lizar begona

Izan zaitezte 'ye-ye'

2024ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

«Gazteok, izan zaitezte ye-ye edo nahi dezutena, baina lehenen eta beti euskaldunak!». Horiek izan ziren duela berrogeita hamazortzi urtarril Ramón Saizarbitoriak Donostiako Viktoria Eugenia antzokira gerturatu zirenei oholtzatik esan zizkien hitzak. Gaur nik deskubritu eta berreskuratu ditut, Interneten hitz lodien bila tarte batez alderrai ibili eta gero.

Orduan ni ez nintzen fetu-erdi ere, baina batzuk akordatuko dira atzo bezalako egun batean, frankismo betean (1966ko urtarrilaren 23an, zehazki) egin zen euskal musikaren jaialdi hartaz. Besteak beste, Benito Lertxundi, Kemen hirukotea, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Zuaznabar anaiak, Arantxa Gurmendi eta Julen Lekuona izan ziren parte hartu zuten izen entzutetsuetako batzuk.

Imajinatu tabardo zabalez eta belaunetaraino erortzen zitzaizkien montgomeryz ibiltzen zen gazte-talde erreboltari antifolklorista bat. Txistua jo eta aurreskua dantzatzeagatik beren buruak euskaldun jatortzat erakusten zituztenen aurkakoak, eta batez ere modernotasuna ez zela euskararen etsai aldarrikatzen zutenak. Izan ere, errebindikazio horrek bultzatuta batu ziren gerora euskal literaturan 64ko belaunaldia izendatu zituzten horiek. Hori izan zen, preseski, euskararen guaytasunagatik borrokatu zuen talde gako bat gure historian.

Garai hartatik aurrera ez ziren gutxi izan euskaraz sortzeko hautua egin zutenak: rocka euskaraz kantatzea aukeratu zuten Biurriak eta Yoloak taldeek. Errobi, Etxart, Duhalde, Koska, Lisker eta Enbor taldeek ere bide bera hartu zuten 70eko hamarkadan. Itoiz, Hertzainak, Zarama eta Kortatu 80koan, gero. Eta atzetik etorri zaizkie continuum horretan jarraitu duten gizaldiak, egun dugun eskaintza kultural esan badaiteke «anitza» osatzeraino.   

Hizkuntza handiagoen imitazioan erortzea izan ohi da hizkuntza txikien tentazioa. Altzo popularrago batetik ederrago luzitu baitezake idazten edo kantatzen den testu batek. Hori uste izaten da, behintzat. Baina modako azken traje garestiarekin ispilura begiratzen duenak ere egiten du hori.

En català, molt per llegir, molt per escoltar, molt per gaudir (Katalanez, irakurtzeko asko, entzuteko asko, ikusteko asko) elkarrizketa zikloan hizkuntza gutxituen bueltan hainbat idazleren testigantzak jaso ziren. Horien artean, Pol Guasch idazle katalanaren adierazpen batek pentsatzekoa eman zidan, zera zioen; hizkuntza gutxituek jasaten dituzten opresio eta biolentziez gain, abantaila handi bat ere badute: Hizkuntza bera etengabe birpentsatzeko ariketa. Hizkuntza hegemonikoen kontrara, euskara bezalako hizkuntza gutxituek ez dute erreferente edo herentzia argirik. Eta horretxek berak ematen diela nolabait identitatea eta kultura beraren dinamikak aldi oro hausnartzeko arrazoia.

Natalio Hernándezek nahuatl idazleari gurasoen hizkuntzan idazteko hautua hartu zuela irakurri diot, bere kasuan bakardadea eztitzeko erremedio gisa, batetik, eta sustraiak berresteko aldarri modura, bestetik. Hizkuntza indigenek jasaten duten gutxiespena ere aipatzen du, gobernu politikek hizkuntza herren eta atzeratua izango balitz bezala tratatzen dutela gaineratuz.

Kuriosoa da oso gurea bezalako hizkuntza txikien itzalean sentitzen dugun konplexua eta ziurtasun falta unibertsala. Euskarak guay izateko berezko zilegitasunik ez balu bezala, indioilarren luma koloretsuak, itzulipurdi eta kanpai-buelta linguistikoak erakutsi ezean, zail egiten zaigu euskaraz sortutako oro lotsa zantzurik gabe sortu eta kontsumitzea. Eta hau ez da, inolaz ere, eman den sententziarik originalena izango, badakit, baina zera utzi nahi nuen idatzita: euskaraz mundu bakan eta ederrak sortzen dira, agian euskaratik bakarrik sor daitezkeenak, eta ez hurkoaren imitazio izu-hantustean.

Saizarbitoriari berari lapurtu dizkiot hurrengo berbak ere: «Hobekuntza etortzekotan ez zaigu mimetikoki handiek egiten dutena kopiatzetik etorriko, ingelesa edo gaztelania edo katalana bera ez zaizkigu baliagarriak eredu bezala, eta ez dugu beste erremediorik originalak izatea baino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.