Xabier Gantzarain Etxaniz.

Katea

2026ko azaroaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nik ez dakit nola, baina dena dago lotuta. Eta horixe da katea: hautsi beharrekoa, hegemonia ikusezinaren gatibu zauzkana, baina baita bizitzara lotzen zaituena ere. Pharmakon bat, Bernard Stiegler filosofoak esango lukeen bezala, pozoia eta erremedioa aldi berean. Katebegia baldin banaiz, neuk aukeratu nahi dut, ahal dudan neurrian, zein katerena izan.

Etxean alferrik dauzkadan liburuak tarteka apaletik atera eta ireki egiten ditut, eta deszifratu ezinak diren hieroglifikoak agertzen zaizkit maiz: argazki zaharrak, metroko txartelak, kaieretako orri andeatuak. Markak dira, katearenak. Neureak behar dute, baina ez dakit esaten noizkoak diren, ez dakit zer egiten duten hor. Irakurtzeari ekiten diot orduan, munta handiko konturen bat seinalatzeko utziko nituela sinetsita, baina aurkitzen dudanak ez nau betetzen normalean, eta orduan pentsatzen dut halabeharrez bukatuko zutela hor, beharbada hor abandonatuko nuela irakurketa, batek daki.

Digresio txiki bat: ni esaten dugunean subjektibotasuna sortzen dugu; guztiok ni izenordaina partekatzeak berdintasun sakona ahalbidetzen du; izenordain hori esaten duen bakoitzak hizkuntza osoa bereganatzen du. 

Bizitzaren eta etorkizunaren beldur nahi gaituzten honetan, jendearen eta luxu komunalaren alde egitea besterik ez zaigu geratzen

Etxean alferrik dauzkadan liburuak tarteka apaletik hartu eta ireki egiten ditut, esan bezala, eta aurkikuntza bitxiak egiten ditut batzuetan. Michael Hardt eta Antonio Negriren Inperioa liburua hartu nuen atzo, eta William Morrisen aipu batekin hasten dela ohartu nintzen.

«Gizakiek borroka egiten dute, eta galdu, baina borrokara eraman zituena lortu egiten da, nahiz eta porrot egin, eta orduan gertatzen da haiek lortu nahi zutena ez izatea, eta, beraz, ondoren beste batzuek borroka egin behar dute aurrekoek nahi zuten gauza bera lortzeko, nahiz eta orain beste era batera deitu».

Horixe da katea. Katea da irakurtzea hori eta Kristin Rossekin akordatzea, Argiak eskaini zion 2017ko Larrun (urrun) hartan, luxu komunalaz hizketan:

«Zergatik ez zuten komuneroek Versailles hartu? Zergatik ez zuten antolamendu militar hoberik? Zergatik galdu zuten denbora (suposatuz kontziente zirela Komuna bukatzear zela eta denbora preziatua zela) udaletxean eztabaidan? Zergatik ez zuten banketxeko dirua hartu? Komunaren gaineko iruzkin eta analisi bukaezinek horrelako galdera ezinezkoak planteatzen dituzte edo komuneroen akatsak zerrendatzen  —Komunaren memoria maite dutenek egiten dute gainera—. Niretzat ikaragarria da ikustea desira hori zein ezabaezina den: iraganari zerbait irakasteko gogoa, edo iraganaren porrotak erabiltzea guri zerbait irakasteko (eta hori, funtsean, gauza bera da)».

Ezaguna egiten zaizu, ezta?

Horixe da katea, porrotetik garaipenera eta viceversa, irabazi arte eta galdu arte, porrotetik porrotera egindako bidea, eta ahal bada bakoitzean hobeto frakasatzea.

Horixe da katea, irakurtzea William Morrisen aipua eta akordatzea Kristin Rossekin, eta ez akordatzea Kristin Rossek William Morris aipatzen zuela 2017ko Larrun (urrun) hartan:

«Mundua bi taldetan banatuta dago: hitzekin eta irudiekin jolasteko luxua dutenak, eta luxu hori ez dutenak. Luxu komunalak banaketa hori gaindituko du. Komuneroen ekintzek argi utzi zuten moduan, gizarte baten baliabide eta lorpen estetikoek ez lukete 'tapizeria napoleoniko kaskar' baten forma izan behar, William Morrisek Vendôme zutabea definitzeko erabili zituen hitzak berreskuratzearren».

Bizitzaren eta etorkizunaren beldur nahi gaituzten honetan, jendearen eta luxu komunalaren alde egitea besterik ez zaigu geratzen:

«Luxu komunala, beraz, eguneroko estetika-prozesu bat eraikitzeko modu bat da, norbere buruaren emantzipazio-ekintza agerikoa. Eta, hortik abiatuta, klaseetan oinarritutako luxuaren amaiera gara dezakegu, eta aztertu halako ideia batek irekitzen duen gizarte-aberastasunaren ikuspuntu erabat berria».

Oharra: digresio txikia (ere) Kristin Rossena da, hark Jacques Rancière filosofoari irakurria, antza.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA