gabe nabil ni behintzat, itsumustuan, dena urdaila eta ardaila; irentsi nau gurpil zoroak, ihesi doakit denbora, jan egiten nau biharko egunak, gaurkoa bukatu gabean. Eta ez dakit aldarte honekin bizitzaren aldeko manifestua idazteko gai izango ote naizen. Gaurkoz ez.

Beharrik ere ez akaso: idazten dira gauza eder askoak bizitzaren alde. 

Ni ere liluratuta utzi ninduen Ane Zubeldiaren Magia artikuluak, berripaper honetan ikusi zuenak argia urriaren hamaikan, eta hemendik eman ziguna argia, epeltasun poxi bat negu luzeari aurre egiteko. 

Nola hausten da katea, katea norbera denean?

Eta hala ere saiatu katea ez izaten, saiatu egunero ez izaten katea inorentzat, ez izaten katea zeuretzat. Ez izan beldurrik askatasunari. Ez izan beldurrik bizitzari

Eta Durangon erosi bai baina apalean hautsa hartzen neukan Oihan hitzean mundua hasi nintzen irakurtzen. Gauza ederra dira liburuak, beste mundu batzuk dauzkazu tontorka mesanotxean, eta guztiak mundu honetan daude.

Nik ez dakit nola, baina dena dago lotuta, eta Harun Farocki Vietnamgo gerraz eta napalmaz ari bazen, Arrate Hidalgok hitzaurrean dioenez, «Stanley Kubrickek Oihan hitzean munduaren ale bat jarri zuen Vietnamen inbasioan kokatutako bere film batean, Full Metal Jacket-en, istorioa 1972an argitaratu zen arren –1976 arte ez zen banako liburu gisa inprimatu–. Anakronismoak merezi zuela pentsatuko zuen Kubrickek».

Txundituta utzi ninduen Amaia Apalauzaren itzulpenak, begiak betetzen zaizkit pentsatuta bakarrik: zenbat jende on bere lana ondo egiten, eta hor ibili naiz pixka batean, Selverrekin eta Davidsonekin, Tahiti berriko kolonian.

«-Mundua beti da berria –esan zuen Coro Menak–, sustrai zaharrak izan arren. Selver, zer dira, orduan, izaki horiek? Gizonen antza dute eta gizonak bezala mintzatzen dira, baina ez dira gizonak?

-Ez dakit. Gizonek hiltzen al dute gizonik, erotuta egon gabe? Ba al da piztiarik bere espezie berekoak hiltzen dituenik? Intsektuak bakarrik. Guk sugeak hiltzen ditugun bezain erraz hiltzen gaituzte yizakiek. Irakasle izan nuenak esaten zuen berek elkar hiltzen dutela, aurrez aurreko liskarretan, eta baita taldeka ere, inurriak borrokatzen diren era berean. Nik ez dut halakorik ikusi. Baina badakit bizirik uzteko eskatuz gero ez dutela barkatzen. Burua makurtuz gero, jipoitu egiten zaituzte».

Baina gero pentsatu nuen beharbada hobe nuela Ane Zubeldiaren ipuin liburua irakurtzea, Datorren udan ez gara hemen biziko. Eta neuregan topatzen ez dudan argia izan da, eguzki-begia. 

Eta bai. Saiatu ez izaten katea. Izan begia, izan argia, izan aberria eta abegia. 

«Egin egin behar dugu, irautea posible balitz bezala».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA