Imanol Pradales lehendakariak martxoan Gernikan iragarri bezala, ondo merezitako omenaldia eskaini zitzaion atzo Ajuriaenean Carlos Garaikoetxea lehendakariari. Lehen Eusko Legebiltzarraren 45. urteurrena izan zen ekitaldi hura. Atzokoa berriz, gerra ondorengo lehen Eusko Jaurlaritza bildu zeneko urteurrena. Bi data horien artean, apirilaren 9an, aukeratu zuten lehendakari eta Gernikan bertan zin egin. 14 urte bete berriak zituen nerabe bat nintzen arren, ezin ahaztu hunkituta jarraitu genuela hura guztia irratiz etxean; Loiola Herri Irratia, jakina. Ezta gure aita zenak izan zuen asaldura ere Garaikoetxea lehen bozketan ez zutela aukeratu entzun zuenean. Aitaren —eta beste askoren— lasaitasunerako, berehala argitu zuen Karmele Aranburuk gertatutakoa: bi legebiltzarkide jelkideren hanka-sartzea izan zen zergatia.
Egun hartan gertatutakoari buruz lau gauza azpimarratu zituen Iruñekoak 2002an idatzitako memoria liburuan: bertaratutako batzuen harridura Euskadiko Ezkerraren ezezko botoagatik; inbestidura saioko eztabaidak erraz eraman izana; Mari Zabalak, Jose Antonio Agirre lehendakariaren alargunak, eman zion besarkada hunkigarria; azkenik, Herri Batasuneko jendea juntetxe kanpoan pankartekin egon izana, samin puntu bat sorrarazi zion ekintza.
Irakurlea konturatuko zenez, gerora ohikoa izan ez den arren, bi hilabete baino gehiago pasatu ziren orduan lehendakariaren aukeraketa egunetik gobernuaren lehen bilerara arte. Garaikoetxeak aste pare bat izan zirela idatzi zuen aipatu liburuan, baina bistan da gehiago izan zirela. Horrek egonezina eta kritika arin batzuk ere sorrarazi omen zituen alderdiaren baitan, baina, hori ere onartzen du, errespetu osoz hartu zituzten buruzagi jelkideek bere erabakiak.
Atzerapenaren arrazoi nagusia garbia zen: berak sailburu izateko aukeratu zituen gizonak (bai, hori orban larriena: denak gizonezkoak) unibertsitate zein enpresetan lehen mailako ardurak zituzten goi mailako profesionalak ziren, eta ez zen gauza erraza egun batetik bestera urrats berri hori egitea. Javier Garcia Egotxeagarena izan omen zen errezelorik handiena sortu zuen izendapena, UCDko gobernuko kide orduan eta, beraz, pedigri abertzalerik gabea. Zorionez, gobernu hartako hiru kide ikusi ahal izan genituen atzo Gasteizen, ia mende erdiren bueltan: Pedro Miguel Etxenike, Javier Lasagabaster eta Pedro Luis Uriarte.
Dream Team gisa bataiatu zuen atzo Pradales lehendakariak talde hura. Hala izan zen. Dagoeneko erabat onartutako kontua da sekulako lana egin zutela ia hutsetik hasi eta hiru lurraldeen erkidegoa eraikitzen, sekulako eraldaketa lortu arte, izugarri garai zailetan gainera. Guztien buru, Carlos Garaikoetxea Urriza, atzo entzun genuen hitzetan, egitasmo berriaren arkitektoa. Baina hori baino askoz gehiago ere bai; batez ere liderra, Elixabete Garmendiak 2018an Garaikoetxea protagonista hartuta sortu zuen liburu ederrean nabarmendu zuen moduan. Eta liburu horretan bertan Mirentxu Purroyk adierazi zuenari jarraituz, eraberritzailea eta egitura berrien sortzailea, harrezkeroztik egon ez den bezalakoa. Historiari gustatu ala ez egia hori dela azpimarratu zuen Purroyk.
Garmendiaren liburua hizpide, arkupe honetan ere osatu genuen orduan zutabea. Eta duela ia zazpi urte genioena berretsiko dugu: Agirre lehendakariaren ondoren izan dugun lider garrantzitsuenetakoa izan da Garaikoetxea. Urrutiago ere joango ginateke, baina hor egingo dugu planto inor mindu ez dadin. Zorionez, aspalditxotik ari da jendea bere lanaren eskergatasuna onartzen, baita jelkideak ere, eta baita duela berrogeita bost urte Gernikako juntetxearen kanpoaldean pankartekin erakunde sortu berrien eta lehendakari aukeratu berriaren kontra gogor jotzen zutenak ere. Azken finean, begirada luzearekin, berak gidatu eta militatu duen alderdi eta koalizioetan sortu diren desadostasun, zatiketa eta sestrak txikikeriak dira gure historia aurreiritzi eta erresuminik gabe idazten hasten garenean. Zintzoki hasten garenean.