mikel elorza

Lateralitate soziala

2026ko urriaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tennesseen country musika ona daukate, Nashville daukate, Memphis eta Elvisen Graceland ere badauzkate, eta Jack Daniel’s whiskia. Badaukate gauza onik Tennesseen. Baina praktikante txarrak. Christa Pikeri bi injekzio jarri zizkioten espetxean heriotza-zigorra betetzeko, bi dosi pentobarbital sartu zizkioten… eta ospitalean da oraindik, larri eta seguruenik ondorio latzez, baina bizirik. Badira urte batzuk Romell Bloom heriotza-zigorretik libre geratu zela: ohatilan lotuta injekzio hilgarria sartzeko zaina topatzen ahalegindu ziren 18 aldiz, 18 aldiz ziztatu zuten xiringekin, eta ez zuten lortu. Ez zuten exekutatu. Heriozain gutxiago eta erizain gehiago ez ote dituzten behar AEB horietan…

Mendebaldearen bazkalosteak betetzen dituzten filmak egiteko material erreala daukatela ezin uka, dena den.

Duela 30 urte, 19 zeuzkala, neska gazte bat bortizki hil zuen Christa Pikek. 30 urte daramatza espetxean. Ez da nahikoa? Heriotza-zigorra bai edo bai? Bizitza osoko kartzelaldia, ospitaletik irtetea lortuko balu?

Hark hildako neskaren senideak han ziren, exekuzioa ikusten, eta erantzuna garbi dute: ez, ez da nahikoa. Haiek alaba galdu zuten eta, haien iritziz, Christak ez du bizitzea merezi. Ez dira bakarrak pentsamendu hori dutenak. Eta praktika ere badago: berrogeitaka heriotza-zigor burutu dira aurten AEBetan, 2.000tik gora mundu osoan (Txina aparte, ez baitu daturik ematen), horietarik gehienak Iranen.

Zaharra da eztabaida, eztabaida klasikoa: heriotza zigorraren alde, edo kontra; espetxe-zigor luzeen alde, edo kontra; zigorraren bergizarteratze funtzioa, funtzio punitibista hutsa…

Transbertsalitaterik ez daukagu, ezta lateralitate trastornorik ere: ezkerra eta eskuina bereizten aspaldi ikasia dugu, otsoak eskutik heldu gabe

Munduari begiratu azkar bat emanda —Brasilen ere a ze emaitza, arraioa!— heriotza-zigorraren kontrakoek, eta oro har punitibismoaren aurkakoek galduko genukeela esango nuke. Zigorra boladako dago. Baina horrek egun ez nau lar kezkatzen; kezkatzen nau egun ez genukeela eztabaidatu ere egingo. XX. mendeko edo zaharragoko eredua dirudi, eztabaida ideologikoena. Egun ez baitago ideologiarik (hala nahi dute).

Etxebizitzaren arazoak, pil-pilean Espainiako estatuko medioetan eta politikagintzan egunotan (nahiz eta arazoa aspaldikoa den), berdin hartzen dituela eskuindarrak eta ezkertiarrak entzun da ozen. Denak ukitzen ditu, eta futbol talde bat balitz bezala aurkezten zaigu: alderdi guztietako zaleak beharrean, alderdi guztietako biktimak dauzkala. Baina alderdi guztietakoak direla azpimarratzen da, denak berdinak balira bezala.

Transbertsala, esaten diote.

Zakurraren biolinak, horiek bai transbertsalak!

Egunotan ideologia izatea herren bat edukitzea bezala saldu nahi da, makur bat. Ideologizatua dagoena baztertu egin behar da, legenarduna balitz bezala, plazatik. «Hori oso ideologizatua dago», esaten da, birus gaizto batek kutsatua balego legez, eta atzera bota. Garbi eta aratz behar dira jendea, proiektuak, produktuak… ideologiarik gabe.

Ziria, mundu mailakoa ez ezik, mundiala da. 

Egia da ideologizatutako askoren bizimodua ez datorrela bat euren ideologiarekin; aretoko ideologizatu asko gaudela, sofako iraultzaile, funtsean besteen bizimodu iguala daramagunak.

Ados.

Baina ez gaituzte engainatuko transbertsalitatearekin. Badakigu bereizten. Badakigu denak ez garela berdinak, elastiko berbera jantziagatik ere. Ez dugu denok berdin pentsatzen; are, batzuek pentsatu egin ere egiten dute. Etxebizitzaren arazoa konpontzea nahi dugu, ez bere etxebizitzaren arazoa konpontzea (askok nahi duena horixe baita).

Transbertsalitaterik ez daukagu, ezta lateralitate trastornorik ere: ezkerra eta eskuina bereizten aspaldi ikasia dugu, otsoak eskutik heldu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA