Zakua prestatu, bizkarrean jarri eta lagunekin festibalera zoaz. Baso berriak etxean ahantzi, zigarroak lehenago mugaren bestaldean erosi. Jatekoa eta edatekoa ere sartzen dituzu burasoei hartutako glazierrean. Orain arte zaharren kutxa bat zela pentsatzen zenuen. Familiako piknik aspergarriak antolatzeko kutxa inutila. 30 gradu aurreikusten dituzte aurten Euskal Herria Zuzenean festibalean. Hobe duzue hotz pixka bat garraiatzea, amak erranik. Aldi honetan haren abisuak segitu dituzu, inkaska. Ez zoaz hiru egun baizik pasatzera: festibala eginen duzu eta gero desmuntaketan egonen zara aste batez. Azterketak fini eta udako lanaren hastapena lortu duzu aste batez pusatzen. «Yes!».
Dena lagunaren autoan sartu eta Heletara abiatu zarete. Hango maldattoa igo duzue sarrera nagusira iristeko. Karro bat atzeman duzue zuen glazier alimalekoa tiratzeko. Batek hortik prestaturik. Denak bezala, dortoken antzera, zuen oihal-etxe erronda duzue bizkar gainean. Zakuaren tokia hartu du. Ez da batere praktikoa. «Nork asmatu zuen oihal-etxe erronden kontzeptua?», galdegiten diozu ondokoari. Dortoka koloretsuen armada dirudi. Zeuen buruak erridikuluak kausitzen dituzue. Alimaleko zakua glazierraren gainean pausaturik oihal-etxe ttipi bat bizkar gainean. Urrunetik eszena handia ikusten duzue eta zuek bezalako xinaurriak han-hemenka erdigunera abian.
Biriken erritmoan, festibalak arnastu eginen du festibala. Airea ez dadila eten
Sarrera aitzinetik erosia zenuten, prezio merkeagoan: zeuen buruei eskaini diezuen egiazko lehen oparia. Berantago erabaki duzue laguntzaile izatea. Orduan jadanik esku artean zenituzten txartelak. Ez da grabe. Festibalaren onerako da. Sartzean zuen txanden berri hartzen duzue eta kanpalekura zoazte presaka. «Putxax! Beste puntara joan behar dugu!». Oihal-etxea landatu, aperitifa hasi «eta gero aparkalekua zaintzera joan beharko dugu». Gau osoa pasako duzue azpiko aparkaleku iluna zaintzen. Ohartuko zarete autobusen geldigunea baizik ez zela. Promozio bat ukan zenutela uste zenuten. Nahiz eta lehen urtea izan laguntzaile bezala, arduradun izendatu zaituztete. Aparkalekuan. Funtsean, lau orduko txanda egin ordez zortzikoa egitera tokatzen zaizue. Orain ulertu duzue mekanismoa.
Eguzkiaren lehen izpiak agertzen dira. Heleta iratzartzen da. Lanerako bidea hartzen dutenek gautxoriak eta begi gorriak gurutzatzen dituzte. «Iep!» batzuk entzuten dira. «Ohera noa». Goizeko 08:00ak hurbiltzen ari dira eta gogoa duzue kafe baten hartzeko. «Agian berriz topatuko dut atzoko hura? Ez zait gehiago bururatzen zein komisioko arduradun zen. Ikusiko». Deusek ez du gehiago garrantzirik. Gainera, aski segur zara berriz topatuko duzula. «Azkenean denek elkar ezagutuko dugu hemen, ez?».
Berotzeko dutxarik ez, orduan hobe segidan mugimenduan jartzea. Aperitifa hartzen duzue zuen auzoak iratzarri ondoren. Ohartzen zarete lehen tragoa ez dela hain ontsa pasatzen batzuentzat. Oharkabean, zuek zarete fresko eta motibatuenak: ostiralean besta gutti egiten duenak asteburua abantaila handi batekin abiatzen du. Hurrengo txanda arte duzuen tartean galduko zarete plaza xoko, xapito, oihal-etxe eta eszenen artean. Biriken erritmoan, festibalak arnastu eginen du festibala. Airea ez dadila eten.