Akaso uste izango duzue ezetz, baina albisterik izan da azken egunotan. Beste albisterik, esan nahi dut. Dezibelio askoz gutxiagokoak, hori bai. Albistegietako betelaneko esan genezakeen minutu horietan emandako berri batek erakarri zuen ene arreta (ni ere ez nengoen transzendental jarduteko «Gipuzkoa osoa» lo-lo-lo-lo ari zen bitartean): Txinan jokatutako maratoi erdi batean robot batek mundu marka hautsi du. Pertsonen mundu marka, alegia. Robota, korrika, bi zangoren gainean, inor baino azkarrago.
Atentzioa eman didana da bete-betean sartuak garela superlatiboak fabrikatzeko lasterketan: robotik azkarrena, indartsuena, argitsuena… ez dakit zer -ena egitea da helburua. Horretan inbertitu behar da. Ez da nahikoa robot azkarrak egitea, azkarrena egin behar da. Eta ezaugarri oso zehatz batzuk dira lantzen direnak, jakina.
Egunotan eremu mediatikoa eta existentziala ia osorik okupatu duen Albistea zein den kontuan hartuta, inbertsioak ekonomikoki agian badu zentzua, horrek motibatzen baikaitu, horrek mugiarazten gaitu, garaipenak, -enak (komentario bakarra eginen dut Albisteari buruz: politikari eta hautetsien eta ez hain hautetsien agertzaletasuna pasada bat da!).
Baina industriak (Kapitalak!) aurka gaudenon espazio eta are sinboloez jabetzeko duen erraztasun eta joera ezagututa, robot indartsu eta azkar eta oso argi eta arazoak ebazten trebeak egiteaz gain, sentiberak eta hunkiberak ere egingo ote dituen pasatu zait burutik, zaintzara amultsuki entregatuko diren robotak, adibidez. Eta robot traketsak, akastunak, zaurgarriak. Eta oldartu naiz: «Ez, ez dezatela hortik jo, arren!» ChatGPTk eta bere lehengusuek adeitsuki tratatzen zaituzte, adeitsuegiki ere, baina makinak dira, ez gaitzatela engaina. Euren jokoan erori eta gu ere haiekin samurtasunez ari garela ohartzean, kieto, esnatu!, gogora gaitezen Administraziora edo aseguru-konpainia batera deitzen dugun bakoitzean telefonoz artatzen gaituen makinaz: horma iraganezin bat, kupidarik gabeko erantzunmailu automatiko bat. Bestea ere, ustez zure lagunik onena den robota ere, hala izango da: makina bat, txip oso aurreratuak dauzkan destornilladore bat, nolabait esateko.
Orain antolatua duguna (orain 10.000 urte, alegia) hegemonia ar zuri bortxazko jakin batzuen gainean eraikia dago. Suntsitu behar dugu, baina izan dadila beste jendarte klase batekin ordezkatzeko, ez jende batuketa batekin
Makinen kontra ari ote naizen? Ez, oso gogoko ditut makinak! Makinak egiten dituztenen kontra ari naiz.
Beste pertsonekin kontakturik ez dagoen jendea badago, gero eta gehiago agian, transakzio guztiak makina bitartez egin eta aste osoan inorekin hitz egiten ez duen jendea. Ados, bejondeiela (non eta ez duten haien bizitzaren une batean kalaxnikov bat hartu eta tiroka konpontzen). Baina tristea, ez? Aste osoa hitzik egin gabe pasatzea, norberak aukeratuta (tristeago norberak hautatu gabe denean, noski, medikuntza tratatuetan ez dagoen gaitz larri horrek erasaten zaituenean: desiratu gabeko bakardadea, isolamendua).
Eta ongi da, halaber, makinek lana ken diezagutela (lana bai, lanpostuak ez; lanpostuetan ordezkatzen bagaituzte, gure lan-baldintzak galdu gabe izan dadila).
Aurrekoa ongi, baina harreman sozialak mantendu ez ezik, sustatu egin behar dira, elkar topatzeko bainoago elkarrekin egoteko espazioak landu (gimnasio eta klub-en arteko diferentziaz ederki asko Jon Torner Argia-n). Pertsonengan inbertitu, funtsean, dirutan neurtu ezin daitezkeen etekinak lortzeko. Nahiz eta maratoi erdia mantsoxeago egin.
Eta lan eta zeregin hori ezin diegu makinei utzi, ez bakarrik haiekin batzuek maskotekin bezala hizketan amaituko dugulako, ezpada jendarte hitza zentzugabetuta jende meta izango garelako. Jendearen arteko kimika jorratu behar dugu, ez elektronika. Eta pertsonengan inbertitu jendartea oso zapaltzailea dela onartuta, hortik abiatuta. Orain antolatua duguna (orain 10.000 urte, alegia) hegemonia ar zuri bortxazko jakin batzuen gainean eraikia dago. Suntsitu behar dugu, baina izan dadila beste jendarte klase batekin ordezkatzeko, ez jende batuketa batekin.
Makina bat asko da euskaraz, baina era berean makina bat baino ez da.