Xabier Gantzarain Etxaniz.

Erretzeari uzteko metodoa

2026ko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Utzi diot erretzeari, eta metodoa nahiko sinplea dela konturatu naiz: ahaztu gazte denbora, ahaztu heriotza zenik ere ez zenekien sasoia, hilezkorra baino eternoa sentitzen zinen garaia, ke arteko egunak, ke arteko gauak; ahaztu mundua promesa eder bat zen sasoia, ahaztu egunak labur eta etorkizuna luzea zen garaia, ahaztu dena, eta etorri hona, egunak luze eta etorkizuna labur den sasoira, umil-umil, eta esan: orain hauxe da bizitza, eta ederra da. Erretzeak ez du ederragoa egiten, laburragoa baizik –medikuek esatera.

Horixe da metodoaren muina, eta hori irakurrita badaukazu jada erretzeari uztea, gauza bera luzeegi eta xeheegi azaltzen dizun libururik erosi eta batez ere irakurri beharrik gabe, edo ez dakit nongo aztiri bisita egin beharrik gabe. Txarlatana dabil ugari bazterretan, Teletienda ematen du honek geroz eta gehiago: ahoberoak, berri-lapikoak, txerpolariak, gezurtiak eta iruzurtiak –zer saltzen du Trumpek?

Eta, aldiz, oso erraza da: ez erre. Bizitza laburra da –bestela ere.

Jakina, ugariak dira tentazioak; zuk nahiagoko zenuke bestera akaso, baina gorputzak bere memoria dauka, eta dena lotzen du tabakoarekin. Pozak eta penak, maitasunak eta banaketak, deserriak eta atzerriak, dena dator akordura ke zirimola arabeskoetan. Jendeak erre egiten du filmetan oraindik ere, eta erretzeko gogoa sartzen zaizu, zeuk ere nahiko zenuke film batean bizi –ezta?

Beraz, ahaztea ez da nahikoa. Damutu egin behar duzu, eta esan, zeure iragana belauniko jarrita, hobe nukeen sekula hasi ez banintz erretzen –ikasleek ez dute ulertzen baldintza, normala, zertarako behar dute indikatiboko orainaldia nahikoa badute bizitzeko (eta astelehenetan lehenaldia).

Baina damu hori ere labur da, gutxitxo begitantzen zaizu, tarteka erretzeko gogoa zu baino gehiago da –mundua batik bat, baina ezin, eta beraz, zigarro bat, norbera(k) erretzea mundua erretzeko modu altruista bat besterik ez baita. Behin honaino iritsita, eta damua indartzeko, orain gutxiago entzun arren tarteka agertzen den beste lelo izugarri hori zeure egin eta, zeure izate osoa belauniko jarrita, halaxe diozu: ez zuen sekula gertatu behar.

Ez zuen sekula gertatu behar, baina ez bakarrik tabakoa erretzea –hori da gutxienekoa.

Bizirik mantentzen gaituena ez da kontzientzia, inondik ere, inoiz etxekotu, domestikatu eta maskotizatu ezin ditugun beste indar horiek baizik, deitu inkontzientea, subkontzientea, animaliatasuna edo gizatasuna

Ez zuena sekula gertatu behar beste guztia da, tabakoak gogora dakarkizuna: mundua beste era batekoa egin nahia, ez hain itsusia, ez hain zurruna, ez hain bortitza. Gorroto zenuen mundu hura erretzeko nahiaz damutu behar duzu, eta den bezalakoa onartu. Eta abestu, dena emanda: gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude. Eta ez esan behar duela horrek ere ñabardura bat, gauzak geuk (ere) egiten ditugula horrela –behartuta gaudelako, harrapatuta gauzkatelako, ez dugulako asmatzen bestela bizitzen, ala?

Eta behin damutzen hasita, damu zaitez egindako guzti-guztiaz, egindakoez eta egin gabe utzitakoez, esandakoez eta isildutakoez. Damu zaitez inkontzenteaz eta subkontzienteaz ere. Ez zuen sekula gertatu behar horrela –nola bada!

Damu zaitez guzti-guztiaz, eta ahaztu den-dena, izan zinena eta ez zinena. Hauxe aukeratu zenuen inkontzienteki eta subkontzienteki, eta badakizu horiexek direla jakintsuenak, bakoitzean errepidea gurutzatzen lagundu dizutenak –eta tarteka Rubicona–, oinez ibiltzen, hitz egiten, idazten –ejem.

Plantak egiten dituzu, gezurra, plantak egiten ditugu, eta asko gustatzen zaigu kontzientziaz mintzatzea, geure erabakirik ezdeusena ere modu kontzientean hartuko bagenu bezala, baina izatez ez da hala, bizirik mantentzen gaituena ez da kontzientzia, inondik ere, inoiz etxekotu, domestikatu eta maskotizatu ezin ditugun beste indar horiek baizik, deitu inkontzientea, subkontzientea, animaliatasuna edo gizatasuna.

Ahaztu gizatasuna: ez erre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA