lizar begona

Distopia ari du

2026ko irailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Exekuzio-data:

2046ko irailaren 29a.

Arrazoia:

Etxebizitza-aktiboaren berreskuratze automatizatua.

Egoera:

Adimen Artifizial bidezko etxegabetze-agindua programatuta.

Materiala:

Sentsore aurreratudun hiru bideo-drone (denbora errealean emisioa desokupazio zentralera), mailu hidrauliko bat, bi dumper kamioi inteligente, etxegabetze-prozedura integratutako bi robot humanoide.

Aginduak:

Etxebizitza hustu. Epea: 24 ordu.

Giza presentzia identifikatzen bada, AA bidezko etxegabetze-araudiaren azalpena eta kanporatze-eskaera erreproduzitu.

Giza presentziaren ahotsa identifikatzen bada, ahozko txatbota martxan jarri.

Erresistentzia identifikatzen bada, robot humanoideen esku-hartze fisikoa martxan jarri. (Sistema esponentziala, agindua bete arte).

Objektu sentimentalak eta ondare historikoa identifikatu, kopia sortu eta digitalizatu.

  1. 18/2042 Legearen azalpena eta etxea uzteko eskaera formala.
  2. Txatbotaren aktibazioa. Mehatxu berbala.
  3. Mugimendu aktibazioa. Esku-hartze fisikoa.
  4. Giza presentziaren kanporatzea.

Hau fikzioa da. Zorionez. 

Hau fikzioa da. Oraindik. 

Udazken atari distopiko honek eraman ninduen ipuin batean hau idaztera, irudikatzera, akaso (ausartuko naiz esaten) aurreikustera. 

Funts putreen etxegabetzeena eta desokupazio enpresa faxistena ez da azken egunotako kontua. Egoera jasanezina da aspaldi; egiturazkoa, sistematikoa eta antolatua

Uda akabua goiburu ilunekin heldu da, asteburuko euriak eta hodeiak lez. Eskuin muturraren totem elektoralak, kurbaren bueltan frankismoari sudurra ikusten zaio eta Trumpi USA sigladun bisera zuria, sarraski sionistak aurrera jarraitzen du, gizadiaren akabera aipatu zuen Jacob Coxonek (Anthropic enpresako goi-kargudunetako batek) eta OpenAI enpresako Sam Altman eta Elon Musk ere adimen artifizialaren erregulazioaz eta erritmoa geldotzeaz aritu ziren hil hasieran. Gela honetaraino sartu ziren reel-ak, tituluak eta memeak. Batek ez daki ja sentsazionalismoa, alarma, mehatxua eta gezurra bereizten. 

Etxebizitzaren krisiak ere goia jo du sareetan (edo beharko luke). Hau zaharra da, baina oporretako lozorrotik esnatu garela ematen du eta irailak etxegabetze hilabetea dirudi: Donostiako Zardoya Otis pabiloietako bat hustu zuten, eta 30 pertsona kale egoeran geratu dira, Gasteizko Nueva Fuera kalean desalojo arriskuan dago bi adingabe dauzkan familia bat, Erandioko Los Ochos eraikinean, 120 familia arriskuan daude Mosaic putre funtsak kanporatuak izateko, eta Mari Carmenen etxegabetze mediatikoa, gero; etxebizitza eskubidearen ikur bihurtu dena ja, asteburuan Madrilgo Puerta del Sol bete duena.

Etxebizitzarena ez da berria; horma, zoru eta sabaiekin espekulatzea, alokairu neurrigabeena, kontratu aldaketena. Funts putreen etxegabetzeena eta desokupazio enpresa faxistena ez da azken egunotako kontua. Egoera jasanezina da aspaldi; egiturazkoa, sistematikoa eta antolatua. 

Goikoa fikzioa zen. Zorionez. Oraindik. Gizarte deshumanizatu baten errepresentazio estetikoa. Goikoa ipuin ezdeus baten txatal literarioa zen. Sormen ariketa txatxu bat. Baina etorkizun hurbil baten goragale sintomatikoa ere bai, leihotik ikusten den paisaia panoramiko beldurgarria. Algoritmoen eta adimen artifizialen instrumentalizazio faxista-totalitarioa ezkontza larria da. Dardarka daude hormak, zoruak eta sabaiak. Ez da gero, distopia ari du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA