Espainiako ezkerraren sukalde eta korridoreetan mugitzen diren eduki-sortzaile, komunikadore, branding arduradun eta spin doctor-en artetik izenak proposatzen dituena nor den jakin nahiko nuke, nor den bataiatzailea. Parodia-gidoigile gisa lana eskaintzeko, politikagintzan lana galtzen duenerako —giroa dagoen bezala, laster xamar izan litekeena—. Izan ere, ez al da txiste bat alderdi eta egitasmo horien izenena: Fronte Zabala, Sumar, Podemos-Ahal Dugu eta Ezker Batua. Serio? Ez dutelako errimatzen, bestela abenduko finalerako lau puntu bikain lirateke, bertsoa osatzeko: batua, gehitu, zabala eta ahalduna. Doinua: «Gureak egin du ('ia' gabe)».
Jendeak nahi zuen, jendeak nahi zuela bazekiten, eurek ere nahi zuten (hala diote), saiatu dira (hala diote), gogotsu saiatu ere —gaur egun edozeri ekiteko denek darabilten terminoa baliatuz—… eta akordiora ez dira hurbildu ere egin. Ez dakit, noski, zer gertatu den, baina itxura dauka egoak handiegiak zirela hain gorputz eskasak aireratu ahal izateko. Aspaldiko kantu bat entzuten ibili naiz negoziazio fasean, Sonora Candela-rena, Rafa dominikar-zarauztar jenialaren ahotsean: «QuĂtate tĂº pa’ ponerme yo, quĂtate tĂº...».
Baina bestelako saltsa doinuetara joan zaigu disko-jogailua, Kortatu eta Zaramaren letretara: kaleak sutan, aspaldiko partez. Anarkia ezetz, anarkismoa dela behar duguna errango zidakeen aitonak; baina bueno, aitona aspaldi hil zen eta anarkia pixka bat ere eskertzen da… Louis Vuittonen dendako poltsak espropiatu eta biharamunean bertan Vinted-en salgai jarri dituzte gazte basatiok, eta aizue, horrek erakusten du Pisako matematika eta irakurmen-ahalmenean porrot egingo zutela akaso, baina merkatu-lege kapitalisten oinarriak ondo asko ikasi dituztela. Eta, azken batean, mundu osoko louisvuittonek historikoki egin izan dutena egin dute, baina protokoloak hautsiz eta legeak bete gabe. Munduko louisvuittonek gaur egun direna bihurtzeko urteetan egin dutena, alegia. Oraingo barbaroek ere lege barruan egingo dituzte arpilaketak legeak eurek egin ditzatenean; barbaro izatetik greziar izatera pasatzen direnean.
Hilabete eta erdi datorkigu, Hego Euskal Herrikoei, apaingintza ariketez betea. Izan ere, etika eta estetika, zentzu filosofikoan, aspaldi gelditu ziren 'res publica'-ren jokalekutik aparte. Politika, gaur egun, kosmetika da
Inoiz legeak egin ahal izatera iristen badira, zeinak ez dirudien erraza.
Izan ere, kaleak sutan bai, baina botoak ultraeskuinerantz lerratzen dira. Ezkerra, esan bezala, polizien esaldi apokrifo bezain eder hori betetzen ari da («disuélvanse en grupos de uno»), eta sozialdemokraziak irautearekin nahikoa du, eta irauteko makillaje gorri pixka batez mozorrotzen du bere jardun oro har urdina (makillajea L’Oréal, jakina).
Makillajearena, izan ere, araua da: gorria sozialistek, eutsi ahal izateko; zentrista eskuindarrek, sozialistei botoak kentzeko, eta gorrihoria Voxek ken ez diezazkien; kaki kolorekoa Voxekoek berezkoa dutena nabarmentzeko, testosterona lurrinez; modernoa EH Bildukoek, iraganeko motxilak tote bag sotilez trukatuta; eta grisa jeltzaleek… bada oro har grisak direlako.
Hilabete eta erdi datorkigu, Hego Euskal Herrikoei, apaingintza ariketez betea. Izan ere, etika eta estetika, zentzu filosofikoan, aspaldi gelditu ziren res publica-ren jokalekutik aparte. Politika, gaur egun, kosmetika da.
Eta etorkizunari begiratzeak beldurra ematen duenez, iraganarekin segituko dugu. Ikerlariek Nafarroako giza aztarna zaharrena topatu dute, 40taka mila urtekoa. Neandertala, agi danez. Gu Sapiens omen. Nago, zientoka urte barru topatuko dituzten aztarnak imajinatuta, taxonomia antropologikoaren errepasoa egin beharko dutela: Homo ez hain sapiens.
Â