Igandero kanpolibrean izeneko orrialdea argitaratzen du Xabier Iraolak Noticias taldeko egunkarietan. ENBA sindikatuko Gipuzkoako koordinatzailea da legorretarra, bere burua agroagitatzaile gisa ere deskribatu izan duena. Euskal Herritik kanpo, badirudi Espainian ere arrakasta izaten dutela bere ekarpen horiek lehen sektoreko eragileen artean eta horregatik jartzen du han fokua batzuetan, erabat hemengoak ez diren gaiak ere hizpide hartuta. Horrela egin zuen herenegun eta, azaroaren 29ko hauteskundeetarako zerrendak ezagutu berri ditugun honetan, diputatu paraxutistei buruzko gogoeta idatzi zuen, hustutako Espainia deitzen zaion horretan Madriletik alderdiek inposatzen dizkieten hautagaitzak kritikatuz.
Aspaldiko fenomenoa da hau, mundu osoan hedatua. Denboran urruti joan gabe, gaur bertan Ameriketako Estatu Batuetan izango diren hauteskundeetan ere izan da polemika iturri. Ez eztabaidagai inportanteetakoa, jakina. Horiei buruzko informazioa primeran eman zigun egunkari honek igandean, eguneko gai nagusitzat hartuta. Baina bai polemikoa. Xextrarik handiena Floridako 19. barrutian sortu zen, bertako kongresista errepublikano Byron Donaldsek gobernadorerako hautagaitza iragarri zuenean eta, beraz, bere aulkia libre geratuko zela jakin zenean. Supituan 10 hautagai agertu ziren, gehienak beste estatu batzuetatik iritsiak eta jatorriko estatu horietan (Michigan, Illinois, New York…) jipoiak jasotakoak. Carpetbagger deitu izan zaie gisa horretako hautagaiei XIX. mendetik. Hitz horrek hasieran adiera zabalagoa zuen eta hango gerra bukatu ondoren iparralde irabazletik hegoalde galtzaile suntsitura mugitu ziren oportunistei esaten zitzaien horrela. Beranduago mugatu da berba hori hauteskundeen esparrura.
Alderdi guztiek gero eta arazo handiagoak dituzte zerrendak betetzeko. [...] Ezagutzen ditugu baiezkoa eman eta gero atzera bota direnak etxean seme-alaben negarrak eta kuadrillako lagun batzuen aurpegiak ikusi eta gero. Horregatik utzi genion batzuok kasu hauetan paruxutista hitza erabiltzeari
Gurean ez da aparteko polemikarik izan azken hamarkadetan. Egia da egon dela lurraldeen arteko mugimendurik bai Gasteizko legebiltzarrerako (adibidez, Jaime Mayor Oreja erkidegoko hiru herrialdeetatik izan zen hautagai), bai Madrilerako, baina nago ez dituztela hemen hautesleek mugimendu horiek paraxutismo ariketa gisa hartzen, naturaltasunez onartzen dituztela baizik, betiere hautagaiak euskal herritarrak direnean. Hori bai, historian zehar egon dira bestelako kasuak ere. Beste behin ere aipatu genituen hemen Ramon Nocedal integristen buruzagi madrildarraren kasua, birritan Azpeitiko barrutia aukeratu zuena diputatu izateko, hori zuelako aulkia lortzeko aukerarik garbiena. Edota Jose Antonio Agirrerena 1931n, Bizkaitik eta Nafarroatik aurkeztu zena aldi berean, ez alderdiaren baitan haserrerik sortu gabe, batez ere Nafarroan.
Poliki-poliki ari gara ezagutzen hemen datorren maiatzean izango ditugun hauteskundeetako hainbat hautagai ere. Boteprontoan iruditzen zait beste batzuetan baino lehenago ari direla gainera hainbat alderdi urrats hori egiten. Momentuz ezagutu ditugun alkategaiak (zaharrak eta berriak) tokian tokiko herritarrak. Azken orduan agertuko dira kanpoko izenak, batzuetan hautagai izango diren herriak (ia) ezagutzen ez dituztenak. Garai barean nik neuk ere gogor kritikatzen nituen horrelako jokaerak, paraxutismo gisa ulertzen nituelako soilik. Beste begirada bat daukat orain, izan ere benetan tristea iruditzen baitzait herri batean zinegotzi bat, edo bi, edo hiru lortzeko adina boto duen alderdi batek sekulako arazoak (edo ezintasuna) izatea herri horretako jendearekin hautagaitzak osatzeko. Egia da garai berrien patua ere badela hau eta alderdi guztiek gero eta arazo handiagoak dituztela zerrendak betetzeko. Baina onar dezagun batzuek beste batzuek baino presio handiagoa sentitzen dutela lagunartean, etxean, kalean, lantokian. Batzuentzat errazagoa dela, beste askorentzat askoz ere zailagoa. Ezagutzen ditugu baiezkoa eman eta gero atzera bota direnak etxean seme-alaben negarrak eta kuadrillako lagun batzuen aurpegiak ikusi eta gero. Horregatik utzi genion batzuok kasu hauetan paruxutista hitza erabiltzeari. Arazo larri baten aurrean gaudelako. Eta hori ere bada defizit demokratikoa.