Ezagutu dudan neskarik azkarrena zara. Horixe bota zion Juanek Aliciari. Eta aski izan zen hori hura erraietaraino maitemindu eta burutik apur bat jota utziko zuen harreman obsesibo batean murgiltzeko. Ezagutu dudan neskarik azkarrena. Uf, izerdi hotza eragiten dit, norbere azalean antzekorik aditu duenak badaki zertaz ari naizen. Badira hitz segida horren beste aldaera batzuk. Heldua zara duzun adinerako. Berezia zara. Ez zara beste neskak bezalakoa. Akaso orain, besteok ere susmatu duzue zertaz ari naizen.
Sara Barquineroren azken eleberriko protagonista da Alicia. La chica mĂ¡s lista que he conocido du izenburu liburuak. Akademiako testuinguruan kokatzen da, nahiz eta bertan agertzen diren dinamikak errekonozitu daitezkeen, oro har, kapital kulturalak pisua duen edozein esparrutan. Besteak beste: botere-harremanak, entxufeak, elitismoa eta, tira, baita boteredun gizonen eta neska gazteen arteko erromantzeak ere. Tartean, Alicia eta Juanen artekoa.
Filosofiako 1. mailako ikaslea da lehena, haren irakaslea bigarrena. Sentibera, progre-a, misteriotsua. Erretzailea eta sexya. Aura goibel ezin erakargarriagoa duten horietakoa. Kilometrotatik dario fidatzekoa ez den kiratsa. Aliciak badaki hori, ikusi du nola utzi duen bere lagun min bat lur jota (ikaslea hau ere). Gainera, irakurri ditu Beauvoir eta Butler. Neska azkarra da Alicia. Baina, batzuetan, ez zara besteak bezalakoa bat aski da kritikoki eraiki dituzun blindaje denak deuseztatzeko. Baita ezagutu duzun neskarik azkarrenaren kasuan ere.
Patriarkatuak bakoitzari bere moduan ukitzen dio tekla, Aliciaren istorioa kontatuko dizuet nik. Bere esperientzia bete-betean zeharkatzen dute neska azkarra izatearen espektatibek, «neska gazte promesa» deritzon horrek. Ikasi zuen txikitatik jakintza gosea ez zela hain ongi ezkontzen feminitatearekin. Ikasketan saiatua izatea gogaikarri izan zitekeela besten begietan. Lisa Simpson, Hermione, Matilda, zenbat akordatu naizen zuekin. Inork ez du marilista, marimaistra, empollona edo repipi bat izan nahi. Bazegoen barnean kirrinka egiten zion zerbait, bere ezinegonak lotura gehiago zuela gizonen onespenarekin beste neskekin baino; baina errazagoa zen hortik desmarkatzea. Ez naiz beste neskak bezalakoa izango. Ai, noiz edo noiz askoren barruan izan den pick-me txikia.
Irakurri ditu Beauvoir eta Butler. Neska azkarra da Alicia. Baina, batzuetan 'ez zara besteak bezalakoa' bat aski da kritikoki eraiki dituzun blindaje denak deuseztatzeko
Ulertu zuen bizkorra izateaz gain desiragarria ere izan behar zuela. Terreno intelektualean nabarmendu nahi bazuen guztiaren gainetik bilatu beharko zuela perfekzioa. Kulturaren zirkuituetan ere, kapital sozial eta kulturalak izaten duela aginte makila. Jendeak bazituela guraso katedratikoak, osaba-izeba editoreak, edota aitona-amona artistak. Liburutegiz hornitutako etxeak, berean SĂ¡lvame eta La que se avecina komentatzen ziren bitartean. Generoak ez ezik, klaseak ere badu paperik honetan.
Alabaina, bilatu nahi zuen bere tokia berez arrotza zitzaion espazioan. Ahots bat, hainbeste idealizatu zituen tertulia snob-etan. Horretarako, bere kideekin lehiatu beharko zen. Eta begirada maskulino batek epaituko zuen azkenean nor izango zen garailea. Bitartean, tenplutik kanpo mundua: hain prekario, hain ziurgabe. Printzipio denak zabukatu diezazkizuke munduan toki bat izango duzula zin egin ahala burua laztantzen dizun eskuak. Baita toki hori neska-lagunarena bada ere.
Botere asimetria nabarmena duen harreman bat aipatzean, badira nire inguruan maiz aditu ditudan bi postura amorragarri. Bata, hutsalkeriarena, benetan elkar maite badute ezer pasatzen ez dela dioena. Bigarrena, berriz, kontakizun manikeoa, jazotakoa kontu terriblea dela aitortu bai, baina neskari agentzia oro ukatzen diona. Bata zein bestea dira arriskutsuak, eta gustatuko litzaidake munduak hori ulertzea. Bestela, edo bizitako mina problematizatu gabe geratzen da, edo zu zara horren erruduna. Tipoa munstro bat baitzen eta zu, tranpan bete-betean erori den txolina.
Aliciak Juanekiko zuen desira ez da tuntuna. Ezta, kasualitatez, lerro hauek irakurri ahala sabelean ziztada sumatu duen edonorena ere. Askoz ere sotilagoa da maitasun erromantikoaren, feminitatearen eta balidazio maskulinoaren arteko katramila. Berri ona da eraikia den bezalaxe deseraiki daitekeela. Eta nik, lehiatzera bultzatu nauten horiexekin aliatuta ikasi dut hori.