Bai, zin egin nuen, Scarlett O’Harak bezala, ez nuela bere izena berriz ere lerro hauetara ekarriko, baina zer nahi duzue esatea, morboak eta behazunak jokaldi guztiak irabazten dituzte. Badakit bere estrategia politiko moduan jotzen direla esaten dituen guztiak eta hau ere noizbait Zientzia Politikoetako fakultateetan ikasiko dutela Make America great again idatzita eramango duten txapela gorriak soinean dituztela.
Ez dakiena da kateto hitza izugarri gustuko dudala, gehienbat hitz zaharruno horietako bat delako eta aizue, berari esker etorri zait berba berriz ere mingainaren puntara. Jolas egin dezagun hitzarekin berari esker, bera aipatu gabe:
Egon badira hamaika kontu inozokeriaz gainezka duen buru horretako entzefalograma lauan kabiturik ez dutenak, azken batean dena baita ka-te baten baitan doan gurpil zoroa, izan bere buruan edo geurean. Eguraldi beroari erreparatu diezaiogun: perretxikoen moduan zabaldu dira tabernetako terrazak eta egurrezko zein metalezko aulkiak. Sartzen al da eroso zure ipurdia aulki horietan? Agian arazorik ez duzu eta ez diozu arazoari berari gehiegi erreparatu, edo batek daki, atzo bertan eseri zinen lagunartean egoteko eta aizu, arte martzialetan iaioak direnek ere kostata egiten duten gerri-kolpe hori eman zenuen aulki horretan esertzeko. Alarmak ere piztu zitzaizkizun: «Esango nuke pasa den urtean erraz esertzen nintzela eta aurten justu antzean nabil». Touché(e). Entzutearekin bakarrik Titanic bera ere hondoratuko lukeen esaldiak ez du lodifobia baino atzetik, baina ondo baino hobeto dakigu zer den geure buruari zartailu sofistikatuenarekin zartakoak eman eta eman aritzea. Ez da zure errua terrazetako lekua ahal den hobekien zukutzen saiatzean aulkien tamaina txikitu badute. Bai, aulkien zabaleran estutu egin dira kontuak, are eta jende gehiagok lekua izan dezan ustez hain atsegina den te-ka egur exotikoz betetako terraza horretan.
Estutu ziren bere garaian neurriak ere eta sortu zituzten oraindik garatu gabeko gorputzentzat ziren praka tamainak. Ez bazara marraren barruan sartzen, akabatuta zaude, ka-te-atu zaituzte; eta ka-te atera duzu bizitzaren azterketan.
Inoiz ta-ka-te-ko-rik jaso izan duzulakoan nago. Zure gorputza disidentea izan daiteke, izan goitik behera begiratuta edo oinen tamainan soilik. Jakin zapata finak hanka finentzat daudela eginda; 43 bat duzula esaten badiezu, inozotzat hartzen zaituzte: ez dute oinetako mota hori hain hanka handientzat sortzen; joan zaitez Alemaniara.
Garai batean Londresera abortatzera joaten ziren gazteen antza hartu du honek: izkinarik ilunenera bideratzen dituzte normatik ateratzen diren guztiak. Argitan zenbaitentzat lekurik bada, baina ondo begiratu zer nolako gorputzak dituzten. Ka-te-ta baitzara besteen begietara. Neguan antsietateak irabazi dizu Txapeldunen Liga eta, zuk berari aurre egin nahi izan diozun arren, bera izan da beti olioa eta zu ura. Ez zara mugitu, hori egiteko behin eta berriz etorri zaizkizun arren inguruan dituzun coach emozional horiek, AEKtik (Analfabeto Emozionalen Kluba) aspaldi lizentziatu zirenak.
Iritsi da uda eta ka-te-ta izaten jarraituko duzu, baina ez dakizuna da zer den ka-te-ta ez izatea: sekula ez irakurtzea, begien aurrean paratzen zaizkizun notiziei ikuspegi kritikoz ez begiratzea, zilborra zein eder dagoen ikustea edo zure bizitzaren erdigunea txarangak bilatzen ibiltzea izatea.
Uste dut negu honetan letra gehiegi irentsi eta ipurdian itsatsi zaizkidala guztiak. Udan pentsatuko dut letra horiek nola txukundu. Ez dakidana da nola esan kateto ez diren horiei burua hazteko premia berezia dutela. Agian Isabelek emango die arrakastaren giltza.