Haira Aizpurua

Jendarmeez (jende (?) armatuez)

2026ko urriaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ene auto ttipi grisarekin maldan behera abiatu naiz. Stopean gelditu eta eskuinetara hartu dut leihatilak jaitsi bitartean. Patar maldatsu eta estu bat igotzen hasita, hara non eskuineko kurban ikusi ditudan. Itsasontzi alderantzikatu bat biloetan, polo urdin argi bat bularrean, txaleko beltz dirdiratsu bat zintzilik. Eskuineko besoa altxatu du ni ikusi bezain pronto. Motorra gelditu eta esku-frenoa nehoiz baino gorago tiratu dut. Traaat.

Nire auto apalaren neurrira makurtu du lepoa. Ba al dakidan zergatik geldiarazi nauten. A, ez, batere —ahots dardartiak—. Kontrako zentzuan doan bidea hartu dudala. Ohartu ote naizenez. Eee ee e ez —totelka—.

Jendarme bat ene datuak hartzen hasi da kotxearen gibelean. Matrikula espainola dudala adierazi dio barrezka kideari, L eta A daramatzadala. Lepo makurra letren zergatiaz galdezka hasi zait. Nola esplikatuko diot? Zer hitz erabiliko dut lurraldetasunaz hitz egiteko? Beldur naiz gerta daitekeenaz Euskal Herria aipatuz gero. Atzean daramadan EHZko kartelari buruz galdetu dit ondotik (bai, udatik kotxean daukat), zer den galdezka. Berriro sentitu dut angustia hori. Zer erran, zer ez.

Oroitzen dudan hurrengoa jendarme trufatiaren ebazpena da: lau puntu eta isun polit bat izanen dira, mademoiselle. Burua ez nuen hor, eta gorputzak erantzun zuenaz ez naiz oroit. Ez nuen panelik ikusi, ez zen kontzienteki egin nuen ekintza bat.

Hurbileko bati kontatu nion eta hala erantzun zidan: «Jendarmeekin beldurtu al zara? Guardia zibilak balira, ados, baina jendarmeak ziren, neska!». Ez ziren guardia zibilak izan, ez. Baina arraroa al da alertaz jardun izana poliziak gure inguruan egin afruskeriak ikusirik?

Hurbileko bati deitu nion negarrez hipaka eta erran zidan eskubide osoa nuela bide horretatik pasatzeko, etorri nintzen lekutik etxera joateko. Herriko etxea deitu. Jendarmeria deitu. Nahaste bat izan dela, egoteko lasai, kontestatzeko eta voilĂ .

Nola da posible hortik pasatzeko baimena nuela nihaur ohartu ez izana? Nola da posible haien aitzinean hainbeste blokeatu izana egoeraren kontzientzia galtzeraino? Ebe bai, hala gertatu zitzaidan, kontrol guzia galdu nuen kontrol hartan. Kontatzeko beharrez, hurbileko bati kontatu nion eta hala erantzun zidan: «Jendarmeekin beldurtu al zara? Guardia zibilak balira, ados, baina jendarmeak ziren, neska!».

Ez ziren guardia zibilak izan, ez. Baina arraroa al da alertaz jardun izana poliziak gure inguruan egin afruskeriak ikusirik?

Ez nintzateke blokeatuko agian ez banitu uda osoan zehar gurutzatu Hendaia eta Irunen arteko mugan, arma izugarriak eskuetan: kadena ziztadunak, bala eramaileak eta gorputz zurrunak.

Ez nintzateke haserretuko agian ez banitu nire herriko ostatu batean jendarmeak ikusi erreka bazterra miatzen, Ceutako egoeragatik Macronek mugak zaintzeko agindua eman zuenean.

Ez nintzateke beldurtuko agian ekainean ez balu udaltzaingoak Ander Saenz hil.

Ez nintzateke sideratuko agian duela guti ez balu udaltzaingoak Babacar Well hil.

Ez nintzateke asaldatuko agian azken egunetako ikasle mobilizazioak ez balira bortizki kolpatuak izan.

Azkenaldian gertatzen den horrez gain, beldur intergenerazional eta kolektibo bat existitzen da, ukaezina. Duela guti arte, gure herriarekiko atxikimendu baten adierazgarri zen txapa bat eramateagatik bildutako zafraldietatik herritar anitzek jasandako torturetaraino hedatzen dena. Beraz, ez: ez da arraroa blokeatu izana.

Izan guardia zibilak, poliziak, jendarmeak edo udaltzainak, beren botereaz abusatzen duten estatuaren arma gorpuztuak dira. Ez dezagun bizipenik konplexu indibidual bihurtu, haiekin ukaniko interakzio desatsegin bat bada ere, konta diezaiogun elkarri, hori baita indar polizialari aurre egiteko hartu beharreko bidea, kontrako norantzan hartua izanen bada ere.
 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA