Garazi Kamio Anduaga.

Nor-nori-nork

2026ko apirilaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nornorinork-a egunero ikasten dugun zerbait da. Ahaztu eskolako garai hura, atzendu euskaltegian ustez logikoa zen hizkuntza hura ikasteko pasa zenuen denbora. Ez naiz gure hizkuntzaren tripetan sartuko, etorriko baitira noizbait Aste Santu edo Udaberriko Oporraldiaren ondoren ere hitzak idatzi, hausnartu eta desegiteko abagune garbiak.

Nornorinork-a beste zerbait ere bada: hiru hitzak banaka hartu eta gure galbahetik iragazteko modu anker bezain ikasia da. Izan liteke heteropatriarkatuaren bidean jarri gintuztelako guk halakorik nahi eta eskatu gabe eta, azken batean, inertzia horren uberan goazela norbaitek sorbaldan kolpetxoa jo, buelta erdia eman eta bat-batean gure buruan zintzilik zegoen txanpon hori erortzen den arte. Adibide garbiak paratu nahiko nizkizuke, gure inguruak nork hitza azpimarratzen duen bitartean. Demagun bi argazki ikusten dituzula; lehenengoan gizonezko bat ageri da, ostadar banderaren koloreak maxela banatan dituela. Gay parade batean dago dantzan, soinean kamisetarik gabe. Hasten dira kexak eta betiko leloaren betiko leloa: zer nezesidade dagoen halakorik egiteko. Eta ez esan ezetz, halako hamaika esaldi entzuten baitira telebistaz irudiak ikustean. Alta, irudi honek ere badu bere ifrentzua: bere futbol talde maitatuaren koloreak masail banatan dituen gizonezkoa ageri da, bere bihotzeko futbol talde horren kamiseta kendu berri duena, garaipenaren bozkarioak hala eskatuta. A zer-nolako poza, a zer-nolako euforia… Hortik aurrera, ez dago bigarren irakurketarako lekurik.

Alegia, hitz gutxitan esanda: lehenengo argazkiak bigarren irakurraldien unibertsitate masterra egiteko adina informazio ematen dituela eta bigarrenak, aldiz, ez. Eta hitz gutxitan adierazita, bidenabar, azken batean bi gizonezko direla, aurpegia margotuta dutela biek ere, eta, ospakizunetan dabiltzanez, kamiseta kenduta dutela. Noski, hori da eguneroko Nornorinork-aren jolasa: esentzian gauza bera egiten duten bi ekintza edo une erabat desberdintzea, beti baten kaltetan.

Galdetu zuen buruari ea zenbat emakumezko irakaslek galdetzen duten geletan ea zenbat neurtzen dien zakilak euren ikasleei, betiere naturaltasunaren izenean

Jolas hau bideojokoa balitz, mailaz aldatzeko aukera ere izango genuke, azken egun hauetan bizi izan duguna kontuan hartuko bagenu: sexu erasoak gertatzen diren edozein kasutan galbahe beretik pasa beharko genituzke akusatu guztiak. Berdin du bere burua rock izarraren pare jarri zuen irakaslea edo sotana daraman apaiz edo fraidea. Garbizalekerian erortzen baita bat baino gehiago: naturaltasunez hurbiltzea da euren helburua, sexuaz aritzea baita nerabe batengana hurbiltzeko modurik naturalena. Berdin dio bularretakoaren tamaina zein duen galdetzea edo alua depilatzeko erabiltzen duen metodoari buruz itaunketan aritzea. Dena da naturala, dena da arrunta eta dena da lerde zikin eta likatsuenaren pareko. Zer behar ote dago nerabe batengana hala hurbiltzeko? Eta zer behar, nerabe batekin halako harreman estua izateko? Nerabeak ez dira gure lagunak, adiskide. Bide batez, egin dezagun beste behin ariketa: kendu naturaltasuna eta jarri sotana; kendu ustezko irakasle guayaren itxura eta jantzi artilezko jertsea eta goraino lotutako botoidun alkandora. Nork aldatzen da baina nor eta nori ez dira euren lekutik mugitzen. Apustu egingo nuke nik ere, elizaren izenean aritu zirenenek ere jainkoaren eta naturaltasunaren izenean hurbiltzen zirela ikasleengana. Eta bide batez, argazkiaren ifrentzua beste behin ezagutzera emateko, galdetu zuen buruari ea zenbat emakumezko irakaslek galdetzen duten geletan ea zenbat neurtzen dien zakilak euren ikasleei, betiere naturaltasunaren izenean.

Bide batez, rock izarrak maite ditugu, baina ez gara hain inozoak haiekin eurek gurekin nahi dutena egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA