Sebastian Lowek edozein bere eserlekutik altxarazteko moduko marka egin zuen pasa den igandean: hogeita hamar segundo izan zituen soberan, maratoiaren 42 kilometro eta 195 metroak bi orduko langaren azpitik egiteko. Ez zen bakarra izan, korrikalari kenyarrak baino hamaika segundo gehiago behar izan baitzituen Yomif Kejelcha etiopiarrak helmuga marrara iristeko. Lehenengoak eraman du loria, nahiz eta biak izan ofizialki bi orduz azpiko marka ezartzen lehenak. Beste horrenbeste gertatzen zaio emakumezkoetan txapeldun izan zenari: Tigst Assefak munduko errekorra hautsi zuen, eta errekor zaharraren azpitik sartu ziren hurrengo bi atletak ere. Baina jada bistan denez, langa azpitik lehenengo igarotzen denak jaso ditu lausengu guztiak, eta ingeradaren taldean sartu dira atzetik etorritakoak, eta noski, beste balentriarik egin ezean, langa azpitik pasa bai baina merezimendua banatzerako orduan galera jasan zutenak izango dira beti.
Langa izugarri maite dugun zerbait da, guztiok gure barnean daramaguna, onartu ala ez. Etika desegiten den uneetako bat izaten da, gu geu baikara makilatxoa edo makilatzarra gora eta behera mugitzen dugunak. Ondokoak ezartzen duen langaren altuerari erreparatzen diogu beti, errazagoa baita besteen mugimenduak aztertzea. Begira bestela, Madrildik datozen doinuei:
Komunikabideen lehen orrialdeetara itzuli da Kitchen auziaren inguruko epaiketa, eta aspaldi entzun gabe genituen izenak etorri dira berriz lehen planora. Espainiako Alderdi Popularreko hainbat bisaia ezagun ikusi ditugu jada epailearen aurreko aulkian jesartzen eta euren memoria eskasiak mugarik ez duela erakusten. Azaldu da baita ere Willy Barcenas, zirimola erraldoiaren erdigunean dagoen Luis Barcenasen semea. Ezaguna da Willy Barcenas eskuin espainiarraren kultura munduan, Taburete (aulkia) izena duen musika talde bat baitu. Ez zuen kantarik abestu pasa den astelehenean epaiketan eseri zenean, baina agian bere musika taldearen hurrengo lanetarako materiala eta inspirazioa erdietsi ditzake esan zituenak kontuan hartzen baditugu. Barcenas txikiak ere memoria eskasia duela frogatu zuen beste behin, eta lanbrotuta du bere aita espetxeratu zuteneko garai hura. Garai txarrak izan omen ziren (ez diot halakorik ukatuko) eta aitak kartzelan pasatako denboran gobernutik bertatik agindutako itsuskeriak jasan omen zituen.
Jakin nahiko nuke zer gertatuko ote zen Barcenasen lekuan euskal presoren bat jarriko bagenu eta epailearen aurreko deklarazioa bere semeren edo alabaren batek egin izan balu
Ez dut aulki izena duen musika taldearen diskografiaren berririk eta ez dut saiakerarik egin nahi, nagiak irabazi baitu beste behin eta nagoelako taldeak ez diela gai sozialei helduko; eta are gutxiago Luis Barcenasek pasa zuen espetxealdiari buruz hitz egingo. Agian, furgonetetan pasa behar izaten ziren orduak pasa ez zituztelako abestien hitzak idazterako orduan. Kontua da Willy Barcenasek zilegitasun osoa duela espainiar estatuko herri nahiz hirietako oholtzetara igotzeko eta zinemagintzan ere aktore lanak egiteko. Ez da bere kontrako kanpainarik egon edo ez du inork bere kontzerturik eten. Oso ongi bereizten dira norberaren besaulkitik ustez aitak egindakoak, eta bigarren plano batean uzten dira semeak bizitutakoak. Baina has gaitezen baita ere langa lekutik mugitzen: jakin nahiko nuke zer gertatuko ote zen Barcenasen lekuan euskal presoren bat jarriko bagenu eta epailearen aurreko deklarazioa bere semeren edo alabaren batek egin izan balu. Handitu dezagun harrabotsa musika talderen bateko abeslaria dela pentsatuko bagenu edo zinemagintzan bere lehen lanak egin izan balitu. Festa izango lukete Madrilgo komunikabideetan eta baita gertuago ditugunetan ere, eta ondorioak ez lirateke oso gozoak izango.
Zeinen bizkor jaitsi eta altxatzen dugun langa; aspaldi bota genuen bi orduz azpiko denbora.