Bazen garai batean Espainiako Estatuko telebistan agertzen zen iragarki bat, gure haur denboran ikusi eta betiko buruan iltzatuta geratu zaiguna. Ez, ez naiz Afrika tropikaleko beltzei buruz ari, nahiz eta iragarki hori gaur egungo belaunaldi berrienek ere ezagutzen duten. Hitz egingo dugu hala ere noizbait hain iragarki arrazistaren inguruan, baina gaur lerro hauetara dakarkidanak ere badu arrazatik asko eta garbiketatik ugari ere.
1980ko hamarraldiko iragarki honetan, neskato bat ageri zen amari esanez berehala behar zuela zikin-zikin eginda zegoen bere kimonoa. Amak bikain egiten zuen bere etxekoandre papera (nola ez), eta garbikari zehatz bat erabilita, alabaren kimonoa erabat zuria ateratzen zuen garbigailutik. Alaba pozik, ama harro eta guk berriz ere irentsi genuen amak soilik zirela etxe bat gobernatzeko gai. Beranduago jakin genuen arte martzialak tatamiaren gainean egiten direla eta lokatzez zikinduta zegoen kimono hura ez zuela neskatoak entrenamenduan lohitu. Kontua da, etxean ohea doi-doi goizero txukuntzen genuenok argi genuela zein garbikari erabili behar zen halako azkartasun eta efizientzia zantzuak erakutsi ondoren.
Kirolak zikintzen du, asko gainera, eta alderantziz ere bai, garbiketa lanak egiten baititu beharbada gu konturatu ere egin gabe. Adibide bat joan den igandean amaitu zen Espainiako itzulian gertatu zen: Israel Premier Tech taldeak mundu zabalean garbiketa lanak egiteko balio du. Hitz gutxitan esanda, Israelen izena kirolaren bidez garbitzea da helburua. Jarduerak ere badu bere ingelesezko izena: sportwashing-a, gutxi gorabehera, kirol bidezko garbiketa. Sylvan Adams kanadarrak sortu zuen taldea, zituen kontu korronteetan sobera zituen milioi euroekin. 2021ean, palmares zabal batean besteak beste lau Frantziako Tour irabazitako Chris Froome fitxatu zuen. Taldean izen esanguratsuak batu zituen eta txirrindularitzaren goi mailara iritsi zen txin-txin hotsak ondo astinduta.
Ez da egin duen gauza bakarra. Israel Europara hurbildu nahi izan du Eurovision delako kantu-txapelketara eramanez. Bai, diru guztia bere patrikatik atera da eta Netanyahuk ederki txalotzen ditu haren ekintza guztiak.
Beste hainbat kiroletan gertatu dena ez du Espainiako itzuliko antolakuntzak egin: Israelgo jokalariei txapelketetan parte ez hartzeko gonbita luzatu zaie. Diplomatikoa, oso, baina ustez eraginkorra. Hain modan dagoen erresilientzia hitza erabili dute hainbat tokitan: egoera berrietara egokitzeko gaitasuna. Hain justu, Espainiako itzuliaren antolakuntzak ez duen hori. Denok dakigun bezala, Vingegaard auto baten barruan Madrilen triste agertzearen arrazoia ikusleek izan baitute. Utzi alde batera nekea edo hiru asteetako jipoia, Pedro Delgado handiak esan zuen bezala (bai, Luxenburgoko irteerara berandu iritsi zen hark), kirola ez baita politika.
Palestinako banderak josi zituenak fakturatuko zuen dirutzarekin barre egin zuen bezala bota zuen Delgadok kirola eta politika desberdintzearen harrikada, noski, bera politika egiten ari zela konturatu ere egin gabe. Hala ere, hainbat kontu daude oraindik ere sportwashing-a ziurtatu bai baina gure begiak itsu uzten dituztenak. Txirrindularitzarekin jarraituz, UAE taldeak egiten duen Arabiar Emirerri Batuen garbiketa izugarria da, esaterako.
Etxetik gertu ere baditugu halako egoerak, baina badirudi futbola ez duela inork ukitu behar. Realaren presidenteak armak egiten ditu, Andoainen soilik bombas izena hartzen duen lantegian. Baina horrek ez digu oraindik axola; ez dakit futbola delako, edo, txirrindularitzan ez bezala, sarrera ondo ordaindu ondoren boikotik nahi ez dugulako.
Batzuetan iragarki hartako ama eta alaba etortzen zaizkit burura. Klixe haiek berriz errepikatzen dira, nahiz eta protagonistak erabat aldatu.