Inaki Galdos

'Gernika', Sixena eta Picasso

2026ko apirilaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dakit irakurleari gertatuko zaion, baina déjà vu sentsazioa etortzen zait niri Pablo Picassoren Gernika artelana norbaitek eztabaiden plazara berriz ekartzen duen bakoitzean. Herenegungo EAJren Aberri Eguneko ospakizunean Imanol Pradales lehendakariak esandako guztien artean hori da hedabideek gehien azpimarratu dutena, batez ere Espainian, hemendik at. Isabel Diaz Ayusoren adierazpen xelebreek saltsa gehiago sortu dute, baita Madrileko presidenteari Aitor Estebanek emandako erantzun gatzdunak ere. Ez zait iruditzen, hala ere, gai honek ibilbide luzeegirik izango duenik hemendik aurrera.

Gernikako bonbardaketako 90. urteurrena izango da datorren urtean eta horren kariaz prestatzen ari diren ekitaldien aitzakiarekin luzatu da lagapenaren eskaera, bederatzi hilabeterako bada ere. Duela hiru hamarkada, Bilboko Guggenheim museoaren irekiera izan zen arrazoia, baina orduan (ere) ez zen helburua lortu. Aldarrikapena margolana betirako Euskadira ekartzea zenean beste era bateko erantzunak ematen ziren arren, eskaera soilik aldi baterako denetik beste argudio batek hartu du nagusitasuna: koadroaren egoerak arriskuan jarriko luke berau eta garraiatzean pitzadura eta urradura larriak izango lituzke. Ez dakigu hori benetan egia den, ez da hain urrutira iristen zutabegile orojakile honen ezaguera, baina hala bada, bego Madrilen. Hona ekartzearen aldekoa naizen arren, ez dut nik lorik galduko horregatik. Barka biezadate sutsuenek nire bigunkeria.

Ia paraleloki ari da gertatzen Sixenako margoen inguruko eztabaidaren berpiztea. Azken nobedadea: Kataluniako Gobernuko bost Kultura sailburu ohik epaitegietara jo dute artelanok Bartzelonako MNAC museotik Sixenako monasteriora (Huesca) eraman ez ditzaten. Kataluniarren arrazoibidea askoz zabalagoa den arren, margoen egoeran jarri dute fokua orain, eta, Picassoren koadroan bezala, ezin direla garraiatu gaztigatu. Bitxia da kontua, izan ere Gernika-ren kasuan arrisku bizia ikusten dutenetariko askok, tartean Espainiako politikari eta hedabide ia guztiek, ez diote arazorik ikusten beste horiek lekualdatzeari, nahiz eta zortzi bat mende lehenagokoak izan. Horregatik ari dira Kataluniako sailburu ohiak eskatzen Madrileko gobernuari egin dezala txosten tekniko bat, euren ustez eztabaida berehala argituko lukeena.

Lagapenak, garraioak eta txostenak. Nire harridurarako, Gernika-ren kasuan (momentuz) agertu ez zaiguna Pablo Picasso bera da. Laura Revuelta arte kritikariak bere azken liburuan (Arte parece, plátano es) kapitulu bat eskaini dio Malagako artistari. Zehazki, harekin harremana izan zuten zortzi emakumeren kontrako bere misoginiari, bere krudelkeriari, bere erasoei. Mende bete inguruan kontu hau, ezaguna izan arren, (ia) ezkutatua egon zen arren, duela urte batzuk hasi zen haizeratzen, denbora berrien erakusgarri zalantzarik gabe. 2023an bere heriotzaren berrogeita hamargarren urteurrena bete zenez, Madrileko Reina Sofia museoak Picassoren urtea antolatu zuen. Bada, ekitaldien aurkezpenean orduko Frantziako eta Espainiako Kultura ministroek hartu zuten parte. Azken honek, Miquel Icetak, aldarrikatu zuen artistaren lan itzelak gainditu egiten dituela haren bizitzako hainbat pasarte —dei diezaiegun horrela—, baina ezin direla hauek isilean gorde. Urrats bat zen, askorentzat eskasa, baina urrats bat. Segur aski, gainera, hainbat emakumek abian jarrita zituzten ekintzek behartua. Adibidez, Maria Llopis artista, idazle eta aktibistak bere ikasle batzuekin Bartzelonan hilabete batzuk lehenago burutua.

Oro har, ez naiz ni kantzelazioen oso aldekoa. Maria Llopis berak ere aitortu zuen orduan artista eta haren lana bereiztearen aldekoa dela, baina betiere dena kontatzen bada. Gehitu zuen Picassoren bizitzako emakumeak, gehienak, artistak zirela baina euren lana fagozitatu, ezabatu egin zuela gizon malapartatu hark. Ez dakit Gernika azkenean hona ekartzea lortuko den (nahi nuke, bigunkeriak bigunkeria), baina, hala bada, espero dezagun beste Picasso hau ere ezagutaraziko zaiola jendeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA