mikel elorza

Oporraldia itsasoan

2026ko maiatzaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zorroztu egin beharko genituzke Europako kostaldeak, israeldarren tankeran jokatu, errukirik batere gabe gu kristau txatxuok, eta babestu eskatu gabeko bisitetatik, nahi ez ditugun inbasioetatik. Izan ere, inbasioa da gure hondartza eta portuetara heltzen dena, onar dezagun behingoz.

Gurutzaontzien inbasioa.

Kareleraino hantadiruz josita, norodiruz okituta, nik dakita zer diru-klasez enpo eginda, hor datoz luxuzko turistak gure herri lasai eta baketsuak aztoratzera. Ondo dago gu harrera-herria izatea, baina gehiegizkoa ez al da makila daraman gidariaren atzetik doan bisitari-artaldeak paperik gabeko euren birusak gure auzo eta kaleetan sakabanatzea? Basta ya!!

Portutik hamabi miliatara ainguratu beharko genituzke denak, urtebeteko berrogeialdian. Putzura jauzi egin eta igerian saiatu nahi duenak, saia dadila, animo, euren bizitzetan zerbitzari izan dituztenetako askok akaso azaldu ahalko die nolakoa den medailarik gabeko itsas zeharkaldien esperientzia. Eta gu eskuzabal: kosta jotzea lortzen badu igerilari ilegal horietako batek, libre izango da. Errolda-agiria emango diogu.

Gainerakoak, ordea, ontzian kieto, luxuzko turisten irauntzan, elikagaiak amaitzean ea zer gertatzen den. Ez baikenituzke probisioz hornituko berrogeialdi bitartean. Gehienera ere motxila bat arroz bi astean behin, mila laguneko tropelarentzat. Gaza-razioa, esaten zaiona. Marka israeldar batek edukiko ditu honezkero neurri horretako tuperrak eginda, drone bidez banatuko genizkieke.

Eta jakina: guztia kamerek grabatua, reality moduan, hogeita lau orduko streaming-a. Oporraldia itsasoan (b), (benetakoa), deituko genioke (gehienei sintonia ere etorri zaizue belarrira, aitor ezazue!!).

Bitxia baita gurutzaontzi hauena. Bi eratako portuak/tokiak bisitatzen dituztela esango nuke: batetik, toki ederrak, paraje ikusgarriak. Hau da, gurutzaontziak masiboki iristen hasi arte ederrak ziren parajeak. Eta bestetik, garai bateko zibilizazioen aztarnak eta aurriak dauden lekuak bisitatzen dituzte. Gure arbasoek masiboki aurrena eraiki eta gero aurritutako parajeak. Eta, aparte, Bilbo.

Marabilla handiak sortu eta eraikitzeko daukagun ahalmena, handia baitaukagu, daukagu hondamendirako ere; eta inpresioa daukat puskatzeko ahaldunduago gaudela

Izter-hezur hautsi eta sendatu bat jotzen da zibilizazioaren lehen fosiltzat: norbait zaindu izan zutenaren seinale (zaintzailerik gabe izter-hezur hautsia heriotza baitzen). Konforme. Duda bakarra da izterra istripuz hautsi ote zuen australopithecus hark, edo, ez dakit, bere bikotekideak astindua emanda. Hori ere zibilizazioaren lehen fosiltzat jotzea ez bailitzateke hipotesi hain eroa. Herenegun Arguedasen lurrazaleratu zen, inork induskatu behar izan gabe.

Zaila zait imajinatzea turista aberaskiloak ontzian goseak hamikatuta elkar hil eta jaten, bakarra gelditu arte. Oso zaila. Zailena izanik ez egoera bera, haiek egoera horretara errendiaraztea baizik. Ikuskizuna oso posiblea egiten zait, guztion entretenigarri gainera, baina pobreak edukita barku barruan. Pobreak, euren borondatez hara joanda, inork behartu gabe.

Deabruaren irakaspen gorena ikasia baitu aberatsak, esplotatzaileak: bere garaipenik handiena da esplotazioa ez dela existitzen gu konbentzitu izana. Aukera-askatasuna dela, esaten digu, eta guk, arrain lerdook, amuari kosk. Eta esplotatzailea gurutzaontzia hartuta nabigatzera joaten da, gu kostaldean sonbrillapean utziz, pozik, haiek isuritako simaurrek perfumatutako uretan bainua hartu ahal izango dugulako.

Justizia ongi dago, baina tarteka mendeku pixkat bat…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA