Inaki Galdos

CA, VA, NJ, NYC

2025eko azaroaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ameriketako Estatu Batuetan garrantzi berezia izaten dute presidentea aukeratu eta handik bi urtera izaten diren hauteskundeek. Midterms deitzen zaie han, legealdi erdikoak. Ordezkarien Ganbera osoa eta Senatuaren herena berritzen dira, baina gobernadore askoren aukeraketak eta beste dozenaka hauteskunde txikiago eta galdeketa pilatxo bat ere izaten dira. Agintean dauden presidente eta gobernuarekiko herritarren tenperatura hartzeko balio izaten dute, baita agintaldiaren bigarren zatia nola joango den marrazteko ere. Normalean oposizioaren aldeko emaitzak izaten dira. Normalean. Datorren urteko azaroaren 3an izango dira.

Baina urtero izaten dira hauteskundeak eta galdeketak azaroko lehenengo astelehenaren ondorengo lehen asteartean. Gaur, beraz. Eta Donald Trumpen agintaldi zalapartatsua nola doan ikusita, bestela hartuko ez luketen garrantzia hartu dute gaurkoek han. Gainera, demokratek aurrerantzean hartu beharreko bideari buruzko pistaren bat ere emango dute emaitzek, alderdiaren irudia oso behean dagoelako eta iritzi kontrajarriak daudelako bere baitan etorkizuneko estrategiei buruz. Hautetsontziak beste toki askotan ere egongo dira jarriak, baina hiru estatutan eta hiri batean jarri dugu begirada: CA, VA, NJ, NYC; Kalifornia, Virginia, New Jersey eta New York.

Urrats ausart bezain arriskutsua egin zuen Gavin Newson Kaliforniako gobernadoreak abuztuan. Aurretik, Texasen errepublikanoek bertako hauteskunde mapa aldatu zuten, 2026an Washingtonera ordezkari gehiago bidali ahal izateko, demokraten kaltetan. Bada, Newsonek, begia begi truk, gauza bera egitea erabaki zuen Kalifornian, eta gaurko erreferendumera herritarrak deitu zituen Proposition 50 izeneko proposamenarekin. Badirudi baiezkoak irabaziko duela, baina jende asko dago (ustezko) garaipen horren tamainari begira, beste estatu batzuetako demokratak tartean, bide berdina hartu edo ez zalantzan daudenak. Gerrymandering esaten zaio barrutien mapa komenentzien arabera manipulatzeko azpijokoari, eta badirudi oraingoan inoiz baino toki gehiagotan egingo dela. Errepublikanoek hasi zuten gerra, Ordezkarien Ganberan gehiengoa galtzeko beldurrez, baina gaur Kaliforniakoa ondo ateratzen bada, beste demokrata batzuk ere adoretuko dira agian.

Virginian eta New Jerseyn gobernadoreak aukeratuko dituzte. Bietan irabazi zuen 2024an Kamala Harrisek, baina ez dira erabat estatu urdinak. Virginiako egungo gobernadorea, adibidez, errepublikanoa da. Bietan daude faborito demokratak, emakumeak biak: Abigail Spanberger eta Mikie Sherrill. Eta hemen ere, irabaztekotan garaipena nolakoa izango den ikusi beharko da. Erraz irabazten badute, demokraten aparatuak eta sektore moderatuenek esango dute hori dela bidea. Galtzen badute edo gutxigatik irabazi, ezkerreko sektoreak aldarrikatuko du beste zerbait behar dela, batez ere langileria eta gazteak erakartzeko.

Antzerako gogoetak daude mahai gainean New York hiriko demokraten primarioak Zohram Mamdanik irabazi zituenetik. Ugandan jaiotako gaztea eta musulmana da, baina batez ere bere burua sozialista demokratiko gisa definitzen duena. Aise irabazi zizkion primarioak Andrew Cuomo gobernadore ohiari eta gaur ere bera da faborito nagusia, nahiz eta Cuomok lehian jarraitzea erabaki duen, orain independente gisa, Mamdani muturreko hautagai arriskutsutzat hartzen duten dinosauro demokrata askoren eta errepublikano dezenteren laguntzarekin. Eroso irabazten badu, demokraten arteko ezkerrekoenetako batzuek azpimarratuko dute hori dela iparrorratza. Zuhurrago, beste batzuek, ordea, onartzen dute NYC bakarra dela eta ezin dela estrapolatu horkoa beste toki askotara.

Gau zirraragarria, beraz, gaur pasatuko duguna. Jakina, lehenago jakingo dugu VA, NJ eta NYCn zer gertatu den mendebaleko CAn baino. Trumpen izarra itzaltzen ari ote den ikusiko dugu, baina, hori bezain interesgarria, demokratek zer urrats egin behar duten hemendik aurrera: alde batetik, Newsonen gerrymandering-a beste toki batzuetan jarrai dezaketen eredua den; bestetik, moderatu-ezker dialektikan zer ondorio atera daitezkeen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.