Badatorrela ultraeskuina, badatorrela!, aldarri dagi giza-jende orok, eta galdetzen diot nik neure buruari: noiz joan da, bada? Nora? Gure hizkuntzari buruz Barandiaranek esaten (omen) zuen ez zela inondik etorri, 10.000 urte daramatzala hemen. Hizkuntzari buruzko data- eta jatorri-kontuetan ez naiz sartuko, badugu aditu eta xextran aritu mordoa baskoiera eta proto-euskarari buruz jarduteko. Potro-euskaldunei buruz jardutea da, izatekotan, neure asmoa: 10.000 urte ez badira ere, ziento batzuk badaramatzate gure artean, eta faxismoa formulatu baino lehenagotik ere faxista izaten asmatu izan dute.
Ni ere ohartzen naiz, noski, traje liberala erantzi eta fatxalekoa jantzi dutela, lotsagabeago dihardutela, brageta ireki eta idearioa mostradore gainean jarri dutela: «Honatx gure hauteskunde programa!». Baina esango nuke inoiz ez direla oso aparte ibili, eta inguruko askoren diskurtsoan aztarrika pixka bat eginez gero, makina bat aurkituko dugula.
Ez dut ukatuko izen batzuk ministro imajinatzeak durduza eragiten duela, eta nik ere ez dut uste Lula edo Bolsonaro gauza bera direnik. Baina ez dezagun ahaztu bankuetako buruak, energia-enpresetakoak, hormigoi edo zerbitzu lobby galantak, zenbait fedabide, Guardia Zibila… ez direla inora joan.
Europako bost estatu txit demokratikok jendea Ruandara bidaltzea erabaki dute. Jendea, bai, 'paperik' gabea. Nagusiki diru-paperik gabea, noski, dirua baldin baduzu migrante izateari utzi eta jende bihurtzen baitzara
Zeren eta alor batzuetako mehatxuak –feminismoa eta hilketa matxistak; immigrazioa; memoria historikoa…– errealak dira eta lorpen batzuk berehalakoan galtzea edo urte batzuk atzera egitea oso gertagarria da. Baina badira beste alor batzuk, gure bizimodua egituratzen dutenak, printzipio eta balio liberal eskuindarrek gidatuta dauzkagunak aspaldi, teknologien kontrolaz jendartearen kontrola oinarri dutenak, zaparradarik gabe lanbro fin gisa blaitu dutenak gure bizimodua, gure lanak eta aisialdia. Eta azkenerako baita gure diskurtsoak moldatu ere.
Ultraeskuina ez dator, lehendik ere hemen zegoen. Harrotuta dabil, horixe nobedadea.
Boterea hartu behar izan gabe, bere pozoia hasi da eragina edukitzen. Europako bost estatu txit demokratikok jendea Ruandara bidaltzea erabaki dute. Jendea, bai, paperik gabea. Nagusiki diru-paperik gabea, noski, dirua baldin baduzu migrante izateari utzi eta jende bihurtzen baitzara. Abenduaren 10ean egin dezatela lehen deportazioa, hunkigarria litzateke.
Maiatz bitarteko hauteskunde kanpaina etengabe honetan (oroit Ipar Euskal Herrian datorren udaberrian hautatuko dutela Frantziako presidentea, eta ultraeskuinaren presentzia han ere errealitate agerikoa dela), beraz, mehatxua haizatuko digute hautagaiek, ultraeskuinaren mehatxua.
Eta gauza gehiago ere bai. Eta ohartarazi nahiko nieke hautagaiei, barka atrebentzia, ezinezkoa dela den-den-dena egitea, inposiblea. Komenigarria ere ez, gainera, hurrengo legegintzaldirako zereginik gabe geratuko lirateke-eta. Guztiaren promesa ez dezatela egin, beraz. Laurdena betetzea ere izugarria izango litzatekeelako. PISAko aztertzaileek kanpainako promesen betetze-maila ebaluatuko balute, horien aldean Bizkaiko zentro batzuetako ikasleen notak cum laude lirateke.
Eta gogora dezatela ultraeskuina bezala, arazoak ere ez direla berriak, ez datozela inondik, lehen ere hemen zeudela. Boladako dagoen etxebizitzarena, kasu. Hogei urte badira burbuila immobiliarioa lehertu zela Espainian, eta geroztik hauteskunde-kanpaina eta legegintzaldi mordoxka izan da. Eta (ia) kolore guztietakoek bete dituzte aulkiak. Eta metro koadroaren prezioa arestiar segitzen du, «gora ta gora beti».
Euskarak modu sinplean egiten du hauteskundeetako jira: hautagai zarenean agindu egiten duzu, eta hautetsi zarenean ere bai, agindu. Alegia, hagindu.