Irudiak ez dira esplikatu behar. Eta halere:
I. ICEk bananduta (Carol Guzy). Luisen alabak aitaren jertsetik tiraka ari dira. Estatu Batuetako migrazio politiken ondorio emozionala ikusten zaie aurpegian, negar keinuan. Manhattaneko Jacob K. Javits eraikin federala deportazio masiboen kokaleku bihurtu da.
II. Giza laguntza larrialdia Gazan (Saber Nuraldin). Palestinako zenbat argazki ikusiko genituen ja. Hona beste bat. Giza dorre bat, agonia zantzuak eta fondoan suntsitutako hiri baten hauts marroia. Europako azken mutur honetan bizi dira anestesia, apatia eta indiferentzia. Nola kabi daiteke genozidio bat pantaila batean?
III. Achi emakumeen epaiak. Zuri-beltzean (Victor J. Blue). Paulina Ixpatá Alvaradoren erretratua da, indigena maia achia. Begietan somatzen zaio nekea, ausardia eta min zaharra: 1983an Guatemalako armadaren sexu indarkeria eta etxeko esklabotza. Begietan sumatzen zaio ezein kondenak konpon ezin dezakeen zerbait.
IV. Joburg Ballet Eskola, Soweton (Ihsaan Haffejee). Eskaileretan gora doaz ballet dantzariak. Kolonialismo europarrak elite zurien esku soilik utzi zuen dantza klasikoa Hegoafrikan. Apartheida. Baina orain eskaileretan gora doaz neskak tutuekin, burua altu, tente eta azala bel-beltz.
V. Hartz zuri bat, hildako katxalote baten gainean (Roie Galitz). Trumpek ezetz dio baina Artikoan izotzak urtzen jarraitzen du. Udaberri honetako zerua ere zerbait esan nahian dabilkigu… Hartza balea jaten ari da. Metafora bat da.
Mundu piztia honen hamaika erradiografia, hamaika erretratu, giza hondamendi honen alegoria xerka
VI. Okupa familia bat, amona eta bilobak, Brasilgo Parque dos Lagosen (Priscila Ribeiro). Amamaren ondoan etzanda daude lau bilobak. Maitasun erradikalaren eszena batzuetarako ez da asko behar: logela bat, lau horma, zorua, sabaia eta koltxoi bat. Etxe hutsen jabeak barrua berotzen dutenak dira.
VII. Ribeiro Gobernuaren egoitza sutan, manifestazio bortitz batean. Katmandun (Narendra Shrestha). Gobernu bat sutan.
VIII. Palestinaren aldeko protestari bat atxilo, New Yorkeko Columbia unibertsitatean. (Alex Kent).
IX. Errusiaren erasoaldia Kieven kontra. Misilez jo zuten Valeria Syniuken (irudian) etxea (Evgeniy Maloletka)
X. Adinekoekin hitz egiten duen Emma robot soziala (Paula Hornickel). Emakume heldu bat eta robot bat tête-à-tête Alemaniako Albershauseneko zaharren egoitza batean. Paleta beroa du argazkiak (hori-laranjak) baina, nola esan… hotza da erretratua. Erresidentzietako hotz hori, bakardadea, zahartzaroa, eta dekorazio tetrikoaren tenperatura. Pentsa. Lehen telebista zen, baina laster Adimen Artifizialak habitatuko ditu gure zahartzaroak.
XI. ICEren kontrako protesta bat Portlanden (Jan Sonnenmair).
Iturria: World Press Photo 2026.
Irudiak ez dira esplikatu behar. Poemak ere ez. Ez dute azpititulurik behar. Eta, halere, argazki hauen gainean hitz batzuk etzan nahi nituen. Berben agentzia eta plazeragatik soilik. Pultsio dialektiko bat. Mundu piztia honen hamaika erradiografia, hamaika erretratu, giza hondamendi honen alegoria xerka.
Ezin izan ditut argazkiak ekarri.
Hitzok bai, ordea.