Inaki Galdos

Botoak zaborretara

2026ko otsailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Interesgarriak ari dira izaten Espainiako ezker konfederala (sic) bere burua berriz ere antolatzeko egiten ari diren saiakerak. Berriz ere. Patetiko xamarrak ere bai, benetan iruditzen zaidana aitortzen hasita. Alde batetik, bihar beteko da astebete Gabriel Rufian eta enparauek euren proposamena aurkeztu zutenetik. Aurretik ere garbi zegoen batere zehaztasunik gabekoa zela katalanak plazaratuko zuena, landu gabeko burutazioa, ateraldia (egun batzuk lehenago El País egunkariko kazetari batek konkrezioa eskatu zionean, erantzun argigarria eman zion: zerbait asmatu beharko dugu). Garbi zegoen bai, baina garbiago geratu zen handiusteko aurkezpenaren hurrengo egunak proposamena argitzen eta zuzentzen eman behar izan zituenean gure protagonistak. Bitxia da: Madrileko Galileo Galilei izeneko aretoan izan zen ekitaldia, baina Pisako jakintsuaren begirada luzeko teleskopioarena baino behar handiagoa dute momentuz lupa batena. Ingurukoa hobeto ikusteko.

Beste alde batetik, handik hiru egunera, fronte berri baten aurkezpena ikusi genuen. Uler bedi berri hitza ironia puntu batekin. Han entzundakoak entzunda, nork esango Espainiako Gobernuan agintzen daudenak zirela bertaratuak, lau ministro tartean! Nonbait erabaki dute oposizioaren oposizioa egitea dela eraginkorrena egoera honetan, egitasmo berrituak, erakargarriak, landu beharrean. Gustura itzuli ziren euskal lurretara Alba Garcia, Lara Hernandez, Lander Martinez eta gainerakoak, indarberrituta, emozio puntu bat tarteko. Hendaian Iparragirre nola, eurak Madrilen hala: txoraturikan. Detailetxo bat ahaztu zaie antza, uler bedi ironiatxoa orain ere. Izan ere, duela hiru urte inguru antzerako bozkarioarekin aurkeztu zuten Sumar hartan, gaur egungo kuadrillan baino dozena bat alderdi gehiago zeuden, tartean Nafarroako Batzarre. Bada zerbait. Bueno, pentsatuko dute agian, duela berrogei urte Joxean Tolosak Gasteizen 7-21 bati buelta eman bazion, guk orain zergatik ez.

Jendea botoa ematera bultzatzen duen arrazoi bakarra ez da aulkiak lortzea; askorentzat arrazoi nagusiena ere ez. Gehienek horretarako ematen dute botoa, jakina, baina beste askok baita zigortzeko, izorratzeko eta protestatzeko ere

Ez gara hemen hasiko historian zehar horrelako —edo antzerako— operazioek mundu zabalean izan dituzten arrakasten edo pairatu dituzten porroten zerrenda egiten. Denerako daude adibideak, han-hemenka orain erabiltzen ari direnak, bakoitzak bere tesiak elikatzeko. Ez, luze samar atera zaidan sarreraren ondoren, operazio hauek hizpide etengabe entzuten dugun arrazoibide negargarri baten inguruko gogoetarekin itxi nahi nuke gaurko arkupea: zer da boto probetxugarria ematea? Zer da botoa zaborretara botatzea? Askoren ustez, gehiegiren ustez, erakundeetan ordezkaritza lortzen ez duen boto oro alferrik galdutakoa da. Are gehiago, gertukoenari aulkia kentzea eta arerioari oparitzea. Sinplekeriak.

Honezkero garbi izan beharko genuke jendea botoa ematera bultzatzen duen arrazoi bakarra ez dela aulkiak lortzea; askorentzat arrazoi nagusiena ere ez. Gehienek horretarako ematen dute botoa, jakina, baina beste askok baita zigortzeko, izorratzeko eta protestatzeko ere. Aldarrikapen zehatz bat egiteko, etorkizunera begira alderdi txiki bat bizirik mantentzeko edo, besterik gabe, gureak zenbat diren kontatzeko. Denak arrazoi zilegiak, denak balekoak. Iruditzen zaigu, gainera, horrela jokatzen dutenetako askok eta askok kultura politiko landuago daukatela artalde gisa jokatzen duten beste askok baino.

Zaborretara botatako botoak maltzurki hainbeste aipatu ordez, beraz, has gaitezen jendea errespetatzen. Alderdi batek boto gehiago jaso ez izanaren errua ez da bere erabakiaren ondorioak primeran ezagutu arren beste aukera bat hobetsi duen herritarrarena; ezta etxean geratzearena ere, portzierto. Botoaren etekina, onura, probetxu bakarra aulkia dela sinestea —eta sinetsaraztea— demokraziaren balioa pobretzea da. Eta jendea babotzat hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA