Haira Aizpurua

Bitrinak eta bizitzak

2026ko urriaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gas negar-eragile itogarria eta bengalak airean. Hodei nahasi batek estali ditu Frantziako hiriak. Segidan iritsi zaizkigu lehen bideo eta irudiak. Instagrameko algoritmoak fite ulertu du zeren bila nenbilen. Ikasle gazteak telebista programetan agertzen diren edukiak ugaritu zaizkit segundo guttitan. Ikus daiteke zenbat haserre kabitzen den haien beldurrean, hitz egiten uzten dieten denbora apurrean. Superioritate tonu batekin erantzuten diete pareko heldu boteretsuek, gazteak etengabe infantilizatuz eta entzuteko ahalegin gutxi eginez. 

Eria gorantz lerratu dut. 

Bideo labur bat, beste bat. Sinetsi ezina da errepresio poliziala zenbaterainokoa izatera iritsi den. Gazte bati hankartean sartu dio arma poliziak. «Uf». Gehiegi egiten ari ote zait?

Bideo-haria eguneratu dut. 

«Dendetako kristalen hausteak jendea txokatu izana normala dela iruditzen zaizu?». 

Hala galdetu dio kazetari batek. Polarrezko buff gorria ezpainpera jaitsi eta «buf» desesperatu bat lurrundu zaio. 

«Analisi politikorik egiten ez duen jendea txokatuko du, bai. Baina ez al dira txokatzen langile bat lan istripuz hiltzen denean baldintza miserableengatik? Ez al ditu txokatzen jendeak lanera joateko antidepresiboak hartu beharrak? Ez al dira txokatuak hilketa arrazistez?», erantzun dio emozioen kontrol harrigarri batez. 

Urriaren 17an grabatutako bideoa da eta egun berean Trappes herrian hilketa arrazista bat izan zen. Hildako bat eta bost zauritu. Le Monde-ren arabera, erantzuleak «merkatariak mendekatu» izana deklaratu zuen, argiki, «beltzen eta arabiarren aurka» eginez. 

Ez al gaitu txokatzen? 

Urrun joan gabe, Angelun irailean bere buruaz beste egin zuen neska batek, salaketa bat jarri eta biharamunean. Indarkeria matxistagatik hil zen. Alta, komunikabide ugarik kasua arrazismoa eta xenofobia elikatzeko erabili zuten. Ez al gaitu txokatzen? 

Euskal herritarron zati bat frantses estatuaren menpe bizi garen heinean (zehaztu beharra sentitu dut, barka), frantses komunikabideek eragina dute gugan. 

Ikasleen mobilizazioak direla eta, kanal mediatiko frantses anitzek, jada dibulgatzen zituztenez gain, ideia erreakzionario, arrazista eta islamofobo gehiago zabaldu dituzte manifak eta ekintzak kriminalizatzeko. 

Bitrinak puskatu dituzte, bai, baina ez dio nehork so egiten kristalezko ikasleriari, gizartearen ispilu sintsikatuari edo erakusleiho mediatikoen atzean dagoen eskuin muturreko ideologia suntsikorrari

 

Frantziar hedabide, editorial eta plataforma entzutetsu batzuen atzean Frantziako hamaikagarren pertsonarik aberatsena dago: Vincent Bolloré. Ez da business soil bat egiten duen miliarduna. Bolloré merkatuaz harago doa, ahalik eta bide gehien eraikitzen dabil, diru bidez, ideologia baten propaganda zabaltzeko. Behin enpresaburuak finkaturik, kanal horiek eskuin muturraren aldeko diskurtsoak nabarmentzeko erabiltzen ditu, hala nola RNren ideologia. 

Ez dakit noizbait etxean CNEWS piztuta eduki duzuen. Immigrazioaren obsesio eta islamofobia garbi batez josia da. Bolloré dago atzean.

Geltokietan dauden Relay denda gorri horiek? Bolloré dago atzean. 

Gure liburutegietan ditugun Hachette ikasliburuak? Bolloré dago atzean. 

Ez al gaitu txokatzen? 

Bitrinak puskatu dituzte, bai, baina ez dio nehork so egiten kristalezko ikasleriari, gizartearen ispilu sintsikatuari edo erakusleiho mediatikoen atzean dagoen eskuin muturreko ideologia suntsikorrari. 

Miliardunek kontrolaturiko hedabideek ez dute gazteen antolakuntza erakutsiko. Ez dute protestatzera atera den adineko pertsonarik erakutsiko, bere pauso ahulez, makuluez edo aulki gurpildunez. 

«Bitrinak hautsi ditugu, ados, baina bizitzak hausten ari dira», hala egin du aldarri buff gorria berriz sudurreraino igo aurretik. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA