Harrizko etxe handi bat zen. Fatxadan, Heidirenekoa bezalako leiho txiki borobil bat zuen, eta egurrezko ate handi-handi bat. Albo batean, edozein formatako leihoak ilaran. Teilatu gorrixka luzanga bat zeukan gainean, eta tximiniatik kea gora-gora joaten zen. Bueltan-bueltan, hesi txiki xarmant batek inguratzen zuen etxea; ondo zaindutako jardina zen markatzen zuena. Mendi-muino biren magalean zegoen, eta zeru urdin-urdinean, bi brotxakadako txoriak zebiltzan hegan, eguzki erdi baten berotan.
Edozein paper pusketatan marrazten genuen gauza bera. Handiak egindakoan horrelako etxe batean biziko ginela pentsatuko genuen igual, edo holako zeozer desiratuko genuen, seguruenik. Marrazkiek asko esaten omen dute gure inkontzienteaz.
Gero, egun batean, ikasle pisuaren etxejabeak esan zigunean hurrengo ikasturtean alokairua ez-dakit-zenbat euro gehiago ordaindu beharko genuela, Heidiren leihoa erori egin zen paperetik. Eta era berean joan ziren hesia, jardina eta belar moztu berria, poliziak bultzaka lurrera bota gintuenean, astearte goiz batez etxegabetze bat gelditzeko eskatzera joanda. Beranduago, gure auzoko kide bati etxegabetze-agindua iritsi zitzaionean, mendi-muinoek alde egin zuten paisaiatik. Eta ezkutatu egin zen eguzki erdia, bankuak eta putre funtsak zer diren ulertu genuenean. Azkenean, egun, etxe txiki bat gelditzen da paperean, ate bat daukana sartzeko eta ateratzeko, eta gutxi gehiago. Ez dirudi askoz gehiago desiratzeko moduan egon gaitezkeenik.
Estrategiak eta erantzunak prestatu behar dira, auzoetan antolatu behar dugu, eta eguneroko lanean sinetsi behar dugu. Lege dekretu baliodunik ez da-eta aplikatuko herri eta auzoetako eragileen lan eskergarik ezean
Azken asteetan, sarri akordatu naiz noizbait izandako marrazki harekin. Esaterako, biriketako transplante baten zain dagoen bizilagun bat bere etxetik egotzi nahi izan dutenean Donostian; edo 25 urtez bizitoki izandako etxetik kaleratu nahi izan dutenean familia bat Bilboko San Frantzisko auzoan; edo Donostiako Zardoya Otis pabiloia hustu dutenean, 30 pertsonatik gora kalean utziz; edo bi adingabe dituen familia bat etxegabetu dutenean Gasteizko Alde Zaharrean, hamalau urte han bizitzen igaro ondoren; edo Erandion 120 familia baino gehiago etxetik kanporatuak izateko arriskuan daudenean; edo Maricarmenen desalojo biolentoari begira egon naizenean telebistan. Sarri akordatu naiz gertakari larrion guztion aurrean alternatiba errealez ari diren ahotsez ere, etxebizitza sindikatuez. Eta pentsatu dut oraindik badagoela paper pusketarik geure eskuetan: estrategiak eta erantzunak prestatu behar dira, auzoetan antolatu behar dugu, eta eguneroko lanean sinetsi behar dugu. Lege dekretu baliodunik ez da-eta aplikatuko herri eta auzoetako eragileen lan eskergarik ezean; gainera, lege dekretuak ez ezik, tokian tokiko erronkak eta borrokak behar dira egoera hau errotik iraultzeko. Brotxa lodiz pintatu dizkigute putreak zeruan, putreak lurreko guztiari begira; baina lur honetan, ez gaude zerura begira.
Gutxi batzuen etekinen mesedetan etxeak, auzoak eta bizitzak kendu nahi dizkigute. Eta ez dago hori onartzerik, ez dugu hori onartuko. Gure bizitzen alde egiteko, haien jabetzen kontra egin behar dugu. Etxeak bizitzeko dira, eta mundu guztiak izan behar du etxe batean bizitzeko aukera.
Mendi magaletako harrizko etxe handietako bizitza fantastikoetan noizbait sinetsi genuen inozente gajooi, marrazkiak desmuntatu dizkigute pixkanaka-pixkanaka, baina ez diegu utziko bizitzak ere desmuntatu diezazkiguten; orain, haien irudiak eta egiturak desmuntatzera goaz. Ez dirudi gauza handiak desiratzeko moduan egon gaitezkeenik, baina uste dut hauxe dela eskuratu arte desiratu dezakegun –eta ondorioz, borrokatuz exijituko dugun– gauzarik oinarrizkoena: etxe bat bizitzeko.