Adi. Hau spam da.
Urtero egoten da gabon aurreko publizitate jasaren erdian herriko komertzioen alde altxatzen den kartelen bat, esloganen bat, amaginarreba edo osabaren bat, deiadarren bat. Familia guatxap taldean espero-duzun-birus-baten gisan, espero-duzun-betiko-senideak abenduero bidaltzen dizun «Aurten arduraz kontsumitu» izenburua daraman esteka horretaz ari naiz.
Urtero gauza bera, badirudi aurreko urteko linkak kopiatzen eta itsasten dituela. Data soilik aldatuta:
«2022 honetan arduraz kontsumitu»
«2023 honetan arduraz kontsumitu»
«2024 honetan arduraz kontsumitu»
Badakizu zer datorren.
Baina ahizpari erosiko diozun abrigoa fitxatuta daukazu. Aspaldi. Interneten. Eta ez preseski enpresarik txikienean.
Kolore argi bat nahi zuen, ez argiegia. Beltza badauka. Eta marroi ilun bat ere bai. Aurten alaiago bat nahi zuen. Ez hain serioa. Baina inoiz ez zaio arreta ematea gustatu. Fosforitoak-eta deskartatuta. Beix bat ondo legoke. Bai. Beixtxo bat. Plumasa badauka, zira ere bai. Larruzko beroki potolo bat eskertuko luke. Barrutik ileak dituzten horietako goxo bat. Berea zahartxo dago, kolorge, eta sintetikoa da. Honek itxura ona dauka. Baina botoiduna ez, kremailera nahiago. (Hori zure mania bat da). Luzea izan dadila; eztarria estal dezala, otoi. Eta maukek, puntan, atzamarrak sartzeko likrazko eskularrutxoak badauzkate, top.
Denbora zeneraman modelo ezberdinak konparatzen. Eta ufa. Abanikoa zabalegia da. Aukera gehiegi dago. Udazken osoa eman duzu klik eta klik. Eta azkenean, dzast! Mirari bat: Ezaugarri guztiak betetzen dituen abrigoa agertu zaizu pantailan. Ahizparen izena darama. Saski digitalean daukazu gordeta orain. Eta ez da preseski enpresa ezezagun bat. Algoritmoak arrastatu zintuen online dendaraino. Eta zer egingo diozu, ba. Herriko arropa-dendan modelo gutxi daude, agian neurririk ez. Batek daki. Ez zara pasatu ere egin. Arriskatzea litzateke.
Klik bat eta dena zure zerbitzura. Distribuzio zentro erraldoietako logistika, same day delivery banaketa sistema, hegazkinak, furgonetak, motorrak. Dena zure zerbitzura. Klik bat eta hurrengo egunean Amazoneko banatzaile esplotatua zure etxe atarian izango duzu.
Black Fridayeko ajea oraindik pasatu gabe eta berriro norbere algoritmo itsasoan igerian. Neurri-kolore-forma zehatzetara egokitutako desio pilulak pantailan. Eskatu nahi duzuna. Algoritmoak badaki kontsumoaren erotikaz. Algoritmoak badaki sexia izaten, eta ondo ezagutzen zaitu.
Baina klik baten atzean badakigu zer dagoen. Jakin, badakigu, baina komeni zaigu geure buruari errepikatzea: e-commerce eredu masibo, global, prekario eta gehiegitan deshumanizatu bat. Gure erosotasunaren izenean elikatzen dugun kontsumo sistema kutsakor, inkontziente eta kapitalista alimalekoa.
Jaitsi auzora, ondo etorriko zaizu haize apur bat, eman paseotxo bat. Ezagutu zure herriko zapata-, arropa-, pintura- edo jostailu- dendariak. Mimo handiagoz bilduko dizute oparia. Bereziagoa, afektiboagoa, etikoagoa eta garbiagoa izango da erositako berokia. Ez da gutxi. Eta ahizpak usainduko du hori.
Aurten ere guatxap taldean amaginarrebak urtero bidaltzen dizun birus hori izan nahi nuen, spam bat. Nik ere bota nahi nuen urteroko alamena: Aurten arduraz kontsumitu. Herrian erosi.