Xabier Gantzarain Etxaniz.

Luxu komunalak

2026ko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi aste daramatzat, bere egun eta gau guztiekin, luxu komunalak zein diren zehaztu nahian, neure artean, erabaki ezinda. Lehen galdetzen zenion Googlen bilatzaileari zer zen luxu komunala, eta nork, non, noiz eta nola erabili zuen erakusten zizun, eta gero han ibili behar zenuen aztarrika, zeure ikuspegiarekin bat egingo zuten azalpenen eta adibideen bila. Orain, galdetzen diozu Googleri zer den luxu komunala, eta erantzuna berehala ematen dizu: 

«Luxu komunala (ingelesez communal luxury eta frantsesez luxe communal) 1871ko Parisko Komunan sortutako kontzeptu politiko eta estetikoa da, edertasuna, artea eta ongizatea gutxiengo baten pribilegio pribatu izatetik herritar guztien eskura dauden ondasun publiko bihurtzea aldarrikatzen duena».

Ertzak bilatu nahi dituzu, ordea. Bektoreak bota erpin guztietara, etorkizunera, iraganera, une iheskor honen sakontasun infinitura. Eta mutur horietan zer dagoen ikusi.

Lehen ere entzuna nuen, baina gaur berriro entzutean harritu egin nau, hain begi-bistakoa izanik, zein erraz ahazten dugun: izarrei so egiten diegunean, unibertsoari begira jartzen garenean, iragana ikusten dugu beti. Eguzkiaren argia bera ere eguzkiak igorri eta handik zortzi minutura iristen zaigu guri.

Niri begiratzea ere iragana ikustea da jada. Mizpirak jan ditut aste honetan. Nazka aurpegiarekin begiratzen zidaten umeek, tokatzen zaien moduan. Neure ama naiz jada: mizpirak, pikuak, mahaspasak, gaztainak jaten ditut gustura, txokolatea. Hunkitu egiten naiz musika ederrarekin, eta luxu komunala iruditzen zait idatzi bitartean Max Richterren Sleep entzun ahal izatea bera. Eta gero eta gehiago akordatzen naiz amarekin. Oraindik ez dut irakurri Barthesen Dolu-egunerokoa.  

Gure bizitzak esanguratsuak izatea da luxu komunala. Gutako bakoitzaren eta gu guztion bizitzak izatea inportanteak, eta ez munduko zomorroi guztien bazka.

Ez dakit zer galdetu nion, ordurako ez zen gaztea nire begietara, zer ez zuen izan guk izan genuenik beharbada. Tristezia sakon batez erantzun zidala iruditzen zait orain, orduan hala ikusi ez arren: zuek pintatzen ikasteko aukera izan duzue, pianoa jotzen ikastekoa… Ikasi, ikasi, zuk ikasi, esaten omen zion aitak. Andereñoa izan nahi zuen. Hamabi urte zeuzkala hil zitzaion aita. Lanera hasi behar izan zuen hamalaurekin, txapel fabrikan.

Tarte batez idatzi ez dudalako pantaila beltzera joaten denean, iragana ikus dezaket ilunpeko ispiluan: ume bat negarrez.

Badira gauza zeharo eta sakonki demokratikoak bizitza honetan: mina, negarra, maitasuna, sexua, adiskidetasuna, guraso izatea… inork ez dizu eskatzen karnetik. Eskerrak. Baina ez dakit horiek luxu komunalak diren. Bizitzea luxu komunala da? Akaso bai.

«Artisten Federazioaren manifestua. Eugène Pottier poetak (Internazionala-ren egileak) eta Gustave Courbet margolariak gidatutako Artisten Federazioak idatzitako manifestuaren azken esaldian agertu zen lehen aldiz 'luxu komunala' esamoldea».

«Artearen demokratizazioa. Helburua ez zen aberatsen jauregietako luxua debekatzea edo dena pobretzea, baizik eta 'edertasun publikoa' sortzea, edertasuna eguneroko bizitzan eta espazio publikoan txertatuz».

Jatorriagatik edo, artearen demokratizazioarekin lotu izan da, eta hala dakar oraindik ere AAk, horretara murriztu eta bestelako esparruetara zabal ez dadin nahiko balu bezala. Baina baldin eta artea «edertasun esanguratsua» bada, orduan gure bizitzak esanguratsuak izatea da luxu komunala. Gutako bakoitzaren eta gu guztion bizitzak izatea inportanteak, eta ez munduko zomorroi guztien bazka. 

Bestela esanda, denok izatea pianoa jotzen ikasteko aukera. Edo pintatzen ikastekoa. Baina horren aurretik eta horrekin batera, denok izatea eskura ondo artatuko gaituen osasungintza, denok izatea andereñoa izan nahi zuen andereño bat hazten laguntzeko, denok izatea etxea izena merezi duen leku bat, Ander Perezek egunkari honetan bertan idatzi zuen bezala: «Bizitzan gauza gutxi dira etxe zeri deitzen diogun bezain inportanteak».

Luxu komunala hala hartzen dut nik, denontzako etxe. Denok bizitzeko moduko etxe bat.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA