Larunbat iluntzean, inori agur esan gabe kotxea hartu eta musikarik, irratirik, podcastik, deirik gabe etxerako bidea isil-isilik egin nahi duela esan dit norbaitek: nekatuta dagoela. Mosto bana hartu eta hizketaldia eguzkitan luzatu beharrean, haren etxeko sofan jarri eta pelikula bat ikusteko proposamena egin dit beste norbaitek: nekatuta dagoela. Ordu aldaketa lotarako ondo etorriko zaigula entzun diot besteren bati: nekatuta dagoela. Geldituta geunden arren, kotxean hogeita bost minutu direla eta ez naizela afaltzera joango esan diot gertuko norbaiti: nekatuta nagoela.
Nekatuta dago jendea. Deskantsatu arren beharra etortzen denean; neurtu arren asteburuko ibilerak; kalkulatu eta errespetatu arren gaueroko lo-ordu minimoak; edan arren litro bat ur goizero; zaindu arren elikadura eta deskantsuaren kalitatea. Nekea sumatzen dut inguruan. Eta nago ez dela bakarrik astelehenetik igandera erritmo biziegian darabiltzagula burua eta gorputza, ez dela bakarrik lanak gainezka egin digula, ez dela bakarrik produktibitatearen atzaparrak ditugula lepoan; nago kontuan hartzen ez ditugun hainbat faktorek gauzkatela nekean.
Eguna hasten dugu komunean eserita, ileak nahastuta, begiak puztuta eta mugikorra eskuan, begietatik sartzen zaigun bitartean udaltzain batek nola hil duen Babacar tiroz, nola eduki duten Santurtzin hil arte lurrean atxikita Ander. Etxetik lanera bidean, Gasteizko Santsomendi auzoko etxegabetzea gelditzera joan diren hainbat eta hainbat kideren kontra oldartutako ertzain mordo baten irudi biolentoek hartu dizkigute begiak; nola kargatu dituzten haien foam-jaurtigailuak, nola egin duten tiro inolako erreparorik gabe hona eta horra eta hara. Vito Quiles asaldatzaile faxistaren agerraldietako irudiak heltzen zaizkigu bazkaritan, askaritan, afaritan: nola ateratzen den autotik eskuin besoa jasota, nola harrotzen den desafiatzaile tonitoan, nola haren kontra agertutakoak eramaten dituen poliziak. Eta eguna bukatzen dugu komunean eserita, ileak askatuta, begiak nekatuta eta mugikorra eskuan: mugitzen dugun bitartean atzamarra gora eta behera, errepasatuz egun osoan zehar irentsitako edukia, behin, eta berrogeita hamar aldiz.
Harrapatuta gauzkan nekea baliatu nahi dugu amorratzeko, haserretzeko eta eragiteko; besteren batzuk izan daitezen neka-neka eginda errenditzen direnak. Siesta kolektiboren bat egin beharko dugu tarteka; baina, gaur-gaurkoz, nekatzen segitzea dagokigu
Biolentzia irudietan, tentsioa lekukoen ahotsetan, kezka egunkarietan, amorrua kaleko paretetan; eta inpotentzia estomagoan, urratua eztarrian, mina bizkarrean. Begietatik sartzen dena gorputzera hedatzen da; eta horrek guztiak nekatu egiten du bat. Ze ez da bakarrik begira egotea eta ondoeza zeratzea gorputzean; horren guztiaren aurrean kokatu behar dugu geure burua, horren guztiaren aurrean egoteko eta ekiteko prestatu behar ditugu geure burua eta gorputza. Horregatik, egunen hasieraren eta bukaeraren tartean, kabitu behar dira kontzentrazioak, manifestazioak, komunikatuak, asanbladak, elkarrizketak, eztabaidak.
Nola harrituko gaitu, ba, jendea nekatuta egoteak. Gorputzean eragiten du begien barrura etortzen ari den horrek guztiak, eta begiak ixtea ez da aukera bat. Begietako azkura esna gauden seinale omen da. Hain zuzen ere, esna gaudelako eta esna jarraitu nahi dugulako utzi nahi diogu nekatuta egoteari. Harrapatuta gauzkan nekea baliatu nahi dugu amorratzeko, haserretzeko eta eragiteko; besteren batzuk izan daitezen neka-neka eginda errenditzen direnak. Begiak igurzteko arrazoi bat da nekea, esna mantentzeko arrazoi bat. Siesta kolektiboren bat egin beharko dugu tarteka; baina, gaur-gaurkoz, nekatzen segitzea dagokigu.