Xabier Gantzarain Etxaniz.

Katebegia

2026ko irailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jende ikusezinez beteta daude basoak, ezkutatu egiten dira, adarretara igotzen dira handik jaisteko batere asmorik gabe, azeri-zuloetan sartzen dira, azkonarrekin ateratzen dira gauero, jauzika ibiltzen dira katagorrien pare, poeta satitsuak dira, giza oreinak, hontz zuriak, denetik dago.

Eta jende ikusezinez beteta gaude, nola ez, ezagutu ere egin ez ditugunengandik hasita: zu jaio aurretik hil ziren aitona-amonak, edo jaio orduko hil zen osaba, eta haien aurreko guztiak, abizenak utzi dizkizutenak; hor bizi dira nonbaiten denak, azido desoxirribonukleikoan, eta burmuinaren zokoren batean ere bai, gure jarreran, gure izuetan, gure uzkurtasunean, gure izatearen muinean, pentsatu gabe egiten ditugun mugimenduetan, hortxe denak, narrastiak izan gineneko ikaskizunak bizi diren modu berean. Milaka eta milaka urte dauzka gutako bakoitzak. Dentsitatea ikaragarria da.

Adinarena ere izango da, jakina. Irakurri duzuna, ikusi duzuna, entzun duzuna, bizi izan duzuna, ezagutu duzun jendea, hor daukazu dena, memoriaren dentsitatea ere ikaragarria da. Milorri gozoa izaten ere badaki memoriak batzuetan.

Eta, paradoxa badirudi ere, dentsitateak arintasuna ematen dizu, eta ez dakizu oso ondo azaltzen zergatik.

Baina hegan harrapatzen duzu zeure burua Lisboako teilatuen gainetik Azpeititik Azkoitirako bidegorrian, lehen Urolako trena ibiltzen zen bidean, globoan zoaz Nadarrekin, irakurri egin behar da Julian Barnes, esklaboen salerosketan ari dira Praça do ComĂ©rcion, Ricardo Reis eta Alberto Caeiro Bernardo Soaresen zain daude kafe bana hartzeko, Olisipografoa izeneko liburua inoiz bukatuko ez duen idazle gaztea zahartzen ari da tranbian gora eta behera, oharrak hartu eta hartu, ai putzuak beteak ez baleude apoz, Tejok distira egiten du eguzkipean, as gĂ¡rgulas sorriem contra a tarde, ederra dago hiria, kantu zoragarri bat egingo diote Anne Lukinek eta Gorka Urbizuk, itsasaldera Salazarrek agindu eta 25 de Abril izena –izorrai, diktadore– hartuko duen zubia ari dira eraikitzen, hiru mila langile biltzen dira egun batzuetan, gerora langileek oporrak Caparican pasatzeko gurutzatuko dute hegoaldera, Belemeko bonbak eskaintzen dituzte hondartzan arratsaldeko seietan, obrigadinho, eta zu hegan zoaz, inoiz baino beteago, inoiz baino arinago, Azpeititik Azkoitirako bidegorrian, ezagunei agur egiten, laztan psikikoak eskaintzen, Lisboako karriketako eguzki printzak daramatzazula barnean.

Jende ikusezinez beteta gaude, nola ez, ezagutu ere egin ez ditugunengandik hasita: zu jaio aurretik hil ziren aitona-amonak, edo jaio orduko hil zen osaba, eta haien aurreko guztiak, abizenak utzi dizkizutenak

Ez zara inoiz ibili globoan, eta globoan zabiltza Nadarrekin, harrituta, gutako bakoitzak zenbat milaka urte dauzkan, eta liluratuta, gutako bakoitzak zenbat bizitza bizi ditzakeen bakarrean.

Erik Satieren etxea erakutsiko ote didan galdetu diot, baina berera eraman nau, eta konturatu naizenerako Père Lachaise hilerriaren gainean gabiltza, eta handik seinalatzen dizkit tonbak. Ez al dago hemen Gertrude Stein? galdetu diot. Bai, batera daude Alice B. Toklas eta biak, hortxe. There is no there there. Ez naiz ausartu esaten gaztetan Jim Morrisonena ikustera joan ginela, eta ez nintzela berea ikustera joan, orduan ez nekiela zein zen ere. Hildakoak berberak gara beti, baina bizidunak aldatu egiten dira, bota dit. Hildakoak ere aldatu egiten zarete bizidunen arabera, etorri zait, baina ez diot ezer esan, ordurako hatza luzatuz keinuka hasi baita, eta hor Oscar Wilde, eta hor hainbeste maite duzun Georges Perec, eta han Theodore Gericault, Méduse ontziaren almadia margotu zuena. Badu testu eder bat Julian Barnesek koadro horri buruz, euskaratu egin beharko nuke beharbada. Eta beste izen mordoxka bat ere esan dit. Gehienak ez ditut ezagutzen, eta burua beste nonbait daukat jada: zenbat hildako kabitu daiteke bizidun bakarrean?

Euskaratu egin beharko nuke, bai. Garbi daukat, arintasuna ematen dit, katebegia naiz.

Baina zerena?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA