elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Hispanitatearen ildotik

2023ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Hispanitatea: Hortik abiatzekotan nintzen, kontatuz bezperatik idazten genuela eskolan gaurko egunari zegokion erredakzioa, Kristobal Kolonek 1492an Amerika deskubritu zuenekoa, bere hiru karabelekin: Santa Maria, Pinta eta Niña. Aspergarri samarra zen urtero istorio bera errepikatzea, baina bazuen ordaina: urriaren 12an jai. Sekula ez ziguten esan Kolonen ekipoan euskaldunak ere bazirenik, Lekeitioko marinel bat eta Eako beste bat, adibidez. Hispanitatea zen irakasten ziguten Historiaren pasarte hartan gailentzen zena, espainiartasun puruena.

Kontatu nahi nuen ordurako hurbil samar genituela Ameriketako toki batzuk, bereziki Mexiko, hain gogoko genituen rantxeren bidez. Zinemak erakustenzigun, herrialde horrezaz gain, Argentina. Kolonbia eta Venezuela ezagun genituen herritar batzuk bizi zirelako han. Mapamundian begiratu eta urruti zegoen Amerika, baina ez zitzaigun gertatzen erabat arrotza. Izan ere, halako batean jakin genuen euskal jendea konkistatzaileen artean ibili zela; gero bizibide berri baten bila migratu zuela hainbat euskal herritarrek, eta errefuxiatu modura ere joan zirela hara, 1939an Venezuelara bereziki, eta geroztik Kubara, besteak beste.

Orain hegoamerikarrak bertan dauzkagu: adinduak zaintzen, atez ateko paketeria banatzen, taberna eta jatetxeetan zerbitzari... Eta baita osasungintzan ere, sendagile gisa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan atzerritarren %40,8 omen dira amerikarrak, Kolonbia, Nikaragua, Honduras, Venezuela, Paraguai eta Boliviakoak. Horietatik ia %60 emakumezkoak. Nafarroan antzera, eta baita estatuko beste leku batzuetan ere.

Kolonizazioa: Hamasek Gazatik israeldarren aurka zuzendutako eraso bortitzarekin, beste kolonizazio paradigmatiko baten enegarren leherketa ekarri du joan den asteburuak. Erantzuna tamainakoa izaten ari da. Dagoeneko 900 israeldar eta beste hainbeste palestinar hilik. Gerra hitza suelto dabil hedabideetako lerroburuetan. Alde bateko eta besteko ekintza eta borroken irudiak beldurgarriak dira, zinegilerik fantasiosoenak ere nekez asmatuko lituzkeenak. Hamasek zabaldu du iragan larunbatean jo zuten erasoaldiaren prestaketako grabazioa: mise en scène zaindua, gerrako ballet perfektua; eta haren osagarri, bahiketen eszena ezin gogorragoak. Begiak umeltzen dituzten horietakoak. Dagoeneko Bartzelonatik hamarnaka erreserbista irten omen dira Israelerantz, munduko beste leku batzuetatik bezala. Gerra hori ez da, ordea, soldaduetara mugatzen, gerrak gizarte zibila harrapatzen du bete-betean, bai Hamasen aldetik eta baita Israelgo Gobernuaren aldetik ere.

Jerusalemetik berriemaile ari diren kazetariei begiratzen diet: Mikel Aiestaran beasaindarra ETB eta La Sextarako, eta Usoa Ubiria Gastaminza donostiarra TVErako. Biak kaskoa jantzita ere ikusi ditugu, eremu arriskutsuren batean. Eta hurrena, Aiestaran gauez, Jerusalemgo kaleetan bizi duten tentsioaren lekuko. Nekea eta nahigabea sumatzen zaie korrespontsal bati zein besteari. TVEko La noche en 24 horas saioan Haizam Amirah-Fernandez politologoa, Elkano Institutuko kidea, aritu zen astearte gauean. Egun hauetan entzun dudan analisirik argi eta ekilibratuena; Bidenekordu batzuk lehenago bota zuen diskurtsoaren antipoda.

Egipto palestinarren eta israeldarren artean bitartekari lanetan aritzeko prest omen dago. Aldiz, Estatu Batuetako eta Europako agintariak, oro har, israeldarren aldera lerratu dira lehen unetik. Bitartean, Israelgo lehen ministroa, Benjamin Netanyahu, mehatxuka dabil, asaldatuta zeharo, eta orain arte eskuin muturrarekin osatu duen gobernura ezkertiarrak ere hurbildu nahian.

XXI. mendea: Noren eskuetan dago gure mundu hau?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.