Pauline Guelle

Ondorioak

2026ko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herriko bozen lehen itzuliaren biharamunean, berdin-berdin iratzartzen gara. Eguzkia ber tokitik jalgitzen eta ber lekura etzaten. Laneko ordutegiak, haur eta adinekoen zaintzak segitzen dute gure egunerokoa baldintzatzen. Maiz, boterean zirenek segituko dute gure herri ttipietan ere. Tokika esperantza izpi batzuk piztuko dira. Usu, denborarekin argiak itzaltzera joanen dira, konformismoaren eta inertziaren poderioz. Kolektiboan aritzeak baizik ez du bermatzen ahalko suaren iraupena. Heldu diren zazpi urteak luzeak izanen dira eta Ipar Euskal Herriak beharko ditu jasan frantses estatuko lehendakaritzako bozak. Karrikan eta gure herrietan garai ilunari buru egiteko prest izan gaitezen.

Herriko bozen biharamunean batzuetan garaipenak gustu gazi-gozo bat ukanen du. Beste batzuetan, berriz, galtzeak irabazte usaina ukanen du. Horretan ikusiko dugu zein zen talde bakoitzaren helburua. Gailentze gazi-gozoa sentitzen duenak bestea zapaltzea zuen helburu, baina ez du lortu. Ondorioz, sei urtez beharko du lan egin oposizio batekin, jaun eta jabe zelarik. Galtze zoriontsuak, aldiz, lan kolektibo orokor baten ispilu izaten ahal dira. Herriko etxean kabitzen ez den dinamika; eta karrikan eta plazan segituko duena. Ilusioak eta desilusioak non kokatzen diren ez da beti erraz ulertzea eta neurtzea.

Herri ttipietan, lur eremuen kudeaketa izan da oposizioen erronka bat, baita ere lista batzuen aurkezteko arrazoietarik bat ere. Baserrialdean ere interes komun gutti bakoitzaren jabetza aipatzen denean

Herriko bozen biharamunean batzuen egoak puztu egingo dira. Azkenean, herriko jaunttoak bilakatuko direnentzat. Hari lur bat eta beste honi puska hori. Horrela ikusten dute haien rola: lurra funtsa bezala, traktazio palanka bezala, interes pertsonalen kateatzailea. Oraindik azkarki sendi den eskua dugu hori, nahiz eta eraikitze permisen kudeaketa eta herrien lur funtsen kudeaketa ez den gehiago herriko etxeen eskuetan. Herri ttipietan, lur eremuen kudeaketa izan da oposizioen erronka bat, baita ere lista batzuen aurkezteko arrazoietarik bat ere. Baserrialdean ere interes komun gutti bakoitzaren jabetza aipatzen denean.

Herriko bozen biharamunean, zure auzo fatxa hautatua izan da herriko kontseiluan herriaren ordezkari bihurtzeko. Ez duzu frogarik publiko egiteko baina ele arrazistak eta postura fatxak dituela badakizu —lagunek erranik—. Gainera ohartu zara bere izena marratua izan dela zenbait aldiz bozka paperetan: hau ez da kasualitatea. Axuant postu bat badu, bozkatzen ahalko luke senatorialetan eskuin muturraren alde… Baina lehenik eta behin normalizatzen du eskuin muturraren presentzia herrian eta sustut ordezkaritza postuetan. Bai, gure herri ttipietan ere, alegia deus ere, eskuin muturraren ideiak biderkatzen eta normalizatzen dira. Kontzesiorik ez.

Herriko bozen biharamunean auzapez batek bere buruaz beste egin du. Emaitzek galdu zuela iragarri ondotik izan zen Zuberoako herri ttipi batean. Igande gauaz herriko etxetik joan zelarik.

Herriko bozen biharamunean, aldatuko dira harremanak? Auzo ezezagunari agurra baino gehiago botako diogu? Elkarrekin edo elkarbizitzan biziko ote gara? Kalte humanoak baztertuko ditugu? Taldean segituko dugu ala bakoitza bere habiara itzuliko da? Interes orokorrean sinesten dutenentzat, bozekin edo bozik gabe, mundu hobe baten alde lanean ariko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA