Maddi Aiestaran

Hemen

2026ko ekainaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hemen gertatu da dena. Hemen egin dugu hau dena. Hemen egin gara hau dena. Eta gaur, eguzkia atera denean, praka motzak eta betaurreko beltzak jantzi ditugunean, Aldapan erdi-etzanda jarri garenean, erantzi ditugunean zapatilak, zikindu ditugunean ezpainak kaputxinoaren esne-gainaz eta konturatu garenean Aldapako beste jende guztia gu baino gazteagoa dela, nostalgia pittin batek hartu digu tripa.

Zazpi urte denbora asko dela kalkulatu dugu. Orain dela zazpi urte zein ginen saiatu gara akordatzen; barregura eman digute gauza askok. Gauza asko ez daude ja gure egunerokoan; pertsona asko ere ez. Eta, hala ere, urte hauetan guztietan egon den, egin den eta izan garen den-denak mugitu digu zeozer gaur. Azkura egin dugu tripa aldean, gauza horietako bakoitzarekin akordatu garenean: etxeetan egiten genituen parrandak; klase partikularretako umeak; Parraleko astearte iluntzeak; Euskararen historia I; Txapelduneko playlist errepikakorra; lehenengo mailako zaintiratu hura; People-ko argiak; jolastu nahi duenean edonoren hanken artean muturra sartzen duen txakurra; igande iluntzeetako Renfeko jendea; lagunen dj mahaiak; asteazkenetako poteoak, morreoak; Sugeak eta nireak; trikitixa jotzeagatik jarritako isuna; Artiumeko gosariak; martxoak 3; eskailerapeko karaokea; Elurretako kafe-makina; etxeko garbiketa-txandak; Herrizomako saskiak; Auzolanako teilatua; Olarizuko ilunabarra; munduko tortillarik goxoenak; munduko kroketarik goxoenak; Sarcoptes scabiei; Adurtzako festa zoro haiek; «hemen lejiari pika esaten zaio»; polizia kanpusean; polizia auzoan; polizia Korda desalojatzen; Tirako ekitaldia; «afaltzeko Fuxiang?»; San Prudentzioko karakolak; etxe azpiko loradenda; salsa-batxata; bizikletak portalean; Kutxiko jendea; lagunen mudantzak; Arriagako parkinga; BEIa; Jimmy-tik etxerako buelta; Risketos paketeak… Zera horiekin guztiekin batera, zera horien guztien ondoan, toki bat egin dugu zazpi urteotan hemen, Gasteizen. Nire toki faboritoetako bat da.

Ez dakit hain maitatua den toki bati ze despedida egin behar izaten zaion. Toki batetik joatea ez da «agur betiko», baina aldaketa handia dakar bizitokiz aldatzeak. Horregatik drama-puntu hau. Denbora asko da zazpi urte, toki batean egoteko. Egongo garela pentsatu nahi dut, moduren batean, aurrerantzean ere hemen; lagunak eta planak eta egitekoak hemen izango dira bihar ere. Despedida txikiak egin nahi genituzke hemen-han, nolanahi ere; itxiera polit bat emateko honi guztiari. Irudipena dugu hobeto sentitukogarela horrela. Saiatu nahiko genuke erritual erromantizatuegirik ez egiten. Xenxible gaude, dena den; ikusten duzuenez. Momentuz, bigarren kaputxinoa eskatu dugu lagunak eta biok. Elkarrizketa nostalgikoak luzatzea izan omen daiteke, tripako azkurarentzat, kafe on bat bezain atsegintsua.

Auzoko jendeari, betiko tabernetako jendeari, zerbitzariei, Herrizomakoei, futbolean ezagututakoei, palakideei, uniko urteetan ezagututakoei, «Pekataxei», «kuadrilla biologikoari», erdizka ezagututakoei, mendi bueltaxka dibertigarrietakoei, izandako pisukideei eta bereziki gaurko etxekoei, muxu. Nire toki faboritoetako bat da hau, zuengatik denongatik batez ere.

Orain bagoaz hemendik, eta gauza askok utziko diote gure egunerokoan egoteari; pertsona askok ere bai. Nik, bakar-bakarrik, nahi nuke denbora luzez akordatu eta kontatu, nostalgia pittin batek hartzen didanean tripa, ze marabillosoa izan den hemen gertatu den hau dena.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE