Egunkari edo aldizkari batean nik idatzitako artikuluren bat ikusiz gero, moztu, eta karpeta batean gordetzen zuen anaiak. Maitasun keinu polit bat iruditzen zitzaidan, sekula esan ez banion ere. Egun, ez da oso ohikoa gauzak paperean gordetzea, memoria digitalaren garaian. Baina anaia ere ez zen oso ohikoa: ez zeukan mugikorrik, ezta kreditu txartelik edo kotxerik ere. Eta galdera bat datorkit: zerk egiten gaitu, gure diskurtso ideologikoak ala bizimoduak? Badirudi, eskuma zein ezker, denok antzera bizi garela: Wallapopen saltzen ditugula gauzak, Netflixekin eta Instagramekin entretenitzen garela, Google-k informatzen gaituela, Vuelingekin hegan egiten dugula eta autoa edozertarako erabiltzen dugula… Subjektibotasun neoliberala omen dago gaur egungo ideologia ororen azpitik. Hala dio Gorka Laurnagak Desira fosilak deituriko podcastean, petrolioaren gainean eraikitako egungo bizimodua aztertuz. Baina anaiak, esan bezala, ez zeukan kotxerik eta ez zuen, adibidez, turismorik egiten. Tamalez, uda honetan joan zaigu eta bere falta hitzen bidez samurtu nahi dut orain, sekula ebakiko ez duen artikulutxo honetan…
Maitasun harremanen dolua egitea ere gero eta zailagoa omen da maitale ohiek une oro jarraitzen dutelako bestearen bizitzari begira sare sozialetan. Ez dago aukerarik gabezia sentitzeko, gertatutakoa subjektibizatzeko eta aurrera egiteko
Tanatorioan agurra eman ondoren, bizi zen etxera joan nintzen eta, atea zabaltzean, inoiz baino presenteago egin zitzaidan bere absentzia: etxeko bazterretan zegoen, jesartzen zen aulkian, irakurtzen zituen liburuetan eta idazteko erabiltzen zituen orrietan. Agian giza bizitza, zentzu zabalean, absentziek eta presentziek egiten dute: garrantzitsua zaigunak, maite dugunak, ahazteak eta gogoratzeak. Horrela goaz aurrera, apurka-apurka, min eta galera, bizitakoarekin. Horixe da doluaren prozesua… eta denbora eman behar zaio. Abiadura handiko egungo bizimoduak, ordea, dolurako tartea murriztu eta patologizatu du, Liliana Cazenave psikoanalistak Dolua derrigorrezko zoriontasunaren garaian artikuluan idatzi duenez. Doluaren kontrako bizimodua ote da gurea? Batetik, heriotza bera tabu bilakatu da; ez albistegietako heriotza espektakularra edo masiboa, baizik eta ingurukoa, gertukoa. Bestetik (eta hau da hipotesia), baliteke egungo bizimodu digitalak bereziki oztopatzea aipatutako absentziaren eta presentziaren mugimendu hori, etengabeko konexioa dela medio. Izan ere, konexio amaigabearen logikarekin pentsatutako eta sortutako gailuak ditugu nonahi. Horregatik agian, (doluaren beste ertz bat bada ere) maitasun harremanen dolua egitea ere gero eta zailagoa omen da maitale ohiek une oro jarraitzen dutelako bestearen bizitzari begira sare sozialetan; hala irakurri nuen duela gutxi. Modu horretan ez dago aukerarik gabezia sentitzeko, gertatutakoa subjektibizatzeko, gelditzeko, gogoratzeko eta faltarekin aurrera egiteko. Pantaila aurrean konektatuta eta estimulatuta mantentzea da enpresa digitalen helburua, ez besterik. Ez dira gauza bera, ordea, astindu emozional etengabean bizitzea eta bizitakoa lantzea.
Baina anaiak, esan bezala, ez zeukan mugikorrik. Bizimodu eta memoria digitalen ordez, hori bai, memoria literario ederra zeukan: ipuin forma hartzen zuten bere kontakizun bizi eta dibertigarriek. Memoria digitalak, ostera, den-dena gordetzen du… ezer ez gogoratzeko? Nik, berriz, gogoan dauzkat eta faltan sumatzen ditut berarekin aurrez aurre izandako solasaldiak, bere umorea, bere ez-ohikotasuna, bere presentzia.