Aner Euzkitze.

Itzultzearen erotika bat

2025eko maiatzaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Artearen autonomiaren aurka. Artearen automasturbazio teknikoaren aurka. Arte despolitizatuaren aurka. Pertsonak pertsonen artefaktuak (hizkuntzak, kodeak, teknologiak, arte-diziplinak blablabla) baino garrantzitsuagoak dira, arte-komunitateak arte-diziplinak baino garrantzitsuagoak dira. Komunitate hauen izaerak asko esaten du bertako biolentzia egituratuez, hierarkiez eta arauez. Horretaz pentsatu nahi ez izateak ere bai.

Itzultzeaz idatzi nuen irailean. Ez itzultzeaz zehazki, ez itzultzearen alde, itzultzea heteroen mobida erromantizatu bat zelakoan, ez nuelako nahi interesa dakigun. Eta ordutik gauza asko, jende asko, kontzeptu asko itzuli da denbora gutxian.

Modan dago itzultzea, ederra delako, epela delako, gozoa, isila, asebetetzailea. Ardorik txarrena ere ontzen omen du denborak. Euskal eszena artistikoan asko famatzen dira itzulerak eta asko ari dira gertatzen; gehiago beratzen, segur aski. Ez dut ukatuko, Hatortxuk gero dezepzio bihurtuko zen hype hura sortu zuenetik daukat hau kateatuta. Dena 14 gizonengatik.

Modan daude itzulerak, ez musikan bakarrik, baina zein? Harrigarriki, gizon heteroek ordezkatzen dituzte gizon heteroak. Bitartean, gabiltzanok (ez-gizonok) ziklikoki pentsatzen dugu, aldika, batzuetan besteetan baino zinezkoagoki, ez ote litzatekeen hobe joatea. Ez da kasualitatea. Beste batzuk itzuli egiten dira, baina ez dira itzultzen Gose eta Arantzazu Loidi eta bertsolaritzak bota zituen marikita guztiak, itzultzen dira besteak.

Itzuliko dira itzul daitezkeenak, hemen leku bat dutenak oraindik. Aulki bat zain dutenak. Haiek bueltan etorriko dira hau ez delako aldatu, lehengo botere-kuotek operatzen jarraitzen dutelako. Eta arrazoi berberengatik ez dute egingo beste batzuek, industriak, sistemak, plazak kanporatu zituztenek, hau ez delako aldatu eta lehengo kanporatze-mekanismoek zutik dirautelako. Badakitelako hori, eta eskerrak dakiten, agian. Ez dira itzuliko, eta are gutxiago itzularaziko dituzte bota zituztenek. Gaur-gaurkoz, borondate feminista espliziturik gabeko zirkuitu oro da patriarkala, emanaldi misto, jeneralista, neutro oro. Ea nork nahi duen horra.

Gizonena da oholtzen monopolioa eta, beraz, gizonena da nostalgiaren monopolioa. Oso ongi muntatu dute: haiek bakarrik daude, haiek bakarrik joango dira, haien falta bakarrik nabarituko dugu eta haiek bakarrik itzuliko dira. Eta beharbada erromantizatu behar dugu ez itzultzea, inori ezin zaiolako irauteko eskatu. Igual, honezkero, joan ziren genero-disidenteen eta emakumeen lorpena ez da bueltatzea; izan daiteke etsitzen jakin izana eta errurik gabe alde egin izana ere. Bi gauzak egin beharko ditugu akaso: ez itzultzea erotizatu eta lasai itzultzeko baldintzak sortu. Eta horretarako gizonak bota, haiek gu biolentzia sutil eta egituratuz bota ez gaitzaten. Ez dugu joan nahi zuek entzutera, irakurtzera, ikustera; ez etorri.

Badauzkagu guk ere, ordea, gure nostalgia-unetxoak, gure itzulera zoriontsuak. Handienetako bat maiatzean zehar ari da gertatzen, eta etzi joko du goia: V. Señora Sariketaren finala Iruñean. Mendeku sinboliko eta politiko erraldoi baten eguna da etzikoa. Gustatzen zitzaiona nahi ez zuela sinetsarazi zioten jende batek berriz nahi izateko lekutxo bat berratondu dugu denon artean konpromiso eta ilusio feministaz. Oso harro egotekoa da hori.

Purpurina, puru, lazo, mahai-zapi, gaileta, kateorratz, luma eta ile hori-arrosa artean grina gaizto batekin egingo dugu barre, oso ongi pasatuko dugulako eta hori putada bat delako gu gabe ongi pasatu nahi dutenentzat. Gureak dira itzulera eta nostalgia, eta gozatu egingo ditugu.

Rosi, Kristina, Aizpea, Lierni, Iraitz, Maddi, Amaia, Malen, Lasku, Li, Jone, Idoia, Zihara, Udane, Gallas, Ainhoa, Julen, Irati eta Joel. Onenak zarete. Ezin genizuen itzultzeko eskatu, ez, baina bai itzuli izana eskertu. Super pozik eta emozionatuta gaude. Larunbata polit-polita izango da. Mila esker itzultzeagatik. Orain geratu pixka-pixka bat gehiago, mese.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.