Gaur hamabost Donostian ibili nintzen. San Telmoko liburutegian, Clemente Bernaden liburuan iraganera egin nuen jauzi. Presoen erretratuekin egindako kartolak lurrean elkarren gainean ageri zituen argazkia geratu zitzaidan begi ninietan. Harkaitzen poema bat dakar hasieran Hemendik hurbil liburuak: bandera trapu bat da haizerik ez badabil, ostera, haizea dabilenean oso bestela dira gauzak eta bandera trapu bat da. Itsasoa ikustera joan nintzen gero. Haizea leun zebilen. Trapua han zegoen, goian.
Urertzetik egin nuen Kursaalerainoko bidea, neure baitako bakartasunean eta jende arteko bakardadean, pauso azkarrean: Harun Farockiren erakusketa neukan zain.
Juan Luis Zabalak honela laburtu zuen bere biografia 2014ko abuztuaren 2ko BERRIAn:Â Indiakoak zituen gurasoak, eta 1944an sortu zen, gaur egun Txekiar Errepublikan dagoen baina orduan Alemaniakoa zen hiri batean, Novy Jicin-en. 1966an, Berlingo Zinema eta Telebista Akademian ikasten hasi zen, baina bi urte geroago egotzi egin zuten, propaganda iraultzailea zabaltzea leporatuta.
Wim Wenders, Rainer Werner Fassbinder, Werner Herzog, Volker Schloendorf eta Alexander Klugerekin batera alemanezko zinemagintzaren berritzaile nagusietako bat dela dio zinemagintzaren historiak, baina Harun Farockik zinemagile horien eta beste hainbat zuzendari garaikideren aurkako kritika gogorrak plazaratu zituen, esanez ikusleak espero duenari zintzoegi erantzuten dioten filmen moldeetara errenditu zirela.
Napalmak erretako jendea ikusten dugu, eta ez dugu ikusten guk ere haien ekoizpenean lagundu dugunik. Denok egiten dugu lan gure ustezko xurgagailu-fabriketan, eta ez dakigu zer egiten den gutako bakoitzak egiten dituen piezekin
Lan asko dauzka aipatzeko modukoak, Langileak fabrikatik irteten, hamaika hamarkadaz esate baterako, baina, gaztetan ikusi nuelako-edo, Su itzalgaitza iruditu zitzaidan ikaragarria berriz ere. Sarean dago ikusgai, 22 minutu dira. 22 minutu, mundua hobeto ulertzeko. Hauxe dio berak, Ez fidatu irudiez liburuan:
Lehenengo filmaren egitura bururatu zitzaidan, zertaz ari nintzen jakin baino askoz lehenago. Une hartan ez nuen ezer idatzi, beraz, ideia hura gogoratzeko balioko zidan adibide moduko bat behar nuen. Txiste bat entzun nuen eskolako patioan. Gerraosteko garaian gertatzen da: gizon batek aspiradora fabrika batean lan egiten du. Egunero lapurtzen du pieza bat. Behin zati guztiak bildu ondoren, xurgagailua armatzen saiatu... baina berdin dio nola jarri, emaitza beti da metrailadore bat.
1. Langilea naiz eta xurgagailu-fabrika batean lan egiten dut. Xurgagailu bat oso baliagarria izan liteke nire emaztearentzat. Horregatik eramaten dut egunero pieza bat etxera. Han xurgagailua armatzen saiatzen naiz. Baina ez du axola nola jarri zatiak, emaitza beti da metrailadore bat.
2. Ikaslea naiz eta gaur egun xurgagailu-fabrika batean lan egiten dut. Hala ere, uste dut fabrikak metrailadoreak ekoizten dituela Portugalentzat. Hori horrela dela egiaztatzea oso baliagarria izan dakiguke. Horregatik eramaten dut egunero pieza bat etxera. Han metrailadorea armatzen saiatzen naiz. Baina ez du axola nola jarri zatiak, emaitza beti da xurgagailu bat.
3. Ingeniaria naiz eta etxetresna elektrikoen fabrika batean lan egiten dut. Langileek uste dute xurgagailuak egiten ditugula. Ikasleek uste dute metrailadoreak egiten ditugula. Xurgagailua arma erabilgarria izan daiteke. Metrailadorea objektu erabilgarria izan daiteke etxerako. Fabrikatzen duguna langileen, ikasleen eta ingeniarien esku dago.
Hau nire filmeko aipua da: Su itzalgaitza. Hiru pasarte horietatik abiatuta, Vietnamgo gerrari eta napalmaren ekoizpenari buruzko film bat egin behar nuela konturatu nintzen. Filmak erakutsi behar zuen herrialde aberatsetan telebista pizten dugula eta Vietnamgo irudiak ikusten ditugula. Napalmak erretako jendea ikusten dugu, eta ez dugu ikusten guk ere haien ekoizpenean lagundu dugunik. Denok egiten dugu lan gure ustezko xurgagailu-fabriketan, eta ez dakigu zer egiten den gutako bakoitzak egiten dituen piezekin.
Gaur hamabost Donostian nengoen, baina oraindik ez dakit nora joan nintzen zehazki. Neure baitara, ziur aski.
Egunero daukat erabaki beharra, katea izan, ala begia.