Garazi Kamio Anduaga.

Hirukoa

2023ko abenduaren 26a
05:00
Entzun

Puntu bat:

Hainbat film dira gaia erabili dutenak eta hamaika ordu pasatu ditugu haiei begira, ez naute ni berehalakoan harrapatuko esaldiaren amaigabeko formak behin eta berriz errepikatuz. Sektak edo fama txarra duten taldeak dira zeluloidean (edo modu digitalean) hamarkadak joan eta hamarkadak etorri errepikatu diren erakundeak. Ez gaituzte euren sareetan sekula harrapatuko. Edo bai.

Albiste izan da asteon espainiar estatuan indargabetu duten sekta, orain arteko eskema guztiak txikitu dituena: gizonezko homosexualak sendatzeko erakundea atzeman dute. Era guztietako drogak istorio honen osagai ere badira, baina arrotza denak gure begietara jotzen duenez, orain arte ikusi ez dena jazo da. Homosexualendako sendagaia eskaintzen zuen sekta honek emakumezko bat zuen organigramaren puntaren puntan. Euren gaixotasuna sendatzera joandako gizonezkoak (edo esan dezadan bide batez, mirariaren bila behartuta eramaten zituztenak) liderra zen emakumezkoarekin oheratzera behartzen zituzten. Matematika jarduera erraza izan da: drogak eskaintzen dizkizut eta emakumearekin oheratu ondoren zure homosexualitatea sendatuko dut.

Kontatu zuten nonahi albistea eta iritziak zein burlak harrien azpialde guztietatik irten dira. Hainbat iritzik sektaren liderraren telefono zenbakia eskatzen zuten, drogak eta sexua dohainik eskuratzeko baliabidea goraipatuz. Homosexualitatea pairatzen zuenik ere bazen tartean eta noski, bere gaixotasuna sendatzeko botika bila zebilela zioen.

Zinez deigarria da albistearen erdigunean dagoen pertsonaren generoak zer nolako iritzi aldaketa eman dezaken, udako enbata gogorrenaren haize-ufadek bezala. Zer nolako erraztasunez eta ustezko gorengo maila batetik egiten diren halako komentarioak, sexu-jazarpenari indarra kenduz. Sektaren liderrari generoa aldatuko bagenio, ahizpatasunez arbuiatuko genituzkeen gertatutakoak eta barruan dugun zuloak zentimetro pare bat irabaziko lituzke, ez naute ni berehalakoan harrapatuko batetik eskerrak ni izan ez naizen errepikakor batera igaroz.

Bi puntu:

Lointek-Gernika taldean jazotakoak lurrikara eta honen erreplikak eragin ditu gugan. Gure baitan lurra mugitzen sentitu dugun honetan, ustezko babesa ezerezean geratu da inguruko iritziak entzun ditugunean. Askoren ustez duela urte pila gertatutakoak ez du arrastorik uzten egun. Zertarako salatu, gertatu zena jada beste mende batean jazo bazen? Gogoratu tangoak zer esaten zuen: hogei urte ez dira ezer. Pentsa zer nolako bizitza eta batez ere zer nolako barneko zuloa izan behar duen biktimak bere baitan. Edo beste hitz batzuk erabilita: ea zer sentituko zenukeen zerorrek dena argitara ateratzeko indarrak bildu eta beste guztiok bizkarra emango bagenizu.

Hiru puntu:

Hiruko saskiratzea generoaren ikuspegiaren aldaketan dago. Gai bera beste protagonista batzuekin kontatzea, istorioa erabat eraldatzea baita. Adibiderik argiena Elizaren baitan eman ziren sexu abusuetan dago. Gernikan emandakoa urrun badago, ederki txalotzen du batek baino gehiagok duela hirurogei urtetik gora eskoletan jasandako sexu-gehiegikeriak azaleratzen direnean. Tangoa kopuruan hirukoizten da baina berdin dio, biktima izan ziren asko mutikoak izan baitziren garai hartan.

Maiz irudi du jazarpena jasandakoan kronometroa martxan jartzen dela; geroz eta denbora gehiago pasatu, mina, eragina eta garrantzia txikiagotzen doaz. Eta emakumezkoa bazara, saria beti da handiagoa: badirudi derrigorrez saskibaloiko baloiarekin uztaian garbi sartu behar dugula hirukoitza. Argi dagoena da gaur-gaurkoz garrantzitsuena puntuak biltzea dela ahaztu egiten zaiola bati baino gehiagori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.