Oroitzapen lauso bat. LHko irakasleak koaderno urdin batean idatzarazten zigun; lehenengo letrak, gero hitzak, ostean esaldiak eta udako oporrei buruzko idazlan osoak, azkenean. Memorian nahasten zaizkit oraindik bere kolonia eta klariona. Egunero idazten zigun data arbelean. Eta guk koadernoan kopiatu. «2002ko urriaren 13a». Tempus fugit.
Akorduan daukat letrak ikasten hasi ginenean nola konparatzen genituen gelako kaligrafiak. G-ak egiteko ikasle beste estilo zeuden, j-k marrazteko ere beste hamaika manera. Beti zegoen dena lehenengoan eta eder idazten zuen txukunen bat. Beti zegoen borragomaz orria zulatzen zuen desastreren bat. Idazlanekin hasi ginenean ere antzean, testua bukatu eta ondokoarena begiratzen genuen. Denetarik zegoen, arkatza indarrez zapaltzen zuen bat, letra potoloak eta sabeldunak egiten zituena, kurtsiba arinak, mikroskopio batekin begiratu beharreko berbak, traktore batek zapaldutako hizkiak…
Grafologoren batek esango zukeen hau eta beste izan ginen umearen izaerari buruz, aldarteari buruz, oreka mentalari buruz geure kaligrafian oinarrituta soilik. Desordena psikologikoren bat ere diagnostikatuko zigukeen… Batek jakin!
Lehenengo bozeto haietatik denbora pasatu da. Ja ez dugu koadernoetan hainbeste idazten. Erosketa egiteko zerrenda, errekaduen agenda eta ohar arinak mugikorrean apuntatzen dira. Gutun eta postal idatziak ere galzorian daudela esatera ausartuko naiz, edo kontu erromantikoa dela, bederen. Burua-eskua-letra zirkuitua ez da lehen bezain preziatua. Ez dut nostalgiatik esaten, gauza jakina da hiruko kate horretatik nolabait… astiro… sotilki… deskonektatzen ari garela. Koadernoak LHko apaletan geratzen hasiak dira. Nago alfabetoa trazatzen ikasi genuenekoa dela diseinu tipografikoarekin izaten den lehenengo kontaktua.
Nagore Irazustabarrenari Oker habil, Makiavelo (Argia, 2026) liburuan irakurri diot 1931n sortu omen zela Times New Roman tipografia ezaguna. Kuriosoa egin zait atzean dagoen istorioa. Zera dio idazleak Tipografiaren boterea ala boterearen tipografia? kapituluan Times New Roman izenaren jatorriaz:
Times, jakina, egunkariaren izena zelako. New, berria zelako eta ordura arte prentsan erabili ohi ziren tipografia gotikoak baztertzea eragin zuelako. Eta Roman, erromatar quadrataren eragina zuelako edo, beste modu batera, serifaduna zelako. Letra larri horiek serifa izeneko apaingarri modukoak zituzten ertzetan eta, enperadoreen arauak herritarrei harrian zizelkatuta emateko erabiltzen ziren. Horregatik, quadrata Erromatar Inperioaren boterearen adierazgarri zen Europa moderno eta garaikideko tipografoentzat.
XX. mende hasierako Bauhaus eskolaren tipografiak ere badu testuinguru politikoa: Abangoardiako diseinua eliteentzako luxu izatetik guztion eskura egon behar zuen ondasun komuna izatea lortu nahi zuen. Bauhaus mugimenduak industrializazioa bere egin zuen; izan ere, teknologiaren, funtzionaltasunaren eta artisautzaren arteko batasuna bilatzen zuen. Serifarik gabeko letra garbi eta zehatzak diseinatu zituzten. Garai bertsuko nazionalsozialismoak, aldiz, arte nazionalista, tradizional eta klasizista defendatzen zuen. Eta presio politikoaren ondorioz, Bauhaus eskolak itxi zituzten Hitler boterera iritsi eta gutxira. Bertako kideek erbestera jo behar izan zuten (horien artean Gropiusek, Mies Van de Rohek eta Kandinskik).
Mesopotamiako lehenengo idazketa sistema kuneiformetik hasita, Erromatar inperioko harri zizelkatuetara, XV. mendeko Gutenbergen inprentaren kopia iraultzatik pasatuta, XX. mendeko idazmakinetara, industrializazio garaiko tipografia ideologikoetatik aro digitalaren entropia honetara. Orain hemen nago ni teklatuan Arial 12 letra hauek zanpatzen.
Txikikeriak dira akaso. Txikikeriak edo izan ginen ume haren kontuak. Nik ere ez diot lar erreparatu word-ean idazten nabilen letra-tipo honi. Baina izango du zer kontatua.