Lide Hernando.

'Dream big'

2026ko otsailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oscarretarako lehia bete-betean gaudela, izendapena jaso duten filmen kartel askorekin topo egiten ari naiz azken egunotan. Horietako batek, Marty Supreme filmarenak alegia, eman dit gaurko artikulua idazteko behar nuen azken pizgarria. «Dream big», dio kartelaren azpialdeak. Ez dut ikusi filma, baina kritikak nahiko bananduta dituela ikusten ari naiz eta, diskurtsoak nondik doazen ikusita, ez dakit ba ikusteko gogo handirik dudan.

«Dream big» horrekin gelditu naiz ni, hala ere. «Amestu ezazu handi», ingelesetik hitzez hitz itzulita. Azaldu nahi nizueke, biziki haserretzen nauela gehiegi erakutsi gabe, zergatik iruditzen zaidan hain desegokia aginterazko esaldi hori. Estatu Batuekin eta haien kultura globalizatzailearekin zerikusia duten hainbat ekitalditan behin baino gehiagotan ikusi baitut azken hilabetean, eta, horri buruz serioski hitz egiten hasten ez garen heinean, arrisku handia dugu mezu meritokratiko hori barru-barruraino sinesteko.

Aurtengo Grammy sarietan, gertutik erreparatzen diodan artista bati irakurri nion kontu hau lehen aldiz azken hilabete honetan, Tash Sultanari. Tash Sultana artista australiar bikaina da, 14 bat instrumentu jotzen dituena. Grammy sarien ostean sareetara igotako argazkietan, maila altuko beste musikari batzuekin batera agertzen da, irribarretsu eta pozik (normala den bezala). Argazkien azpiko testuan, zera dio: «Duela 10 urte kaleko musikaria nintzen Melbournen eta bart, antza denez, handietan handienekin batera egoteko merezimendua izan nuen. Jarraitu zure senari eta aurrean agertzen zaizkizun seinaleei, hartu zure bizitzaren kontrola eta, lan gogorra egin ostean, betidanik amestutakoa lor dezakezu».

Hurrena, Superbowlen errege izandako Bad Bunnyrengandik etorri zen, bi keinutan banatuta: bata, kamerari begiratu eta «nik lortu badut, zuk ere ahal duzu» dioenean; bestea, bere urteko diskoaren Grammy saria bere antza duen haur bati ematen dionean, bere ni txiki ameslari hori saritzen ariko balitz bezala.

«Gauzak ongi ateratzea nahi baduzu, amestu ezazu handi. Proiekta ezazu zure arrakasta. Manifesting-a egin. Zure bizitzak porrot egin duela? Ziurrenik ez zenuen nahikoa indarrarekin pentsatu ondo aterako zitzaizunik; eta, orain, begira! Mundua horrelako mezuz betea dugu»

Gauzak ongi ateratzea nahi baduzu, amestu ezazu handi. Proiekta ezazu zure arrakasta. Manifesting-a egin. Zure bizitzak porrot egin duela? Ziurrenik ez zenuen nahikoa indarrarekin pentsatu ondo aterako zitzaizunik; eta, orain, begira!

Mundua horrelako mezuz betea dugu. Eta bai, Bad Bunny eta Tash Sultana bezalako adibideak perfektuak dira gainditze pertsonal horren isla gisa funtzionatzeko; bata Puerto Ricoko supermerkatu bateko langilea baitzen, eta bestea, kaleko musikari australiarra. Biek establishment yankian sartzen amaitu dute eta haien kasuak eredugarriak dira orain; baina kontuz ibili behar dugu horrelako mezuak sinestearekin. Haienen pareko testuinguru txiroetatik datorren jendea animatzeko egingo dute akaso, baina ahaztu egiten dute bidean, ametsak eta esfortzuaz gain, zortea ere jokoan egon dela.

Tash Sultanak, Youtubera igotako bideo batekin ezusteko arrakasta izan zuen gauetik egunera 2016an. Bad Bunnyren kasuan ere, atzean enpresari sionista bat baino gehiago dituela azaleratzen ari da egunotan (horregatik, bide batez, Palestinaren aurkako genozidioaren aurrean duen isiltasuna). Bien kasuan, atzean soberako talentua dagoela agerikoa da, baita lan gogorra ere; eta imajinatzen dut haien iraganeko testuinguru txiroa ezagututa, haien esperientzian logikoa dela pentsatzea A eginez B lortu daitekeela. Baina halako istorioak entzuterakoan ahaztu egiten dugu gehienetan ez dela hala; eta gauzak ez lortzeak, gehienetan, ez gaituela gure patuaren errudun egiten.

Nik ez dut handi amestu nahi. Eta ez dut arrakasta izan duten artistengandik hori entzun nahi. Eta kasu, diskurtso hori Euskal Herrira ere iritsi baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA